Pobrezia
Yulen Arriolabengoa
1.
Behin batez,
katu bat izan nuen; katu zuri bat. Hain zen polita, non berehala liluratu baininduen.
Beti zebilen
nere inguruan, beti nire besoetan. Amaren altzotik nerera jasotzen nuenean mihiaz
aurpegia bustitzen zidan eme-emeki.
Hain zaletu nintzen
bere biboteen igurzketez, hainbesterainokoa zen nere griña, non, samur-samurki,
biboteak ebaki bainizkion. Baina ez zidan ezer esan; bere sarpez enegan atxiki
eta mihiaz laztandu zidan.
Buztanaren laztan
goxoak sudurpean oso maite nituen; plazeraz gainezka nintzen buztana ere ebaki
nionean. Eta ez zidan ezer esan; besotik gora igo eta eztiki mihiztu zidan aurpegia.
Begi haien misterioaz
txoratua nenbilen, eta begirada bareak iresten ninduen; nireak zirelakotan atera
nizkion. Oraingoan ere ez zidan ezer esan eta nik hain maite nuen mihiaz aurpegia
xurrupatu zidan, agian inoiz baino maitekiroago.
Mihiaren labantze
xorakorraz itsuturik, ebaki nion mihia ere. Ez zuen deus esan. Nere altzoan
kukubilkatu zen sotilki.
Baina ez zidan
aurpegia mihiaz busti.
2.
Azkenik aurkitu
dut. Etxea hankaz gora jarri dut haren bila, libururen baten orrialdeen artean
gordeta izango zelakoan, ohe azpira jaurtikia izan ote zenaren beldurrez, ene
arropen artean izkutaturik izango zela uste izanik.
Bila ta bila
ibili naiz, paperontziak hustutzen, bainugelako bazterretan begiak irristatzen,
urbideetan zurrupatzen.
Haserre bizitan
jarri ditut etxekoak eta handiak entzun behar izan ditu: zikina! (arrastaka
baldosaertzetan arakatzean); nazkagarria! (orrazietako ileak banan-banan aztertzean);
zantarra! (izera lohiak astintzean).
Baina gaur haren
beharretan ikusi dut ene burua,
amets
egiten baitut
zure
ileetatik zintzilikatzen diren
sugeez;
amets
egiten baitut
nola
bestutzen dizutenez sama
itotzeraino,
eta
ezin izan dut jasan eta ohi dugun ergeltasun zuzenari lapurtu diot.
Eta hemen dut:
luze, hori, biguin, legun, samur.
Zurea da, kixkurra
bera: zure ileetarik bat.
3.
Egunen batetan,
itzalpetan nahigabetua zabiltzala, egizu froga: eseri zaitez ohizko mahai horren
aurrean; buru makurraren gainean bonbila bat dindiliska; agian, mahai hustuak
zure aurpegiaren irudi xirriborreatu bat bueltatuko dio zure begirada legun
sarkorrari; ez zaitzala beldur bakardadearen ispiluak; zaude hor, utz, etsi,
eman amore! Gogoa duzu atejoka. Mahai gainean zehar zabalduko dira zure gogoetak
zeuk dasta ditzazun. Ez zaitu gorputzak, haragiak kateatzen: hau gogoratu, hontaz
edo hartaz oroitu, zera birpasatu... jadanik ez zaude hemen. Irudiak, aurpegiak,
tokiak, orduak, hitzak... dena eskuratzen dizu oroimenak... pelikula bat bezala.
Etzazu atzera
egin. Seguro asko, zensura eginen duzu, zenbait eskena gaitzetaz. Beste irudi
batzuren aurrean irribarre eginen duzu; mobiolaz berrikusten dituzu behin eta
berriro.
Beste zenbait
irudiren aurrean malko-maluta bat erortzen zaizu, mahai gainera erortzen zaizu;
zure baitan sentitzen duzu zerbait mugitzen, haizekirri batek aurpegia zuritzen
dizu, zintzurra eztarrian behera erortzen zaizu, begiak ixtera behartzen zaitu,
dardar dagizu... eta orduan nahi zenuke atera kalera, eta korrika egin bereganantza,
bere izena oihukatu, besoak luzatu; eta hartuko zenuke besoetan hestu, eta une
hartantxe geldituko zenuke pelikula... baina ez zara aktorea baino...
Ei! Esna
hadi, hurrengo grabazio saioak hasi behar dik eta!
Zera duzu, zure
beste zua, direktorea, ametsen hiltzailea, zeinaren aurrean askotan etsi behar
izaten duzun.
4.
Bizitzaren hegoak
eramana, iritsi nintzen altxorren oihanera. Han, zuhaitz sendoen artean eta
belartza berde batek inguraturik, putzu bat zen ageri. Animali guztiek edaten
zuten handik; batak putzu ondotik zurrut eginez, besteak putzu barrutik ausartki...
Ni ere inguratu
nintzen edatera; belaunikatu nintzen belarraren gainean eta eskuez hasi nintzen
ura ahora garraiatzen. Baina urak hatzamarren artetik ihes egiten zidan eta
ezpainak bustitzea ere ez nuen lortu. Ez nintzen ausartzen putzu barrura sartzen,
agian horregatik joan nintzen edalontzi baten bila.
Itzuli nintzenerako
putzua lehorturik zegoen.
|