L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Argia bat, bi argi

 

Eskypi Baik

 

Amaitua zegoen dena egia kondatzeko hurbildu zintzaizkidatenean. Dena erran dut, bainan hortik aztarnatxo bat geratzen zen oraindik hala ere, ezkerretik eta eskuin aldera zabaltzen zen argiaren azken hondarra hiltzear egon arren bere aintzineko argitasun eta dirdirari esker izpi batek zirauen iluntasunarekin eten gabeko borroka batetan murgildurik.

        Zenbat neke, zenbat izerdi, malkoak ere isuri eta azkenean ezertarako ez. Urte eta erdiko borroka burutu ondoren, ene ingurukoek zekitena jakin izan nuen nik. "Bai, bai, lasai egon, istripua izan baino aurretik bezala ikusiko dute laster zure begiek. Operazio erraz bat besterik ez dizugu eginen eta ikusmen berria izanen duzu". Bainan atzetik zerbait gertatzen zen eta bai gertatu ere. Hamaika hilabete esperantzaz beterik igaro behar buruhaustea konpondu nuenerako. Zenbait egun geroago zoria botata zegoen, batez ere gau latzaren iluntasuna jaun eta jabe, errege eta enperadore egin zenetik, bai, ezargia nagusi bakarra une horretatik altzina. Altzina, aurrera edo aurrerantzean dena berdina. "Altzina" hori egunero zetorren bainan ez zen bukatzen, biharamonean, hurrengo egunean eta hurrengoan "altzina" ere baitzen, betirako gainera, eternitatean ilunpe eta itzaletan. Noiz arte? Eternitatea, zer da eternitatea?, arimaren hilezkortasuna? Zelako gai sakonak etortzen zitzaizkidan burura...

        Orai erabakia hartu dut, epaitza neurea izan da. Epaiketa latza eta gogorra izan bada ere, dena bukatu da. Auzitegiak epai-gizonaren bitartez mintzatu du. Nik irabazi dut, ni neu jueza izan naiz eta. "Gaua luzea izanen denez eta argia desiratzen dudanez, gaua utziz bertzaldera abiatuko naiz". Hau izan da epaitza. Eta bertzaldean benetako argia ikusiko dut, behin betiko, orduan bai mendez mende, eternitatean. Iluntasun honetan bizpahirur minutu falta direnean azalpen zehatzago batzu eman behar ditudalakoan nago. Hauxe bertzerik ez. Itsasoak ez du esperantzarik, ez baitu inoiz ere lurra gaindituko, ezta nik ere. Alde honetan beti itsu segituko dut, biziki eta gogo haundiz bilatu arren ez naiz argiarekin topatuko. Eguzkia bertzaldean kausituko dut, hori da! eta artizarra aurkitzeko mementua iritsi da. Bortz, lau, hiru, bi, bat...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.