Moisés Jaso: "Emakumea gauza prezisoa da etxean"
Laboinataldea
Apirila, igande goiza, goibel, aspaldi loratu ziren sahatsak eta San Jose lore horiak bide bazterretako expondetan ageri. Ez da noski Iruñeko autobusen geltokiko kafetegiaren deskribapena edozein literatur manualetan ikas litekeen aipamen merkea baizik, baina gustatu zaizue. Geure arteko zita arestian aipaturiko kafetegian genuen, nahiko xintxo ta puntual bertaratu ginen. Ordu t'erdiko bidaia egin ondoren, ordea, belateko lepoan gaindi, Behobia hiperkomerzializatu eta uniformatuko bertze kafetegian eseri ginen gure pertsonaiaren zai. Ator xuria, txaketa, kapeloa, ardiak bazkatu eta berak ederki gosaldu ondotik agertu zitzaigun nahi genuenerako prest. Bere konfiantza osoko tabernari Oiartzuarrak gelatxo intimoa utziko zigulakoan izena gutti inporta duen ostatura sartu ginen.
Zerbeza!? Salda bat hartuko dugu, ez? Moisesek Bueno, bai.
¿Qué quereis ahora aqui?
Cuatro caldos.
¡Aqui no se toman caldos, eh! ¡El comedor es para comer!
Ustekabean harrapatu gaitu Moisesen lagun tabernariaren emazte "goxoak". Hala ere eta nahiz eta andre borrokaria zirudien eta gu desarmaturik geunden, bat atearen ondoan zelatan izanik bertze biok Moises xokora eramanik erdi ilunpetan ekin genion lanari.
Bueno, aber zer galdetu behar duzuen...
Zure gorabeherak jakin nahi, ze martxa eraman duzun... kuriosoak baikara gu. Gaintzan jaioa omen zara, ez?
Ez, Iruñean jaioa eta Gaintzan hazie, asko ez bada ere. Han 30 urte igaro, beti baserrin eta handik ihesie naiz Frantzira. Oihanean egin nittuen bi urte eta gero etorri nintzen honea, Irunera. Hemen Aiuntamientun sartu nintzen ta badaramazkit 17 urte.
Beraz 50 urte?
Baita hamabost ere.
Bertsotan hasi nola, non... afiziorik bazen etxean edo...
Tolosara ferira ta etortzen ginen herritik, ordun ikusten nittun nik hor, koño, bazkalondoan ta bertsotan ari zirela ta neri ongi jartzen zitzaidan gauz hori. Guk ere, badakizu, bazkaldu ta kafe bat ta kopa bat eta edaten gendun ba, ta, koño, umore pixko bat ere banun ta pentsatu egin nun "Neronek hasi behar dut pixko bat", ta hasi nintzen berakin batera, ta, koño, esan zidaten "hik, hik oraindik bertsotan egingo!" "Bai?", "Bai!", nik hori nahi adittu. Ñea! holaxe hasi nintzen haiekin batean ordun. Atera egiten nittun nozean behin bat edo beste, txarrak, pollitak eta hobexeagoak ere bai... behintzat gero pixko bat jarri nintzen, gehixeago, hortan. Gero urteak egin dittut, batere kantatu gabe ere egon naiz, orain dela 23 urte Iruñean, Teatro Gayarren hirugarrena atera nintzen (Arozamena, Andres Narbarte, Madariaga eta ni).
Ta bertsoak kantatzen nor zenituen lagunak, Gaintzako jendea edo Tolosakoa gehiago?
(Momentu honetan argia kendu digu etxekoandre madarikatuak handik alde egin dezagun. Guk, hala ere, aurrera).
Tolosakoa prezisamente, ez. Baziren Beizama aldekoak eta etortzen zirenak ferira, gero amezketarrak ere bai, hoikin aritzen nintzen gehiena. Gero herrian bazen beste bat aritzen zena, bastante ona, Joxe Mari Zubillaga. Gu hemen aritzen garen asko baino hobea neretzako, igual bai.
