L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Kandela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Kandela-1 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Deserriratuen herrian

 

Manu Lopez

 

«Irakasleen gelatik atera zara hamaiketako klasea ematera. Ajustadore talde errebelde horren aurrean zure indarkeria osoa azaldu behar duzu; inadaptadoak, egurra, horixe da behar dutena. Zorigaitzez eskolako organoak demokratizatuz doaz eta ez dago jadanik gustatzen zaizkizun metodoak erabiltzeko beste garaietako askatasunik. Zeu zara horrelako jendez nola tratatu dakien bakarra eskola honetan.

        Urrats sendoez bi-hiru ikasgelara abiatzen zara, gorputza zeharkatzen dizun hotzikara erreprimitu ezinik.

        Bai, zuri hamasei urte zenuenean ez zizuten horrelakorik permititzen. Gogorkeriaren poderioz zarena zara, eta harro zaude. Planik gabeko hezkuntza plan harekin bat zentozen. Irakasle bakoitza filosofo bat, bere filosofia bost axola zaionari arrazoian sartzeko makilaren legea erabiliz. Hura bai garaia.

        Apenas bost metro falta zaizu atera iristeko eta oihuak eta zalapartak aditzen hasi zara. Sartu bezain laster isiltasuna. Ea nork koño bota dituen klarionak lurrean: isiltasuna. Haserre aurpegia, ia eroarena, baina berdin zaizu, larunbat goizean denak izango baitituzu hemen ikasgela guztiak garbitzen. Distira bat begietan eskola ematen hasi zara, orain dela hamar urtetako zure apunteekin. Ikasleak jezarlekuetan, tente, zuri so egiten deabrua ikusi duten hoietakoak bezala. Noizean behin, pieza bat nola kalkulatzen den azaltzean kopeta zimurtzen duzu, esandakoa azkeneko berria balitzez (zure mintzaira argia da. Ezin da espero, baina, atzeratuek uler dezatela, eta horixe da askotan gertatzen dena: aurpegi arraroak baina zure konzientzia lasaia).

        Ordubete klase hori eternitatea deritzazu, gogaigarria: zure jakinduria «ikaslegai» hoiengan hutsean geratzen baita. Arduraz so egiten dizute baina ez zaizkizu entzuten ari, begirada arruntetan beldurra isladatzen delarik.

        Zure problemak bueltaka dituzu buruan: ez zara jadanik zure ametsetako injinadore hura izango, erantzunkizun lanpostu batekin zure ilusio osoa isuritzeko; ezin izango duzu itotzen zaituen kariona hautsetatik mundura irten (zure irudimenez osatutako eta ilusioez hornaturiko mundu horretara; zu bezalako pertsonen benetako baliotasunaren aurrean burua makurtzen den mundura; ikasleen gurasoekin bilera jasangaitzik ez dagoen mundura) RRRRRRRRRRRRRIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIINNNNNNNNNNNNNNNG. Asaldatu egin zara bapatean eta urteekin lortu duzun eskola mekanikoki emateko eta batera arduratzen zaituzten kezkez pentsatzeko trebetasun horretaz jabetuz, hitz egiteari utzi diozu. Garaituta sentitzen zara iskanbilen artean baina bidutzi hoien aurrean zure basapiztiakeria osoa erakutsi behar eta, esan diezunaz at, liburua irakur eta ariketak egin ditzatela. Zu! Gutierrez! Nirekin etorri Ikasketa Arduradunarengana; espediente bat kostako dizu egin duzun horrek! (zure odol desira erreprimitu ezinik).

 

Pauso lasaiez kale hartako hoegita hamaikagarren atarira abiatzen da. Biek erabakitako txirrin deia eta atea leunki zabaltzen da. Haren zain dagoen emakume zahartuak kokatze sotila dauka. Emeki okertu eta astiro besarkatzen duen bitartean musu ezti bat ezpainetaratzen dio: orain bere aldamenean (aldamen mugagaitzean) eseritzen da. Ia hitzik gurutzateke, laztanen sinfonia batetan murgiltzen dira.

 

Behin irakasleen gelan sartuta ez zara ongiegi sentitzen. Zure lankideekiko tratoan hotza nabaritzen duzu. Zaharrenetako bat izan arren artega zaude; errespeto dizute zarena zarelako, baina ongi dakizu ez dituztela zure metodoak onartzen. Hasberriak. Baina egon, zure maila berean daude orain. Ikasleak datozkizu urteetan zehar eta guztiak menperatzen jakin duzu. Irakasleekin, ordea, ez da honela gertatzen: berriak etortzen dira urtero eta jasan izateko beharra.

