|  
              
                  
  Karraxika 
    
  Xabier Etxaniz 
    
  Itzaleen marraskiei so geratu naiz; gela 
  erdi ilunetan dago, ez dut oso ongi ikusten. Ama eta Itziartxoren zotinka datorkit 
  belarrietaraino; han daude, aulki haietan, oso triste, nigarrez eta... eta jantzi 
  ilunak daramatzate. Ama zuri samar aurkitzen dut, begiak distiratsuak, masailak 
  bustiak. 
          Inork ez dit 
  jaramonik egin, zer arraio, denok serio serio, isilik... isiltasuna... oihuka 
  hasten naiz, e!, ei, hemen nago! Ama, Itziartxo. Kepa ikusten dut, bizkarreko 
  bat eman diot eta zer moduz kepa? galdetu; ez dit ihardetsi, ez du ikusten, 
  ez du aditzen, ez du sentitzen. Zer da hau? Deadarka hasten naiz. Miren, Miren 
  hemen, begira ezan; ez naun ikusten ala? Zergatik zaudete hain serio, zer arraio, 
  zertan ari zarete horrela? Haserre bizian, sutan, mahaia jaso eta lurrera bota 
  dut; Amak Itziarri: Begira ezan nor den. Itziartxo altzatu da. Itziartxo, nola 
  demontre ez didazue kasorik egiten, zer egiten duzue?, Itziartxo erantzun mesedez, 
  faborez konta eidan zer den... ateruntz abiatu da eta hemen, ertz batetan utzi 
  naute, ahaztuta, bazteturik. Liburutegiko liburuak lurrera botatzen hasi naiz, 
  hiztegiak, eleberriak, saiakerakoak, bata bestearen atzetik hor doaz denak lurrera 
  eta inork ez du begiratu, ez dira konturatu, Koldo sartu da Itziartxorekin; 
  kaixo diot, baina amarengana zuzendu eta besarkatu ondoren alboko aulkian eseri 
  da, hitzik ere ez, ez dakit mutuak dauden edo gorrak edo... ez dakit zer gertatzen 
  den etxe honetan eta zergatik daramatzaten aurpegi luze horiek. 
          Miren aurrean 
  jarri naiz begiei so; eskuak mugitzen hasi naiz bere begi beltz triste horien 
  aurrean, iletik tira egin diot, besoetatik helduta nireganatzen saiatu, zaplada 
  bat eman diot! Ez da mugitu, begitik malko bat dario, isilik nigarrari ekin 
  dio. Gutxitan ikusi dut Miren nigarrez, ikaraturik utzi nau. Gorpu batzu direla 
  dirudite; arnasa doi doi hartzen duten gorpu batzu. Buelta bat eman dut gelan 
  saltoka eta oihuka, e, ei, ei, txalo bat, adizue gorrak al zarete? 
          Hi, ez al duk 
  entzuten edo? Itziartxori oina zapaldu diot, Itziartxo! Kaguen la puta, gorrak!! 
  Ahoa zabal zabalik biraoak, madarikazioak botatzen ditut; konturatzeke geratu 
  dira. Koldo ez da eskuan duen zigarroa piztera ausartzen, urduri dago isiltasun 
  honetan, ilunetan, jende artean ezer esateke. Agian berak azalduko dit dena, 
  galdetuko diot, eskatuko diot, berak bai, erranen dit, ez dit honelako putadarik 
  eginen. Zergatik hago isilik mintzatzeko gogoa baldin baduk? Ez dik bururik; 
  mintzatu nahi baduk mintza hadi arren, entzun nahi diat, faborez ez nazak honela 
  laga. Itziartxori begiratuz erretzeko baimena eskatzen du, baina honek ez ditu 
  begiak lurretik altxatzen; azkenean pospoloa piztu du, krax soinua, zerbait, 
  begi guztiek argitasuna zabaltzen duen gar hura ikusten dute. Ezin dut itzali 
  baina, baina zer gertatzen zait? Zergatik ezin dut pospoloa itzali? Zergatik 
  daude ene sendi eta lagunak hemen? Zer da hori? Gelako tokirik ilunenean kaxa 
  bat dago, mahai gainean, luzea, ez oso zabala, antza denez... antza denez hilkutxa 
  bat da; bai hilkutxa bat da eta... eta barruan ni nago. 
    
              
              |