(Nerbiosten hasiak gara denak. Etxekoandreak argia itzali, gizon jatorrak piztu, Moseisek lasaia agertu nahi du baina...)
Plazan ta aritu zara, edo afalondo eta lagun artean gehienbat?
Barriotan ta bai, bai, toki askotan.
(Etxekoandre mixerablearen garraixiak argia piztu digun senarrari oihuka entzuten dira ostatuan... dudak geure artean... joanen gara? Ez du inportik dio Moisesek hori hala ariko da!... Bada besterik, partikularrik? galdetzen digu hariari lotuz berriz.)
Hainbeste urte baserrian eta gero hemen Irunen, zuretzat kanbio handia, ez?
Neretzako hemen hobeki. Nere bizitza gogorra joana baitzen. Asko ikusia ta mixeria asko pasea bainaiz ni, ttikitatik hasita, lan asko ta gogorrak beti, baserrin, mendin, eta gaineko guztitan ere. Eta hemen Aiuntaminentun sartu nintzen, barrendero, kale garbitzen. Orain beste hiru urte daramazkit (basurak desagerrerazten diren tokian) askoz hobeki neretzat.
Zu hasi zinen garai hartan joaten zineten saioak entzutera? Nor zen ordu hartan bertsoalri famosoa edo...
Nik gehien ikusi dutana Txomin Garmendia, Berrobikoa, berakin ere azken aldera aritzen nintzen. Amezketarrak ere bai. Haikin ere aritzen nintzen pixko bat eta hola egin nintzen mejoratu. Beste errazkindar bat ere bazan, Txitxonekoa, hue hile da, Martin Oreja, ona zen.
Eta berri hauek, aurten lehenbiziko aldiz presentatu direnak ta, zer moduzkoak dira?
Hok mejoratzen jaongo dire. Badakizu, gazteak dire oraindik, hasi berriak dauce, ez dauke experientzirik... egunetik egunera joango zaizkie puntuazioak burun sartzen ta, ze esan behar duen pentsatzen, ta nola portatu behar dun jendeakin ta hori ez da gauetik goizera egiten den gauza. Hori pixkaka pixkaka, itturri bat bezala, orain atera behar dena eta gero bete putzua. Hori da bertsoan etorrera.
(Adios! Etorri da berriz atsoa, eta serio gainera. Alajainkoa! "Noleshedichoquesevayandeaqui! ¿Ometengoquenfadaryoconmimaridoporustedes? !Quepocaeducacion..." Ez du merezi segitzeak. Agur benhur! Ospa egin behar eta nonbait segitu orduantxe berotzen hasia zen Moisesekin. Kotxean? Azkenean Sunbillarat abiatzea pentsatzen dugu laurok elkarrekin arratsaldean hango frontoian baitzen bertsolari txapelketaren finala eta Moises kotxerik gabe zegoen eta horrela Berako "Euskalduna" jatetxean dugun kontakto jatorrari esker, eseri ginen "por fin solos" esaten den bezala, oraingoan bai salda, ardoa eta pakea. )
Orain baduzu bertsotarako lagunik hemen Behobian?
Lagunak badauzkat baino musean edo trukean aritzeko bakarra. Bertsotarako lagunik ez daukat hor. Bertsotan aritzez gero kanpora atera beharra daukat, nora hara. Eta bakarrik aritzen banaiz ez dit grazia handirik egiten, zergatik lanean bakarrik ere ez baita itxurosoa, bik ederki egiten dute batak bestea lagunduz. Baditut, halere, grabaturik bertso jarriak, egun batean hamarren bat bertso, beste momentuan beste hamar.
Eta egunero egiten duzun ariketa da hori? Edo momentuko gogozioa?
Bertsoan izaten da, ez da prezisamente... etorri egin behar da, jeneral etorri eta behar du izan gogo asko hartara. Bertsotan aritzeko gogoa behar da, eta horrekin daukazu bertso ona izatea, gogoakin. Lanean ari zarela ere, nahiz ez kantatu, beti pentsatzen bertsoa, eta horrekin egiten duzu mejoratu eta konpletatu.
