Izugarria, hi!
Izugarri
Egun batez Iruñeko lau eroren gogoak elkartu ziren bere euskal musikarekiko zaletasunak bultzatuak. Bai larriak diren hasiera guztiak! Ai ene, nola gaindi zitzaketeen momentu haien oztopoak espainar kanta batek esaten duen bezala: osasuna, dirua eta maitasuna sobera asperturik bukatu gabe? Hauxe izan zen biderik errexena: Harat hunat hasi ziren jotzen eta, zer esanik ez, alditxo bat baldin bazegoen mozkor ederrak harrapatzen. Ez zen modu txarra, ez. Denbora pasatzen zen neurrian jende gehiagok taldea handitu zuen eta bertze jende mota batek utzi.
Fanfarre deritzon zera honen istorioa aztertuz aurretik bere izen arrotz horren esanahia nondik datorkigun ikusiko dugu. Fanfarre hitzak badu militar kutsu susmagarria, eta nolabait egia izan liteke. Bada egia, joan den mendeko euskal musikariek tresna musikal berriak eta musikak frantses banda militarretatik atera zituztela neurri batean. Hala ere Iparraldekoek instrumento multzo honi eman zioten geroko erabilpena orobat ezberdina izan zen.
Zentzu zabalago baten barruan orkesta herrikoiak musikagailu klasikoak eta herrikoiak biltzen zituen, bi motatako instrumento hauei tankera herrikoia emanez. Mende baten zehar eta Pirineotako bi aldetara fanfarre aunitz aurki ditzakegu, Adour ibaitik Xiberoraino. Badugu adibide mordoa: Ustaritzen (Laburdi) klarinete, trunpeta, baxua eta atabala jotzen zituzten hango ihauterietako dantzak laguntzeko. Baztan aldean klarinetari, akordiolari eta atabalariak osatutako taldea dugu (arizkundar bati esker jakin dugunez, Maurizio Elizaldek gazte denboran klarineta jotzen zuen). Baxenafarroak musikari kopuru luzea izan du. Hemen, Laburdin bezain erabiliak ditugu klarineta, akordioia, trunpeta, baxua etabar. Eta Donibane Garaziko inguruan biboliñe, Faustin Bentaberrik jokatua.
Gaitak baino lehen bi klarineta jo ohi dira Otsagiko dantzeei musika emaiteko eta Xiberoan txirula, trunpeta, klarineta, atabal eta bonboarekin eratutako taldeak "pastoralak" egiazko Erdi Aroko antzerki mota alaitzen zituen.
Era berean kontutan hartu behar ditugu Erriberako bandak. Ene ustez, talde hauek, "quintetos" izenpean ezagunak, arras ahantziak izan dira eta oraino egin gabeko ikasketa bat merezi dute. Dena dela, talde guztion azken helburua dantza da, nahiz lurralde batekoa izan, nahiz plazako dantza arrunt bat izan; kasu denek funtsa bera daukate.
Jotzeko moduari dagokionez, gaurko musikari batzu eta lehengo grabaketak entzunez, oso tankera berezia zeukatela baiezta dezakegu. Aintzinako dantzen abiadura gaurregungoa baino askoz motelagoa zen.
Baxua geneukan ere zarataren maila, zeren eta orduko musikariei samurki aritzea atsegina bait zitzaien. Bainan agian, apaindurak jotzen zutelarik asmatzen zituztela harrigarriena da.
Ba, ba, zertara zatozkigu hainbeste istoria kontatzen? Zertarako balio du? Beno, esaera ospetsu batek dio: "Bere istoria ezagutzen ez duen herria errepikatzera kondenatuta dago"
Nik erranen nuke: Errepikatu ahalko duk! Aintzinako denboretan herriko musikariak baloratuak izan ziren bederen! Gaurkoak aldiz ez dauzkagu ezta herrikoitzat ere!
Egin dugun diskan aurreko guztia kontutan hartu nahirik, Izugarrikoek bere soinu berezia atera dute. Grabaketa estudio bat zer den ikusiz gero musika herrikoi forma berriak aurkitzeko segitzen dute urratsez urrats.
Talde honek duen soinuaz ideia bat izateko, hona hemen agertzen den tresna multzoa:
Txirula, txanbela, klarineta, bioliñe, akordeoi, bonbardino, flauta, bonbo-txuntak eta atabala.
|