Barnean ezkutaturiko larritasuna
Xabier Etxaniz
«...gorputz xikiaren atal guztiak, ikusten zituen berriz ere haren aurpegi-marra finak, haren, ile-motots leporaino eroria, ezti bat ahorako, urre dirdaitsu bero bat eskurako, eta haren larru malgu epela hain laztangarria...»
(Ion Mirande)
«Zoritxarrez! irudimenaren solas bat zen hori, soilki, bai baitzekien harentzat ametsa sekula ez zela egintzaren senide izanen...»
(Ion Mirande)
Está Roberto en casa?
Aizu, zurekin egon behar dut.
Gero kontatuko dizut.
Bale, ordu erdi barru Toban.
Ez dakin nola esango dionan. Oraintxe bertan egon haiz berarekin eta ez dakin. Telefono kabina gibelean utzi eta aldapa igotzen hasi haiz. Hutsik zegon, asteburuetako gazte multzorik gabe, lasai eta paketsu; heu berriz lasai bazirudin ere kezkak tripa-janda hago.
Isilik doa kaletik, isilik eta era berean begiak zabal-zabalik dauzkalarik. La Peña Dulceren albotik iragaitean burua bueltatzen du; ohizko eskaparate zaindu eta txukuna dakusate bere begi itsuek, «Guztiak jango nituzke» esan zion behin Robertori, orain ordea ez du gozoki bat ere dastatzeko adorerik.
Ertzeko itsuari jaramonik egin gabe dabil. Telefonoa. Robertori atzera deitzea ere bururatu zain; gerorako utzi solasaldia eta orain Floridara joan; baina laster edo berant esan beharko dion.
Gutxitan mintzo zarete gai seriotaz, udan ezagutu zenuten elkar eta istilu gutxi izan dituzue zortzi hilabete hauetan. Maitasunean murgildurik igaro dituzue ordu luzeak, baina heuk, barruan, heure barnean ezkutaturiko larritasuna, kezka eta arazoa azaldu ditun denak batera pake eta lasaitasuna puskatuz.
Maldan behera urrats azkarragoak ematen ditu. Neska gaztea, hogeiren bat urtekoa; jantzi arin eta alaia darama soinean, kolore biziak, bota garaiak, adats luzea, eskuak sakelean eta, eta aurpegia goibel, triste, bekokia simur.
Bikote bat ohe gainean etzanda; biluzik. Kandela ahulak iluntasunaren aurka borrokatzen duen bezala, horrela borrokatzen dute neska-mutilak joko gozo batetan. Musu eta ferekek sorturiko guda-etena amaitu bezain pronto jarraituko dute, bitartean tregoa gozo eta eztitsua aprobetxatzen da atseden hartzeko eta baita elkarrenganako nahia berpizteko ere.
Maite zaitut.
Baita nik ere. Roberto.
Zer, bukatuko al dugu gerra luze hau?
Ni oso gustora nago.
Amaierarik gabeko musua, mihiak gurutzatuak eta Robertoren eskua Axunen bular titia fereka.
Nahi zaitut.
Haur batzu zetozen kaletik, jolasean eta elkarrekin hitzegiten. Goitik behera aztertzen ditun begirada batez, heuren barne-barneko sentimenduak arakatu ditunala iruditzen zain. Pozik zeuden, aurpegi irribarretsuak eta begirada garbia, ez ditun hitaz ohartu ere, beren leloari jarraiki iragan ditun heure albotik. Haur arruntak, esango hukeen atzo, bart, edo gaur goizean goiz; orain ordea, bitxigile batek bitxiak bereizten dituen moduan berezi ditun heuk kaleko haur horiek. Kaleko haurrak, Martxoaren 3an bezala, Dato kalean langileen manifestapena pasa eta gero hiruzpalau haur haiek ikusi hituen, Menos policía más jornal, 3 de Marzo nosotros no olvidamos; gizon-emakume izan nahi zuten haur haiek oihuka, eta oraingoan hauek haiek bezala betirako gelditu zaizkin barruan; bai, barruan gelditu, duela ordu erdi eman dinaten berria bezala.
Virgen Blancako aulkiak atso eta agurez beterik aurkitzen dira. Jarri berriak dauden loreen bizitasuna zabaltzen da plaza osoan. Usoak han-hemenka dabiltza hegan, eta Axun monumento paretik pasatzean begira gelditu zaie.
Arin dabil denbora soberan izan arren. Orain arteko lasaitasuna, sasilasaitasuna, puskatu da Diputazio kalean sartzean; jendea alde batetik bestera doa erosketak egiten, etxerako bidean, edo Axun bezala, lagunarengana.
Hormetako txartelei jaramonik egiteke, Landazuriruntz hoa kotxe eta hormaren artean, eta estu sentitzen haiz, larri, kezka heu baino handiago bailitzan. Eztanda egitera dihoan globoa sentitzen haiz, sentitzen duk heure baitan eta nigargurea datorkin. Bai, nigargurea datorkin begiak bustitzeraino helduz; baina oraingoan ere erreprimitu egin haiz. Anaia eraman zutenean ere nigargurea izan huen, nigargurea eta amorrua, goizeko lauretan atera deitu eta ohartzeko astirik eman gabe eraman zuten, zinaten, anaia. Orduan eutsi egin hien malkoei, gaur eta orain bezala. Oraingoan berriz, diferentea dun, heu sentitzen haiz kulpable eta biktima.
Roberto baino lehen iritsi da Tobara; eskubira, aulkian eseri ondoren un mosto eskatu dio kamareroari. Taberna nahiko beterik dago, pintxo ugari mostradore gainean eta musika doi-doi entzun daiteke jendearen hots artean. Itsu bat sartu da tabernan eta mostradore erdian kokatu, lagun batek dakar. Berari so dago Axun; zozketa-paperak kontatzen ditu kamareroarekin mintzo den bitartean. Hainbeste pintxo, janari eta jenderen artean ohizko edaria eskatu du, jereza. Dirua dardarka dabilkio poltsikoan. Bere inguruan eskatzen, hitzegiten, solasaldietan ari dira, bera aldiz, bakar-bakarrik. Axunek bere buruarekin parekatzen du itsuarena.
Itsuaren ezkerrean dagoenak zerbait esaten dio eskubian dagoenari. Aurreko pintxoak ezin aukeratu, edalontzi erdia hustu du trago batez, kalderilaz ordaindu eta la gunak besotik heltzean kaleratzen dira biak batera.
Une batez, une llabur batez bederen, ahantzi du Axunek bere baitako larritasuna, baina orain, bapatean bere oraingo errealitatera itzuliz, itsuarekiko tristura berarekikoa bilakatu zaio.
Eta honela, goibel eta pentsati dagoelarik ikusi du Roberto bere aldamenean eseritzen.
Eguerdion Axun, zer da kontatu behar didazun hori?
Gaur goizean sendagilearekin egon naizela.
Ta?
Haurdun nago!
|