Eta zer iruditzen zaizu gaurregungo bertsolariak, diferente?
Nik ez diet harrapatzen lehengoen puntuaziorik.
Lehengoak hobeak zeure gustoko?
Nere gustoko bakarra ez. Nik uste dut lehengo bertsolarik puntuk, denak, onenak, hartuk ote dittuen. Garai bateko Txirritanak eta Udarreginak eta Pedro Mari Otañonak eta hoik bertsolari haundigo jotzen dittut gaurko egunekoak baino. Zintetan ta, ederki jarritako bertsoak badaude orain ere, baino haik bezalako bertsorik, zainetik ateratako bertsoak, itturrizko bertsoak jotzen dittut haik. Oraingoak ere ez dire txarrak baino niretzako haik onenak eta beste batek ere hala esango ote dun iruditua daukat. Lehenengo bertso zaharrak direla onenak, puntuazio guzia hartuta baitaukate eta horri buelta ematen zaila izango da, hori tapatzen... hala iruditzen zait.
Txapelketetan justizia egiten da?
Nik uste dut egingo dutela justizie beren iritzin baino neretzako juezik onena ba al dakizu zer litzaken? Bertsolari on bat. Harek egingo luke jueza, ongiena. Juezak euskaraz jakingo du, nik ez dut esaten juezak euskaraz jakingo ez dunik, baino bertsoa kantatzen ez baitu jakingo. Ta bertsoa kantatzen ez baldin badaki, harek gauza garbirik ez lezake egin, ahal den ongiena eginda ere.
Gustora aritzen zara txapelketetan, nerbioso edo?
Ni bai, nik koraje handia dut. Nik nahigo dut 20 jenderekin baino berrehunekin kantatzen aritu. Behin ere ez naiz gelditu kolorea zurituta. Nerbiorik batere ez. Hasieran ere, igual igual orduan ere. Zenbaitek esango luke "horrek ez dik lotsa eta!" Ez, ez, berez behar da naturaleza hori. Hori ez due nahita ere denak izaten. Zenbait tokitan izaten dire... txakurrak egiten duna. Txakurra jartzen duzu bere katean eta hiru edo lau hilabete badaramazki katean, hue jartzen da amorratzeko indizio bat jarri baziozu bezala, hozka egiteko... grrr! aurrera egiten du harek, eta txakur hori katetik laxatzen duzu ta isatsa makurtute martxa egiten du horrek. Hori da kobardetasun hori nola den. Zenbaitek indar eta balore asko izaten dugula geuren lagunekin eta ezagunekin, baino gero kanpoko jendearekin batere ez.
Eta nola ikusten duzu hemendik aintzinera bertsolaritza? Nafarroan eta denetan?
Orain oso ongi harrapatzen dut. Joan den lau urte hontan diferentzi handia egin da Naparroan bertsolaritzan. Diferentzi ikaragarria harrapatzen diot. Gazte jendea behintzat lehenbiziko mailan ondo dijoa. Gustatzen zaio jendeari, oraingo gazte jendeari nola kantatzea hala entzutea, eta hori behar da. Horrekin uste dut harrapatuko dugula gauza gehiago ere, ikusiz beste batzu hasi egiten dire ta horrek asko balio du. Horrekin gauza asko antolatu ditezke, uste ez direnak. Ta bertsolariekin ere euskara ez dela galduko uste dut. Bertsoan nolabaitean euskaraz, horrek euskaraz erakusten du, ta askoko ez dazkien kontu asko ere erakutsi egiten ditu bertsolari batek. Bizitza nola den ta nola egin litekeen eta nola behar den. Eta euskaldunari gustatzen zaio bertsoa asko.
Baino ostatuetan lehen baino guttiago kantatzen da, ez?
Orain ere badira tokiak, batzokietan (soziedadeetan), bertsotan aritzen direnak. Denbora aurrera doa. Salda bana irentsi dugu. Sabela bero-bero dugularik beste gai batzu agertzen dira mahai gainean.
