Paco Camino nigarrez
B. Katangatx
Emakumeak ontziak garbitzen ari ziren arratsalde sargoritsu hartan pixka bat geroxeago bloke etxearen itzalpean briska partida jokatzeko grinarekin. Jadanik kalea haurrez heterik zegoen eta ni haien artean, sokaren biraketa ritmiko gero eta biziagoari nere hankena egokitu ezinik. Hameka urteko neskatxa mehar luzexka nintzen, koletak nituelako aitonak "Pitusina" deitzen ninduena. Nere etxe bihurtu zen aiton-amonen kabiaren aintzineko karretera-jostaleku-biltokiari zerion bake giroa desegin zen amak, nerea ez zen bere etxetik etorririk, aitarengana joateko abisua eman zidanean. Beti bezain kikildurik aurkeztu nintzen bere aurrean, ohitura bilakatzen ari zen leloa bere ezpainetatik ateratzen aditzeko: "Preparate, vamos a Sanfermines, que hoy son los toros de Mihura!"
Taxia etorri zen eta a ze lotsa auzoko guziak begira! Aita igo zen serio, egun hoietarako kolonia usainarekin eta "Sacaganchos" (beti bera) txoferraren ondoan eseri, ni gibelean sekula baino ttikiagoa eta bakarrikago sentitu nintzelarik.
Beroak galipota urtzen zuen arren 1500 zaharraren gurpilek, lehertzear, erdiesten zuten behar bezala jiratzeko adinako igurzketa. Mezatara joateko min emiten zidaten zapatak paratu behar izan nituen, eta marra urdineko galtzerdin zuri mantxagabeak xangoari itsasirik nolabait beharturik iruditzen zitzaizkidan zimurrik gabeko tankera hartan. Zeinen eder zeuden ibai bazterretako txopotegiak!
Aitak plaza inguruko jendetzari desafiatzen zion urtero. Beti rebentako txartelak erosten zituen eta aldiro diskutitzen zuen. Kartera ireki eta gutti erabiliak izan diren billete plantxatu horietakoak ateratzen zituen itzalpeko aulkietara joateko. Egun hartan eseritzera joan aintzinetik "patio de caballos" delakora joanen ginela erran zidan. Hura zela guttik ezagutzen zuten bestaren alderdi izkutu ikusgarri eta Paco Camino aurrez aurre ikusiko genuela. Beldurtu nintzen, harat ez bait zen jende normala sartzen. Aitak egin behar zuen zerbait!
Ikaragarri oroipen goxoa aurkitzen dut, ordea, hango hura gogora berrekartzean. Aitaren adierazpen ulerkaitzez apaindurik, nere begiek han zegoena alegiazko munduko pasarteren bat bailitzan deboratu zuten. Komitiba osoa ateratzeko prestatzen zegoen. Laguntzaileak euren janzkerei azkeneko tokeak ematen, zapela bere tokian jartzen eta zaldi gizajoei begiak estaltzen. Gogoangarria zait hagitz, bertatik ikus zitekeen plazaren planoa, handik ageri baitzen, erabateko kontrastea konposatuz, tendidoetako iskanbila eta zalaparta urduria eta areatzaren hustasun eta ixiltasun lasaia.
Bapatean agertu ziren toreroak eta patioa gurutzatu. Haien trajeak deigarriagoak ziren eta laguntzaileekin egin zituzten bizpahiru solas, ate ttiki batetik otoitz egitera desagertu baino lehen. Aitak astindu ttiki bat eman zidan ohartarazteko han heldu zela nere ametsetako idoloa. Eskua hestutu nion indarrez eta kilika batek dardarazi zidan gorputza muturretik muturrera. Eta hantxe zegoen, pixka bat gibelago, hameka aldiz irudikatu nuen bezalakoxea, ilea tirante atzera, morenoa, begi politak eta txatoa. Aitak garraiaturik hurbildu gintzaizkion, ez ondoraino, baina bai nahikoa, negarrez zetorrela naharitu ahal izateko haina.
Harridurak geldierazi gintuen instant batez eta bakean uzteko agindu ziguten bere taldekoek. Argazki firmatu hat hartu eta atettoa iragaten ikusi genuen, nere haitan berak agian sentitzen zuen korapilo berberak hestutzen ninduelarik.
Zezenketa ikusi genuen, aitak, beti hezala, inguruan genituen pertsona ospetsuen eta ruedoan gertatzen zen guztiaren berri zehatza ematen zidalarik. Pertsona heldua bainintzan mintzatzen zitzaidan eta ni entzule mutuaren buru-begi-keinuak egin ohi nition baietza, ezetza edo ta harridura adierazi nahiz edo. Egun hartan ere hala gertatu zen, baina nere gogoa ohizko gune urrunetatik urrunago zegoen, gehienbat bera hasierako desfilean bertzeekin batera ateratzen ikusi genuenean eta gero bakardade osoan oinak poliki eta hozki lurrean frinkatuz, begi ttikiko mantxa beltz adardun erraldoi haiekin hartu-eman zuzenetara plantatu behar izan zuenean. Aita ere ezeroso zegoen eta guttiago hitz egin zidan puroa ahoan maizago sarturik.
Goibelak gailendu ziren zeruan enparantza husten hasi zenean, baina freskura hura ez zen hotza neretzat. Muturra epeldurik zukeen norbaitek aita bulkatuz kristoa armatuko ote zeneko beldurra sentitu nuen hartan ere. Bonboari munduan egin zezakeen azkeneko gauza balitz bezalako indarrez jotzen zion gazte lodi baten izerdi-sangria usaiak iatsu xorabiatu ninduen. Buila eta zalaparta desegokiak iruditzen zitzaizkidan eta etxera joateko desio bizian nengoen. Pixagalea ere jasanezina, ...noizpait atera ahal izan ginen itsaso erogarri hartatik.
Amarekin joaten ginenean barrakei bisita seguro, tonbolan diru pila bat gastatu, zerbait tokatu arte, eta gauez zirko Rusora, ni txoratuta denak errusiar jator ederrak zirela erabat sinetsirik. Aitak irri egiten zuen pailasoekin, eta bera pozik baldin bazegoen gu ere bai.
Hartan, ordea, ama gurekin ez genuenez, autobusetako geltokirat abiatu ginen, taxi batean sartu ninduen ni bakarrik, ordaindu zuen eta agur esan: "Hala mona, le dices a tu madre que ire mañana!" Entzierroa korritzen omen zuen, baina auskalo nola ibiliko zen gau osoan.
Hurrengo egunean lagunekin elkartuko nintzen eta inportantea sentituko, Sanferminetan izan nintzelako eta ametsetan ansiatzen nituen begi haiek nigarrez ikusi nituelako, baina ez nien sekula gertaturikoa kontatuko.
|