|  
              
                  
  Eskuaren aroa 
    
  Julio Cortázar 
    
  euskaratzailea: 
  Xabier Etxaniz 
    
  Arratsaldez uzten nuen sartzen, lorategira 
  ematen zuen leiho ahoa irekiz, eta eskua mahaiaren ertzetatik jaisten zen arin, 
  ahurrean doi doi eustiz, harik eta behatz lokabe ta zabarrak, bere tokirik egokiena 
  pianoan, lauki baten markoan, edo batzutan ardo koloreko alfonbra gainean aurkitzeraino. 
          Esku hura maite 
  nuen zorrozkeriarik ez zuelako eta bai txori edo orbel antza. Zer zekien berak 
  nitaz? Ezbaietan egoteke zetorren nire leihora arratsaldetan, batzutan presaka 
  paper gainean erreflejatzen zen bere itzal txikiarekin eta ireki 
  niezaion hertsatuz; beste batzutan lasai, untzaren mailetatik, non, igotearen 
  igoteaz, bide sakon bat zulatua zuen. Etxeko usoek ongi ezagutzen zuten; sarritan 
  entzuten nuen goizetan kurrunkatze antsiatu ta sendoa, eta eskua zen habiak 
  harrotzen, gazteenen klarion bularrak eta uso-ar jeloskorren luma latza lor 
  zitzan. Usoak eta ur garbi eta freskoaren pitxar txikiak maite zituen; zenbat 
  aldiz topatu nuen kristalezko edalontzi baten hegian, behatzen poztu eta dantzatzen 
  zuen uretan arinki sarturik! Inoiz ez nuen ikutu; banekien, jakin, jazo misteriotsu 
  baten hariak gogorkiro etentzea litzatekeela. Eta egun askotan aritu zen eskua 
  ene gauzen artean, liburu ta kuadernoak ireki zituen, bere hatz erakuslea zalantzarik 
  gabe, irakurtzen zerabilean ene poemarik gogozkoen gainean kokatu zuen 
  geldiro onartuko balituzke, lerroz lerro. 
          Aurrera zihoan 
  denbora. Orduan mindu eta markatzen ninduten kanpoko arazoak, beraien zartailuak 
  mehatzen hasi ziren zeharka soilik ikutzen nindutelarik. Aritmetika baztertu 
  nuen, ene jantzirik dotoreena nekusan goroldioz estaltzen; ia ia ez nintzen 
  gelatik kanporatzen eskuaren zain, itxaropenez untzarekiko lehen igurzpena eta 
  urrun eta sakonena kirikatzen. 
          Izenak jarri 
  nizkion: Dg deitzea gustatzen zitzaidan, pentsatu baino ezin zitekeen izena 
  baitzen. Eduki nezakeen arrokeria zirikatu nuen erantzun eta besokoak erlaizen 
  gainean ahaztuz, bere jokaera iraupen sekretuz espiatuz. Bitxiekin apainduko 
  zela pentsatzera iritsi nintzen ere, baina inguruan bueltak emanez aztertzen 
  zituen ikutu gabe, fidatzen ez den armiarma gisa eta egun batetan amatistazko 
  eraztun bat ipintzera iritsi arren, une batetarako izan zen bakarrik, eta erreko 
  balu bezala baztertu zuen. Saiatu nintzen orduan bitxiak izkutatzen bera kanpoan 
  zegoelarik eta harrez gero alaiago zegoela iruditu zitzaidan. 
          Horrela iragan 
  ziren urtaroak, batzu lirain eta beste batzu argi bortitzez tindatutako astez 
  beterik, beren behar beharrezko deiak gureganaino iritsi gabe. Arratsaldero 
  zetorren eskua, udazkeneko euriak bustita sarritan, eta goruntz begira nekusan 
  alfonbra gainean etzaten, behatz bat besteaz, luze luze lehortzen, batzutan 
  jauzika gustora zegoela adieraziz. Ilunabar hotzetan bere itzala bioleta bilakatzen 
  zen. Nik orduan nire oinetan suontzi bat pizten nuen eta hura kokorikatzen zen 
  ia ia hotsik atera gabe, ez bazen argazki albun bat edo oker eta korapilatzea 
  gustatzen zitzaion lanazko hari bat jasotzeko. Laster konturatu nintzen ezin 
  zuela geldi egon luzaroan. Egun batetan azpira bat buztinarekin topatu zuen 
  eta zegoen tokira abiatuz orduak eta orduak igaro zituen buztina moldeatzen; 
  nik, bizkarra emanda, bere lanaz arduratzen ez nintzenarena egiten nuen bitartean. 
  Lehortzen utzi nuen eta nire idaztegi gainean kokatu nuen laket zitzaidala ikus 
  zezan. Gaizki egina: Dgi azkenean autorretratu zurrun eta dardari samar haren 
  kontenplazioak tutatu zion. Izkutatu nuenean, ahalkea zela ta, konturatu ez 
  zenaren itxura egin zuen. 
          Analitikoa bihurtu 
  zen laster nire interesa. Nire burua harritzeaz unaturik, abentura guztiaren 
  amaiera aldagaitza ta zorigaiztokoa jakin nahi izan nuen. Nire bisitari horri 
  buruzko galderak sortzen ziren: landare gisa bizi ote zen, senti zezakeen, ulertzen 
  ote zuen, maitatu? Lakioak luzatu eta esperimentuak gertatu nituen. Konturatu 
  nintzen eskua nahiz eta irakurtzeko gai izan, ez zuela sekula idazten. Arratsalde 
  batetan, leihoa ireki eta mahai gainean lapitza ta orri zuriak jarri nituen; 
  ondoren eta Dg sartzerakoan alde egin nuen bere herabetasuna bortxa ez nezan. 
          Zarrapo-begitik 
  ikusi nuen ohizko urratsak ematen; gero, kilikolo, idaz-mahairaino jo zuen eta 
  lapitza hartu. Honen hotsa orrien kontra entzun nuen, eta denbora irrikatsu 
  baten ondoren sartu nintzen gelan. Zeharka idatzitako hizki txukunez, Dgek idatzi 
  zuen: «Erabaki honek aurreko guztiak indargabetzen ditu agindu berri bat 
  arte.» Inoiz gehiago ez nuen idaztera eragitea lortu. 
          Azterketa garaia 
  iraganik hasi nintzen benetan maitatzen Dg. Lore-ontziko loreak begiratzeko 
  bere era maite nuen, larrosen inguruko bere errota-ibilera, behatz-mamiak hostoak 
  ia ia ikutu arte luzatuz, eta lorea barnean hartzeko bere harrotzeko modua, 
  ukitzeke, agian lurrina usaintzeko bere era. Liburu gehiagoren bila, eta bere 
  liburutegia izatea laket zitzaiokela pentsatu nuen. Eskuarentzat eginda zeudela 
  ematen zuten lan bitxi batzu aurkitu nituen, beste batzu ezpain edo adatsentzat 
  eginak zeuden legez; eta sastagai txiki bat erosi nuen ere. Oro tapizaren gainean 
  ipini nuenean bere tokirik kuttunena; Dgek ohizko arretaz aztertu 
  zuen. Sastagaiaren beldur zela zirudien, eta soilik egun batzu barru ausartu 
  zen ikutzera. 
    