Beste gauza bat. Gaintzan, herrian, orain lehen baino jende gutxiago bizi da, orain herria txikiago da lehen baino?
Ez. Hustu, bi etxe izango dire ni handik aldatuz gero. Baino nik uste jende gehiago dagola, zergatik gazte jendea ikusten da asko ta jende gehiago egongo da. Fabrika ere badago Leitzan edo, autobusean eramaten dituzte ta orain herria ondo dago. Badute lana etxean eta gero badute fabrika.
Tontakeri bat. Soldadutza egin al duzu?
Ez. Tallan ailegatu nintzen baino libratu nintzen seme bakarra nintzelako.
Euskal Herritik kanpora joan zara noizpait ere? Bueno, oihanean izandu baitzinen. Alpesetan edo?
Ez, hemen, Canfranc hontan. Elur egin zun hor udan, eta halare lanean hortxe aritzen ginen, ahal zen bezala.
Zer nolako lana?
Ni mandoekin arrastrean ibiltzen nintzen. Sei mandokin bakar bakarrik. Beste 18 mutil botatzen aritzen ziren, preparatzen. Haiek preparatuta jartzen zituzten goitik behera botata, zeran, tira-birean, ta nik sei mandokin arrastrean hiru kilometro bidean, zeharka. Hola pasa giñun 8 hilabete.
Ta Espanian ibilia zara? Madrilen edo handik inoiz ibili al zara?
Madrilen ez naiz behin ere izandu oraindik. Iruñean bakar batzutan izandu naiz ta gero Santanderren ere, ta Bilbaon ondoan dagoenez ere. Gainerakoa ezer ez. Oraindik behintzat osasuna sentitzen dut ona. Inon minik ez daukat eta izateko esperantzik ez. Akzidenten bat ezpazait gertatzen gauz gogorrik, minik ez dut. Ez reumarik, ez hagineko minik, ez hortzetako minik, deus ere. Ta ni kontent naiz. Etxean otordu ederrak lanetik heltzen naizenean, eta garbitasuna segurua eta hori gauza ederra da. Ni berandu samar ezkondu nintzen baino bere garaian egitea onena. Nik pasatu ditut trantze ederrak zergatik aite ta ama ere hil ziren eta ni bakarrik gelditu nintzen. Seniderik ez nun eta neronek egin behar izaten nittun guztiak, jatekoa preparatu behar, garbitasuna... ta tristea da. Pertsonak ezkondu ezkero 30 urte inguru, hortantxe ongiena. Eta emakumea 24 edo hola. Ni deskuidatu nintzen. Aita eta amak danak egiten zaikiten ta zertako ezkondu. Baina gero izandu zen zartaila neretzako. Dana neronek egin behar bakar bakarrik.
Ta orduan andrea zertako nahi zenuen? Garbitasuna egiteko?
Ta otorduak jartzeko ta hola.
Horretarko bakarrik?
Beno, ta, ez da gutxi! Denak neronek egin behar izaten nittun andrea hartu bitartean. Andrea hartu ezkero ederki.
Ta nola ikusten duzu andrea lan egiten, fabriketan eta?
Aizu, hori ez da nere egitekoa. Gustoa baldin badu emakume batek lan egiteko neregatik egin dezake. Nerea ez da joango lanera nik egiten dutan arte. Hor dago koxka bat. Gizonak ezpadu lanik egiten, andreak joan beharko du. Hori gogor samarra da. Gizonak begira andreak nola lan egiten dun eta jateko biak. Hori baino hobea da gizonak lan egin ta andreak preparatu jateko ta gero biak jatea.
Orain neskei ez zaie hori gustatzen. Orain lanera joan nahi dute.
Lan egin nahi al due? Bai, ongi dago. Nik ez dut esaten soltera dan bitartean lana ez egitea. Ezkondu ezkero etxeko garbitasunak, ta oheak egin behar dire, otordua jarri behar du, alkondarak garbitu, zapatak ere bai, etxea ere bai eta hori dana eginda, lanera ezin da joan.
