L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Igela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Igela-5 (1963-urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Asarrearen kronika

(gizon txipiez eta handiez)

 

 

Andima Ibinagabeitia

 

        Hona zer igorri deraukun tropikuetan bizi den adiskide zahar eta euskalzale handiak, Ibinagabeitia-tar Andima-k.

 

Egia esan, zenbaitentzat tupustarri (eskandala) izan baldin bada zuen aldizkari pullita, enetzat beintzat, eredugarri izan da. Ederki erakutsi diezue gure arteko fariseu belunei, gure izkuntza eztala folklorerako bakarrik baita adimenaren nolanahiko fruituak erakusteko ere. Zuen adimen zorrotzarenak, iakingarriak dira. Luzaro eztela emengo irri-aldizkari andana bat biali nizun OILAR LUMATU, MINGAIN LUZE e. t. Hor ditukezu bear bada. Bertze erriek eta izkuntzek egiten dutenik, guk ez ote dezakegu egin? Ez, asto zenbaiten ustez, eta asto oriek eraman digute gure izkuntza dagoen egoera negargarrira. Ondo dakit bai ez zabiltzatela diruketa euskerarentzat ohoreketa baizik. Bainan helas! zuek kondenatzen zaituten abertzale otsezko erdel-iarioek, ez dute inoiz euskerarentzat laidoa besterik nahi izan. Urra ditzatela nahi baldin badute beren soinekoak eta erriak aisago ikusi ahal izango ditu aien lotsagarri (pudenda) ustelak. Eta benetan poztu naiz jakitean oraindik beste ale bi gertatuko dituzutela Bibliothèque Nationale'n lo dauden zenbait paper aizatuz. Eguratsa, eguratsa behar du euskerak eta ez oraiarteko abertzale erdarari salduek eman dioten lobel-atsa (lobelar-asa).

        Bilbo'ko euskaldunak aipatzen dituzu. Emengoak milla bider okerragoak dira. Oiek bai, oiek diru-amesa besterik eztaukate. Bost ajola euskera eta Euskalerria. Ez didazu sinistuko, bainan ni urbildu ere ez naiz egiten emengo Centro Vasco ortara. Nazka ematen dit eta goragalea, erdera beste izkuntzarik entzuten ezten etxe ark. Ai, zenbat bider deitoratzen ditudan gure Parise'ko batzartxo euskaldun aiek.

        Duela une zonbait Sorbonne-n euskalzale otsezko bat Euskal-Erriaz frantsesez mintzatu zitzaikun —pour briller—. Hartarik landa gure herriak daukan jakintsun handienetarik bat euskaraz mintzatu zitzaikun. Aurrean, aitzinean ba neukan lapurtar jaun bat, euskalzale famatu bat frantsez komentatzen; gizona luzetsirik goratikago mintzatu zen jakintsunari buruz erraiteko frantsesez: oi xein k...-egingarri den a... zahar hori. Ondoan neukan euskalzale ta adiskide otxandiano-koari "jaun" horren dritxoa eskuaraz eman neraukon. IGELA-k ez badu beti deus handirentzat errespeturik eduki ithurria hor dago: euskaldun zintzoen artean deus handirik ez baita, bainan ezdeus txiki, "piper-min" eta farisiano hainitz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.