L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-3 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Kapelo baten azpian

 

Kapi

 

        Hiltzear dugu Nafarroako Bertsolari Txapelketa, dagoeneko ospatu baitira hiru saio eta errematea falta delarik ausartuko naiz bizpahiru aipamen egitera, zenbait gauza komentagarri gertatu delakoan.

        Hasierako hitzek egun hauetan errepikatu den konstatazioa azpimarratzeko izan behar dute. Hau da, Nafarroako bertsolaritzarena goitirantz doan fenomeno dela. Euren gaitasun berexi hori lehenbiziko aldiz jende aintzinean erakustera atrebitu direnak alde batetik, eta zintzurrak herdoiltzen hasiak zituzten bertzeak zirikatuz, erdietsi da parte hartzaileen kopurua ugaritzea nabarmenki.

        Hala eta guztiz ere pensatzen dut ez dugula bide honetan goirik jo oraindik, ezta guttiago ere. Eta aintzinera begira bertze jokaguneak ere tanteatzen hasi beharko genukeela. Konparazio batera, auzo gipuzkoar eta bizkaitarrak zertan ari diren (ikastolak, eskolak) ikustea izan liteke agian abiapuntu egokia geure pausuak norat zuzendu behar ditugun jakiten ahal izateko.

        Txapelketaren maila batez bertze bajua izan da. Geure honetako txapelketetara, eta azkeneko urteetan are gehiago, bertsolari sen pixarra adierazi duen edozein bulkatua izan baita parte hartzeko. Horrek eraman du, gehienbat, kantantzera, zenbait kasutan, txapelketa beraren mekanika ezagutzen ez zuen jendea eta, salbuespen bakanen batean, bertsoak osatzeko ere ezintasun nabarian agertu den bertsolaria (?).

        Forman dauden bertsolariak, bertsolari-ohiak eta era aunitzetako bertsolarigaiak, denak batera, parte hartzeak ematen dio xarma eta, zenbaitetan, xelebrekeria geure honi. Horren ondorioz ere saioak nahiko irregularrak gertatu ohi dira gehienetan.

        Bertsolaritza ahul dago Nafarroan eta ahulezia honen adierazle dira Txapelketa eta bertsolari berberak. Neretako, bakarra ez den arren, une honetan arrazoi nagusi bat dago: nafar bertsolariek guttiegi kantatzen dute.

        Gutti kantatzen dute, bertso-saio gutti antolatzen delakoz. Eta antolatzen diren exkax horietara kanpoko figura konsakratuak ekartzen direlakoz ere bai. Ez dut nik, halere, inola ere bizkaitar eta gipuzkoar maisuen etorrera galerazteko asmorik, ezta pentsatu ere, bainan bertakoak treba daitezen probalekuak eskaini behar zaizkielakoan nago. Ze ez baita kantatze hutsa, kantatu beharrak sorterazten duen motibazio eta prestatu beharra baizik. Bertso-afariak, Bertsolari-Eskolak eta maizexeagiko saioak hilalabizikoak ikusten ditut nik Nafarroan, bertsolaritza bizirik nahi badugu. Horietaz gain, eta etorkizunari begira hau ere, arestian aipatu nahi izan dudan bezala, ikastolek hagitz paper garrantzitsua beteko lukete, bertsolaritza zer den adieraziz eta ahal den neurrian landuz ere.

        Bertzalde eta hariari loturik berriz, aipagarria iruditzen zait bertsolarien artean gertatzen ari den gutti-guttikako berritze eta aldaketa. Belaunaldi berri batek testigua hartu duela erratea gehiegikeria bada ere, erran dezadan bai ordea, bere ordezkariak aurkezten hasia dela. Adin kontua alde batetik eta jatorria edo inguru geografikoarena bertzetik. Hain xuxen ere herri euskaldunetako gazteria aipatzen ari naiz eta herri haundietako (Iruñea, berexiki) euskaldungo berri dinamikoaren inguruan murgildurik daudenak. Horrek, ikusten ahla izan dugun bezala, entzulegoarengan eragin handia izan du, eta hagitz inportantea deritzot honi. Sortu berri den mogimendu honek bere zainak finko errotzen baditu segurtaturik izanen baitugu zenbait urtetarako bertsolaritza gurean. Katea ez da eten izanen.

        Sunbilako finaleko maila nolabait aseguraturik dago, jantzienak pasatu baitira dudarik gabe. Hala ere bertze bakarren batek ere aukeraturiko zenbaitek adina meritu egin duela entzun dut. Ez dakit, ez baititut bertsoak zehatz-mehatz aztertu, eta baitakit nahiko zaila izan behar duela epaimahaikoen lanak. Dena den ukaezinezkoa dirudi zenbait gaztek eginiko aurrerapausua, eta komeni litzateke epaileek ere horixe kontutan hartzea, konprometigarria izan litekeen erabakia, hau da "kontsakratu"ren bat gibelara eta bertze gisakoren bat aintzinera pasa, hala merezi izanez gero, beldurrik gabe hartzeko.

        Eta bukatzeko gorespen berexi batzu egin nahi nizkieke porru-salsa honetan urtez-urte segitzen duten eta hain pertsonalitate kontrastatua agertzen duten beteranoei. Alde batetik, bistak hain gutti laguntzen dion arren hortxe dirauen Mariano Izeta apuntalariari, eta bertzetik egiako jarrera "kasta" erakusten duten lau bertsolariri: Bautista Madariaga arantzar ziria, majoa tipoa!, Moises Jaso, "Janfri", showman berdingabea, F. Iriarte, denen arteko "aiton" terriblea, eta aurten txapelketari adio eta guri nahi duzuen arte dioskun Juanito Perurena sudurgorriari.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.