Eta guzti hori gizonak eginda, emakumea lanera joatea?
Horiek ez dire gizonentzako lan txukunak. Gizona ez dago egina etxeko lanak egiteko. Mundu hontan gauzak ongi preparatuak daude. Emakumeak emakumeen lanak eta gizonak gizonen lanak.
Orduan gizonak behar du emakumea ongi bizitzeko...
Ta ez orain bakarrik. Lehen ere bai. Emakumea gauza prezisoa da etxean. Gainerakoan etxeko txokoak ez dire txukunak egongo. Hautsak hartuko du bazter guztik... Ta gainera uste dut andrerik ez duen gizonak zurrutari ematen diola janaririk ez prestatzeagatik. Lo egin nahiko gero. Hok ez dire bizimoduko martxak.
Orain Iruñean zuk esandako guztia nik esango banu emakumeak hasiko ziren hizketan ni kontra ta jo igual ere. Orain emakumeak oso fuerte jarri dira eta...
Esaiozu zuk Iruñeko emakume horri nik hitz egingo diotela.
Ta dibortziorena nola ikusten duzu?
Dibortzioa... Pertsonak behin bizi behar du ta amargatuta biziz gero dibortzioa egitea hobe, neretzako. Nik jarriko nuke konparazio bat orain, ez dakit zer irudituko zazuen. Ezkondu ta gizonak lanera joan behar du. Baina etxera etortzerako lan hori bidean galtzen du ta andre horrek nola bizi behar du gizon horrekin? Esan nahi nukena da irabazten duna etxera ailegatu baino lehen gastatzen dula. Hori bat, gizonaren aldetik. Emakumearen aldetik beste gauz bat. Gizona langilea da eta irabazten don guztia etxera ekartzen dizu, baino gizon horrek ez du etxean ezer ikusten. Zer pasatzen da hor? Horrekin esan nahi nizuke emakume horrek badauzkela txokoak dirua gastatzeko. Ta gizonak eztaki non diren. Ta jateko etzaio ailegatzen. Edateko ere ez, jazteko ere ez. Non dira txoko horiek? Hor badago zerbait, o bingo o zerbait. Entenditzen duzu? Hola ez bait ditezke bizi. 0 jo egiten dula, o hau edo beste hori egiten dula. Matrimonioko bizimodue da reglamentukoa, biek berdin, konformidadean bizi.
Badaramagu bi ordu pasata Moisesekin eta oraindikan ez du kapelua burutik kendu.
Eta kapelua ez al duzu inoiz kentzen?
Bai, kentzen dut obligazioa dutanean. Konparazio batera, elizan sartzean, edo aitarena egitean. Lo egiterakoan kentzen dut, eh?
Demostrazio txiki bat egitearren kentzen du txapela parra egiten duen bitartean. Egun osoan ez du berriz kenduko, ordea.
Badakizu, umedadea ezpaita gauz onik. Umedadeak pasatzen ditu denak, zure ere usteltzen du, burnie ere jaten du. Umedadea txarra da eta badakizu, "Urte batzu gehio pasatzeko mundun, txapela jarri burun!"
Tagero, hor Irunen edo, politika dela ta polizia dela ta ez dela, giro politikoa nola dago?
Hori nola dagon... pfff, nik ez dut behin ere ikusten zergatik nik gauez lan egiten dut eta gauez ez det ikusten gauz hoik. Pasa egingo dire gauzak, gauez baino nik nola lan egiten dutan gauez, ez dut deus ere ikusten. Eta egunez, berriz, lo egiten dut, asike ni itsua.
Horixe da diplomatiko izatea. Oso erlijiosoa zara ere?