 

Botoiak askatuz joaten dira, konturatu gabe, erritoa bete arte. Emakumea ari da bularreko ile laburrekin jolasten, bere lagunaren eskuak, gorputz osoa laztantzen, titietan pausatzen diren bitartean. Nola jakin gabe, moketa iletsu eta beroaren gainean aritzen dira bueltaka; plazer ahotsak entzuten dira elkarri miazkatzen diotelarik (begiak zeharo irekiak, baita ahoa ere, gorputza teinkoa); gaztea urtzen ari da izerdietan murgilduta.

 

Eskerrak zure betiko lankideek ematen dizutela babesa. Hoiekin bai ongi konpontzen zarela. Noizbehinka pasatako garaiez hitz egiten duzue hunkimenduz eta lekua kendu nahi dizueten hoien kontrako planak egiten dituzue, behin eta berriro zangartekoa eginez. Amaituta zaudetela sumatzen duzue baina garai urretsuaren itzultzearen ilusioak mantentzen zaituzte. Haiek defendatzen dira eta, zergaitik ez, erasotzen dute noizbehinka, eskola zahar batetan alegiazko mikrokosmos bat osatuz.

 

Bat egina daude. Bien pentsamenduak, ordea, ez datoz batera. Batenak, azkenengo kartutxoak erretzen ari denarenak, bizitzan zereginak izan nahi dituenarenak, putzu lohi batetik irten nahi duenarenak.

        Besarkatuak eta isilik, bakoitza bereaz pentsatzen ari da: beren nahiak, eginkizunak... Bata oroimenez bizi da; besteak, aurrera begira, ez daki zehazki zergatik dagoen han; agian, mundua ez dela FPko eskola zapuzgarri bat norbaiti erakusteko; bere aita bezalako langile arruntak ez direla gizaki zarpailak; bakoitzak motibazio konkretu bati erantzuten diola eta motibaziorik ez badago ez dela harritzekoa erantzun etsipengarriak aurkitzea halako zentroetan; zerbait positiboa lortzeko lehenengo baldintza pertsonek merezi deun tratoa hartzea dela...

        Andreak hotsegin zuen, etxera joan behar duela senarra han egongo baita. Bere senar jasangaitz eta ultzeraduna haserre etortzen ohi dela eskolatik, egunero botatzen dion sermoia entzun beharko duela, bai, betiko erroiloa dela, ezin dela ezer egin horrelako materialarekin, inork ez duela eskolan bere irakaspenik ulertzen, jubilatzeko gogoak dauzkala...

 

Hilabete hauetan berdin jarraitu duzu; kurtsoan zehar ikasle gehien penkatu duena zeu izan zara. Demokratikoak —hori hitza nazkagarria— diren eskolako organo hoiek ez daude batere pozik zure lanarekin. Jakin ahal izan duzunez, ez dakizula datozen uhin berriei moldatzen esaten da hortik. Baina berdin zaizu, zu bezalako funtzionariek lanpostu iraunkorra daukate. Sakon sakonean zure lankideez farre egiten duzu. Gizajoak.

        Gaur, ordea, kurtsoa amaitzen ari delarik, sutan zoaz ajustadore talde horrengana. Kolera hutsa isladatzen da zure aurpegian. Goizedanik tratagaitz baino tratagaitzago aurkeztu zara. Hari guztiak zeneuzkan eskuan eta azkenean zuzenki lotu dituzu. Bata bestearen atzetik. Zerbait sumatzen zenuen, bai, baina gaur zure emaztearen infidelitasunaz jabetu zara. Mendekuak ez luke itxarongo. Ikasgelan sartu zangoak dardarka. Ulergaitza! Nola hauetako atzeratu batek ausar zezakeen zure duintasuna zalantzatan jartzen. Astiro, bizpahiru pauso ematen duzu zure mahaira abiatzen zarela. Honen bazterrean gelditzen zara eta pixkanaka burua altxatuz, begi distiratsuak, gorroto begirada, ezin gorrotagarria jaurtikitzen ari zara —buru guztien bueltatzearekin batera— errudunarenganatz, nireganatz. Zerk itxarongo nauen jakin dut «Gonzalez» oihukatu duzunetik. Altxatu eta zuregana joan, oraingo honetan kopeta makurtu gabe, zigorrari beldurrik gabe. Zure aurrean jarri, oraingoan inor inor baino gehiago izateke. Zu zeharo urdurituta, izerditan, gorra-gorria; gurasoei berria ezin eman, ez ta eskolako Zuzendaritzari ere. Zure ohorea! Nire sama eskuen artean estutzeko gogoa; zure urduritasunaren gailurrera iritsi eta mahai gainera amildu. Negarrez. Lehengo aldiz garaituta. Insektu batek garaituta. Paperak trukatuak.   E t a   p e n a r a z t u   n a u z u .

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.