Hitz labur(luzetan)
Korrok
Guri ez zaigu Ama Birginarik agertu ere
Aspaldiko udaberriak, Ama Birginari dedikatu lehengo Maiatza loretsu horiek, itzuliko ote?
Ermita itzaltsuetan haurren otoitz gartsuak, Salve Reginaren amaigabeko errepikek gure gaztaroaren ametsak kulunkatu zituzten, logaiztoez jostaraziz.
Guk, ergel horiek, neskatsoei lore sortak oparitu ordez, sexugabeko saindu irudiei eskeintzen genizkien. Hura tristura gazte kastratien kantuetan!
Eta Ama Birginaren zerutar agerpenak? nonahi ba omen zegoen artzain arloteren bat belaunikatzeko arin, lau haizetara iragartzeko prest, bere artaldearen bildotsek dama liluragarri batekin arratsalderoko "thea" zurrupatzen zutela. Zer esanik ez, zeruko erregina hoien mezu mamia beti bera zela: infidel eta moroen aurkako gurutzadak edo Errusiaren birkonbertsioa Soltxagarena ote? aldeko errosarioa... Oraingo Udaberriko sisak orduko eraikitako basaelizak.
Epistolan honen harira jo diezaiogun irakurle agnostikoak hanka egin baino lehen (hortxe badaude oraindikan).
Ardietan gu ere, KORROK aldizkariaren zaindari. Soroz soro ibiliak, sasipetan flauta kasualitatez jotzen, mirakuletan sinesgarriok, "vidente" erara behin eta berriz aitaren egiten, kandelak pizten, baina gure otoitzak ez dira, oraingoz olinpoko jaungoikoen belarrietara ailegatu eta patriketan sosik ez.
Euskal burgesiak (edo "naturaleza foral" duenak guri dagokigun kasuan behinik behin) irakurri ohi dituen letra bakarrak kanbioetakoak omen dira Gasteizko unibertsitatearen errektordea mintzo. Egia esan mecenak desagerzorian daude edo, beharbada, gure bigarren mailako aldizkaritxo honek ez du haien atenziorik merezi, auskalo! Baina funtsean, arrazoi batez edo bestez, astesantua iragan berriaren eraginez edo, Pilatosen konplexua gero eta ugariago: Gure diru-laguntzari emandako erantzuna esku-garbiketa izan da eta hemen gaituzue inongo ate joka.
Ama Birjina edo suzedaneoaren baten diruarena, noski agerpenaren esperoan gaude baina gaur egunean artaldeak ikuiluetan estabulatuak egon ohi dira eta artzainak Landaben Poligonoko industrieetan ari direnez gero Ama Birjineei falta zaie gure artean aterrizatzeko behar duten eszenatokia edo "mise en scene". Utikan dirua eta azter ditzagun agerpen miresgarri hoietan dauden gainontzako elementuak, hots: Urre-zilarrezko tronpeta eskuetan dutelarik edo luma, Ebanjelarien kasuan, Ama Birjinaren ingurunean kokatzen diren aingeru, arkanjel ta beste infernu-linboko potestadeak: Zeuok, irakurle maiteok. Konpromisoz ez zaituztegu gonbidatzen, ez ta susmatu ere, alafedea.
Trikila-trakala txiringito honi eusteak ez gaitu kokiltzen. Bistan dago orrialde mordo kaxkar hau zirriborratzeko edonor gauza dela. Beharrezkoa zaigu zeuen laguntza ez bakarrik panfletiko sasi-literario honen kalitatea, guztion elkar lanean, sakontzeko zuengan ezkutaturik dagoen idazaletasuna kanporatzeko baizik. Hitz bitan, hautsez estalirik gorde dituzuen boligrafoei astindu ematera gatozkizue, bai horixe!
Arras minduta gaude. Euskal literaturak Nafarroan daraman martxak larritzen gaitu oso. Urte aunitzez, salbuespen salbo (agur eta ohore salbuespenei) ez dira idazle berririk sortu.
Araba, zazpigarren alaba, hala dio kantak, baino Nafarroa umezurtz: beste hego herrialdetatik batutzen dituen marko politikotik sakabanatua, euskal kulturaren maila gero ta makurragoa, beste zenbait ezbehar artean. Dinamika atipikari lotuz: zenbat eta euskararen aldeko burruka bortitzkiago izan, gero eta euskal idazleen kopuru urriagoa. Batek daki desoreka honen zergatia zertan datzan.
Geure Korrok, ederki jatondo tripontzi baten marraka asea balitz, bapo! Baina nahiko goseti elkar ikusten gara nafar euskal letren mailara hurbiltzen garenok. Baliteke, agian, ezezko samar izatea. Akaso ez zaizue arrazoirik falta, baina ez gabiltzala oker susmatzen dugu.
Hori dela ta, ez gara hain harroputz geure burua laudatzeko, Korrok-ari ez duen garrantzirik emanez. Hala ere, guztion indarrez aldizkari hau bide egoki bihur zezakeen iruditzen zaigu.
Idazleak ez dira supituki, malabarismoz sortzen. Tamalez untxiak bezain umekor ta zakil bizkorrak ez izanik ezinezkoa dugu kapela hustuetatik bapateko idazle berrien balanauldi bat sortu. Arbolatxo honen kimu azpian bil gaitezen. Nafarroan euskal literaturaren onurako gerta dadin.
Etsitzen ez dugunok euskaraz idazteari jarrai tuko gatzaizkio. (Hau bukaera kurtsi, to!)
OHARRA: Gure hitz sarrerei darien kutsu negartia ezin dugu jasan. Beti partaideen bila, urrikalgarri samar, jendearen dolumina jasotzen. Azken abisua: Idatzi nahi duenak badaki nora jo. ARRAIOA!
|