Zainetik bai. Aite ere praile estudiatzen egon zen. Gero, halako estudio alperrik utzi eta baserrira. Gero herrin sekretario jarri zuen, 10 duro irabazten zittun. Hola zortzi urte. Ta bost duro gehio eskatu zittuelako kendu egin zuten sekretaritzatik eta apaiza jarri. Herriko apaiza sekretario jarri zen baino... apezazko bakarrik baitzekin! Ta gauz bat behar zuenean gure etxera etortzen zen: "Aizu, Saturnino, honeko honek zer esan nahi du?" "Horrek hola ta hola". Gero apeza atera zenean esan nion nik: "Aizu, 5 duro gehio eskatuta bota egin ziñuen ta ari zara orain esaten zerak nola diren! Ez esan berriz, etortzen bada esaiozu ez dakizula. Ogie kendu dizute ta harturik ez dizute emango! Ez erakutsi ezer ere!" Apezak bere sueldo bazeukan. Ez zuena nere aite zen. Horrelako gauzak gertatzen dire munduan.
Ardo botila hustutzen dugun bitartean elkarrizketaren gaia bertsolaritzara doa berriz.
Aizu, ta zuk ez duzu diferentziarik ikusten zure gazte denboran aurkitzen zenituen gaiak... festa, baserria, euskera... orain gaiak zailagoak dira; Diborzioa, abortoa, arazo politikoak... bertsolariak jakin behar du, ezta?
Bai, bai orain zailagoa da. Gainera nere ttiki denboran ez zen gairik izaten. Teman aritzen ziren, zeineki hobeago ta, nahi zen klasean. Lehenengo bertsolariak joaten ziren plazara eta hor bat hasten zen, ta gero besteak handiago bota ta jendeak txalo egin... Hortan izaten zen. Lehen aritzen zinen nahi zenduen bezala, librean. Baina oraingo hau ez da bertsolari probatzeko martxa, zergatik bertsotan hasterako bukaturik zaude. Ta bertsolaria ez da probatzen hiru bertsokin. Ondorengo zazpi igual beste batek botako ditu hobeagoak. Ez da denborik probatzeko. Ordu erdiko saioa, konparazio batera, plazan, ta ordun probatzen da bertsolaria, ez lehenbiziko hiru bertsokin ta tak!, txapela horri!
Nik ikusi zaitut bazkalondo batean beste gainerako bertsolari guztien kontra...
Bai. Ikusten nauzu bazkalondo batean ta danak nere kontra. Beharko! Ezin dute ta! Ez al da egie?
Bai, egia da, ni gogoratzen naiz orain dela urte bat Iruñean...
Mekabendiox, beti! Ezin bai dute banaka, hori da! Bertsolarien martxa ez da hiru bertsokin probatzen. Nik lehenbiziko hiru bertsoak ditut txarrenak. Beste zenbaitek, berriz, lehenbiziko 3-4 bertso ditu onak. Handik aurrera igual batez. Bertsolari zenbaitek igual kanpeonaton hiru bertso eder bota ta gero, bazkalondoan ixil-ixilik egon. Ni lehenbiziko hasiera oso motela dut, oso hotza, baino bazkalondoan, handik aurrera, denak nere kontra aritzen dire, banaka ezin bainaue!
Hamabi t' erdiak izango ziren ta itzali genuen kassetea. Handik aurrera bazkaldu, kafea hartu, Bertsolari Txapelketa ikustera joan... Eguna eman genuen Moisesekin eta gauza gehiago kontatu zigun. Ba omen ditu ahariak, proban aritzen direnak. Iturramako festetan izan omen da exibizioa bat egiten ahariekin... Eta gauza asko. Txisteren bat ere bai. Adibidez, hau: "Etxeko nagusiak afeitatu nahi omen zuen eta sukaldera joan zen. Hor bazegoen lorito bat. Gizonak, afeitatzeko tresnak hartuta, loriotoak etengabe esaten omen zion: 'No te has de afeitar y te vas a cortar'. Behin eta berriz gauz bera. Azkenean, etxeko nagusiak, asper asper eginda, sartzen du loritoa komunan, taza barruan eta tapakiaz estaltzen du. Handik pixka batera etxeko andreari pis egiteko gogoa etortzen zio. Komunera doa, eseritzen da eta loritoak barrutik esaten dio: 'Lo ves, lo ves? No te has afeitao y te has cortao'". Edo antzeko zerbait.
|