  Nik ere liburuak mozten jarraitu nuen konfidantza 
  sartu nahiean, eta gau batetan (esan al dut egunsentian bakarrik, itzalak eramanez, 
  joan ohi zela?) liburuak ireki eta orrialdeak aztertzeari heldu zitzaion lehenbizi. 
  Laster hartu zuen izugarrizko trebetasuna, sastagaia haragi bigun eta opalozkoetan 
  dirdirazko liraintasunez sartzen zen. Lana amaiturik expatatxoa kokatzen zuen 
  arasan, non gehien maite zituen tresnak zeuzkan bildurik: muiloak, pospolu erabiliak, 
  eskutur-ordua, hauts pilatxoak; tapizaren ertzera jaisten zen irakurtzeko asmotan. 
  Azkar irakurri ohi zuen, hitzak behatzarekin ferekatuz; irudiekin topo egiterakoan 
  oso osorik jartzen zen orriaren gainean etzanda, eta lotan zegoela zirudien. 
  Ene liburu aukera ongi egina zela igarri nuen, behin eta berriro itzultzen zen 
  orri batzutara (Gautieren Etude de mains; Reverdyren Le gant de crin) 
  eta ilari-eztunak jartzen zituen gogoratzeko. Alde egin aurretik, ni jadanik 
  sofan lo nengoelarik, bere liburu guztiak gordetzen zituen haltzari txiki batetan, 
  nik horretarako lekutu nuena alegia; eta esnatzerakoan sekula santan ez zen 
  nahas-mahasik izan. 
          Era horretan, 
  arrazoirik gabe misterioaren xalotasunean oinarriturik soilki, begiramen 
  ta bizkidetasunaren garaian bizi ginen elkarrekin. Azterketa oro gaindituta, 
  ustegabeak baztertuta, zer nolako egorak gintuen! Gure bizitza horrela, helmugarik 
  gabeko gorespena zen, kantu garbia inoiz ez suposatua aldez aurretik. Leihotik 
  sartzen zen Dg eta berarekin zetorkidan neu neurea, senideen muga ta beharretatik 
  berreskuratua azkenean, eta ene baitan honelako askatasuna ematen zidanari atsegina 
  eman nahiean. Eta horrela bizi ginen, errealitatearen ordainak ene ahulezian 
  eragin arte. Gau batetan amets egin nuen: Dg nire eskuaz maitemindu zen ezkerraz, 
  batere zalantzarik gabe, bera eskubia baitzen, eta ene ametsaz baliaturik 
  sastagaiaz moztu ondoren bahitzen zidan maitalea. Izu altxatu nintzen horrenbeste 
  misterio mende arma bat uztearen zorakeria lehenbizi ulertuz. Dg bilatu nuen 
  ur mugituengandik jota nengoelarik; tapizaren gainean zegoen etzanda eta benetan 
  zirudien ene ezkerraren mugimenduak jarraitzen zituela. Jaiki eta berak har 
  ez zezakeen toki batetan jarri nuen sastagaia, baina gero damuturik itzuli nion 
  bere barkamena edo ahaztea espero nuelarik. Lilura kenduta bezala zegoen eta 
  behatzak erdi irekiak zeuzkan irrifarre triste mugagabe batetan. 
          Nik badakit ez 
  dela itzuliko. Horren joera rokolak bere bakuntasunean handikeria eta gorrotoa 
  sortu zuen. Nik badakit ez dela itzuliko!. Zergatik aurpegira bota, usoak, ferekatzera 
  berriz ez datorren eskuarengatik han goian deadarka? Zergatik saiatu horrela, 
  Flandesko larrosa, inoiz ez baitzaitu bere neurri luzeak hartuko?. Neuk bezala 
  egin; kontuak ateratzera itzuli naiz, ene arropa jazten hasi berriro, eta hirian 
  zehar biztanle zuzen baten soslaia paseatzen dut. 
  La vuelta al mundo en ochenta días 
    
              
              |