L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Kandela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<kand0200>— Kandela-10 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Sarrera

 

Kandelariook

 

        Lehenengo KANDELA hura piztu genuenetik, euriak askotan egin du korrika Gasteizko kaleetako harlosen artetik, patxaran tanta asko («ikututxuka-ikututxuka») barneratu zaigu Aliziaren etxean, hitz mordoa pilatu dugu (horrek kafesnea, kortaua besteok, eskatzen dugun bitartean) edozein tabernatako mahai bakar eta ixil baten gainean. Gasteizko kaleak diogu, gaztetzera behartutako hiri zahar honen zain igartuetan egin genuelako topo bostok, eta beraien baitan barneratu ginelako behin batez gure hitzentzat estalpe bat bilatzearren, euriak urtu egiten baitzituen. «Aliziaren etxea» diogu, bera izan delako gure estalpea eta bera izan dugulako, astean behin, boston lumen hitzjarioaren lekuko. Tabernak, tabernetako mahaiak direlako literaturgile lotsatien hitzak anonimatoan zintzo gorde ditzaketen bakarrak.

        Horregaitik dirau pizturik gure KANDELAk, agian zuk itzalirik zela uste bazenuen ere; «KANDELA», literatur taldea sortu zenean piztu zelako eta taldearen lanak, egunero, astero, mantentzen duelako pizturik. Kandelarioon elkar-ikus-hizketek mantentzen dute pizturik KANDELA. Aldizkaria gure nortasun agiria dugu, besterik ez, bagarela adieraztea. Baten poesia komentatuz, bestearen ipuiaren egiturak dituen akatsak azalduz; honen kritika lanarekiko ezakordioa adieraziz, horren itzulpenari aldaera egokiagoak proposatuz... honela sortu zen KANDELA taldea eta honela mantendu nahi dugu, honako poema asko irakurri beharra izaten badugu ere:

ERRESTAURANTEKO KONTUA (edo JATETXEKOA!)

        Noizpait gure bilerak eta lanen azterketak burokrazia hutsean eroriko balira, eta taldekide izatea aldizkari baten norbere lanak argitaratzeko aitzaki bilakatuko balitz, esan genezake itzaltzeko ordua iritsi zaiola KANDELAri, guk geuk egingo baitiogu putz. Bestalde, talde bezala daramagun lan dinamika honek badu oinarri ideologiko bat. Oinarri hori literaturaz dugun kontzepzio orokorrean datza. Guretzat literatura ez da automatikoki, indar extralurtarrek edota intraespiritualek bultzaturik sortzen den artea. Argi da, literatura, ona izango bada, arte landu bat izan behar duela. Literatura lantzen duenak, hitzak dituen sapore guztiak dastatuz, letren dantza hamaika aldiz armonizatuz, doinuen koloretasun musikatsuaz joztatuz, azkenean lortuko du «berezko» hori bereganatzea, «musen» jabe egitea. Suposatzen ditugu, hori bai, baldintza hauez gainera, idazlearen literaturarenganako lilura eta bere gogoaren jarrerarik egokiena (edo desegokiena) espresabide honenganako.

        Zertan esanik ez, taldean lan egitea aberasgarri gertatzen zaiola gutariko bakoitzari, baina taldean lan egitean ere baditu bere arriskuak. Masa bilakatzea, adibidez. Talde bat masifikatzen denean pluraltasuna galdu egiten da eta ondorenez gauza bi gerta daitezke: literaturazko jarrera erradikalizatzea edo bihotz oneko sasioneritzian erortzea. Horrela, taldea zubi begibakarra bilakatzen da; idazle ezezagunak kaleratzeko plataforma bat, besterik ez. Eta hain zuzen hori da gure KANDELArentzat nahi ez genukeena. KANDELA ez da itzaliko aldizkariak kaleratzeari utz diezaionean, taldea literaturaren espresio iturrien aztertzaile bezala hil dadinean baizik. Bitartean, ziur izan, KANDELAk iraungo du pizturik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.