El barrio maldito
Felix Urabayen
euskaratzailea: Kaxkamailu
Nafartarra zen nobelagile ospetsu hau Iruñea ondoko herrixka batetan, Ultzurrunen, jaio zen 1.883ko ekainak 10ean. Maisu ikasketak egin zituen eta bukatu ondoren Urzainkin maisu bezala lan egin zuen. Gero Toledoko emakume batekin ezkondu zen eta Toledora joan zen bizitzera. Bi giro ezberdin hauek landu zituen Urabayenek bere liburugintzan. Alde batetik Toledoko giroa eta bestetik giro euskalduna edo baskoa. Urabayen ez da oso ezaguna gure artean, edo hobe esanda nahiko ezezaguna da, agian hemen bizi izan ez zelako edo bere liburuak ez zirelako entzunak izan. Felix Urabayen Madrilen hil zen 1943ko Otsailak 8an.
Ondoan daukazuen Sanferminetako jaien deskribapena bere liburu batetik hartua da. Liburu honen izena El Barrio Maldito (Auzo Madarikatua?) da. Nobela hau nafar nobela bat da. Hemen kokatua eta Arizkungo agoteak hartzen ditu gai zentral edo hari bezala. Nobela hau errez irakurtzen da eta esan dezakegu bere idaztankera nahiko lirikoa dela eta bertze garaietan erabiltzen ziren espresio eta modu refinatu asko erabiltzen dituela. Gaiari buruz nahiko errealista gertatzen zaigu eta askotan gogorregia ere bai Nafarroako izaerak definitu eta kritikatzen dituenean (Baztandarrak, kuenkoak, Iruñakoak eta abar)
Egiazko jaiak, hiri geldiaren amets zaratatsua, Sanferminetako aste klasikoan kokatzen ziren.
Egun hauetan Iruñeako gazteria, karnestolendas garaian ordu batzutan jabe senti zitezkeen erromatar esklabu haien berpizkundea izaten zen. Sanferminak, bai jai handiak! Pedro Marik, gartsuki zioen bezala, data oroigarri horren handitasuna goraipatuz. Geletako bankuei, salmahaiari, bulego edo lantegiari gazteria lotua zuten ohizko kateak hautsi egiten ziren Uztailak 6an arratsaldeko 4etan, bezperak hasten zirenean.
Zoratasunak bere gorputza astintzen zuen. Bakok korrok egiten zuen demokratikoki; Apolo farrez zegoen, eta Jupiter aita berak ere alde batera uzten zituen bere tximistak artaziren bat egiteko gogo onez...
Integrismoko gizon jakintsuek, apezpiku argizagi eta lebitadunek eta gizonezko sainduek Ultzamaruntz ihes egiten zuten, nahiz sinpleziaz beteta zalapartatsua zen bakanal herritar hoietatik eskapo egiteagatik.
Eta iruñatarrak dantza, farre, abestu egiten zuen eta mozkortzen zen, gure aiton-amona maiteek orangutanak ziruditen garai zoriontsu hartan zerabilten edertasun basati berberarekin.
Sanferminetako jaiak!... haietan pentsatzen, morroiak urte osoan zehar bere txanponak itsulapikoan sartzen zituen, langileak, bere buruaz fidatzen ez zena, dirua ugazabari ematen zion berak gorde zezan, eta burges zaharrak ere berea aurrezten zuen kontzertuetara joateko. Hemen Gayarre eta Sarasatek solasgaia emango liokete neguan zehar Suizo kafearen tertulian erabiltzeko.
Uztailak 6tik 14 arte bakanala etengabea zen. Hirurogei orduko abiadura zuen arintasun dionisiakoaz dantza egiten zen, Gazteluko enparantzan.
Zinegotziak irainduak izaten ziren tendidotik, Zesar berak inbidiatuko zituzkeen keinu tribunizioekin.
Inork ez zuen lo egiteaz pentsatzen, ezta eseritzeaz edo segundu batzutan ixiltzearen premiaz.
Hain erlijiosa zen hiri batetan, Dionisios zarata, gar eta grinen Jaungoikoa, ateratzen zen garaile. Eta San Fermin gixajoa, kulto paganozko aste batekin aurkitzen zen, non ez zen ikusten ez keinu aszetikorik ezta kristau errekojimienturako instant txiki bat ere.
Atenasek irabazten zuen katedralen aurrean. Bakok, bere zahato haundia goian zuela, bere barnean esentzialki katolikoak ziren jaiak nagusitzen zituen.
|