L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Heriotzaren ipurdia

 

Joakin Balenzia

 

Oso goiz hasi ziren agoniaren korokak (1). Bukaera fatal bat iragartzen zuten funerariako enplegatuak agertu zirenerako.

        Inork ez zien deirik egin baina hantxe zeuden susmoren bat izan zutelako. Hala ere etxekoak ez ziren deus ez esaten ausartu. Funerariako enplegatuek ematen zuten oso diskret, trebetasun haundikoak negozio hartan.

        Familiaren neska ezagun batek han bertan biluzteko mehatxua egin omen zuen isilago ez baldin baziren egoten. Inork ez zuen konturatu zedineko itxurarik egin baina guztiok berdin berdin pentsatzen ari ziren: ea egia zen. Eta boz altuz mintzatzen jarraitu zuten. Familia-bozeramaleak etengabeki begiztatzen zuen neska mehatxagarria. Azkenik hauxe bere promesa betetzen hasi zen. Emakumezko nahiz gizonezkoen poza oso haundia zen ikuskizun fresku haren aurrean.

        Erabilitako gelen giroa gero eta gehiago betetzen ari zen baina guztiok ados zeuden barruan arnasa hobe egiten zutela kanpoan baino. Hala ere esku azkar batek, bi aldiz pentsatu gabe, ireki zuen etxeko leiho haundi bat eta giroa areago bete egin zen; barnera sartu zen hiri haundi baten udako kutsadura. Leihoa ireki zuen pertsona poliziak identifikatu zuen geroago familia-heredentzia lapur inportante bat bezala.

        Familia-bozeramaleak arratseko zortzietarako paperak galdu zituen jadanik: ez zekien xeheki ordurik, oztopo haundienetariko bat (minutu bat hain preziatua den momentu haietan). Bera ez zen ohartzen ere zer egiten zuten zehazki funerariako enplegatuek beren diskretasunaren kulpagatik. Guzti honek oso nerbiotsua jarrerazten zuen gizona. Hainbat galdu zuen bere itxura ona non ez bait zekien zenbat aldiz agur egin zien etxeko bati eta berteari. Eta gainera neska biluziaren eskenak sobera kilikatu zuen galtzaren trokoa disimulatu ezin zuen eta.

        Okasio honetan oso gizon heldua zen bozeramalea, konpetentea benetan. Dena den berari buruzko datu deskalifikagarri batzuk ezagutzen ziren, zerak: gauetan lo egin ohi zuela zirzilu batekin belarri batean eta goizaldez, Bankura lanegitera joaterakoan, kentzen zuela. Erantzunkizun haundiko kargu hau betetzeko izendatu zutenean zirziluari buruzko datua arras ezezaguna zuten familiarrek.

        Gizon maitagarria zen, baikorra, oso berritsua: astelehenetan bulegoan mintzatzeko futboleko erresultatuak dominatzen dituen hauetariko bat.

Zortzi t'erdietan txirrina jo zutenean bilerarentzako ekarpen berri bat itxadoten zuten familiarrek. Haatik josi-makinak saltzen zituen andre bat zen. Bozeramalearen baimenez etxeko gela batera pasa erazi zuten eta andre batzuk aspertasuna hiltzeko atxaki on bat aurkitu omen zuten. Han bildu eta desagertu ziren afaritarako momentu arte.

        Afaria konbentzipenik gabe zuten iragarria, hainbeste jendearentzat ez zegoen pentsaturik eta. Bitartean oinaze ohantzea ez zuten sekula uzten. Txanda antzeko batzuk egiten zituzten, programarik gabe, ohantzea ez uzteko. Era honetan ez ziren erreparatzen josi-makinetako andreaz interesatu zirenen ausentziaz.

        Txanda hauetan ez zuen parterik hartzen gizon burusoil bibotedun batek (gizon hau ez dago identifikaturik lehenengo kronika hau ixteko orduan). Honek pasatzen zuen une asko zirri egiten damatxo bati (bakarrik berak uzten zionean). Honen berri eman zioten familia-bozeramaleari baina honek ez zion inportantziarik eman irriño ulerkor batez. Une hartan askoz gehiago kezkatzen zuen beste arazoak, zerak: Nola erantzun ziezaiokeen prentsari. Bozeramaleak erran zuenez hara etorriko zen egunsentiarekin gertaeren nota zabala hartzeko.

        Bozeramaleak folioak eta folioak zirriborratzen zituen gero hausteko. Bere problema zen ez zekiela ea ordu horretarako bukaera fatala izango zen edo berriz jarraituko zuten gauzek ordurarte bezala. Azkenik erabaki zuen prestatzea erantzun posible batzuk, zeinak labur bait ditzakegu bi kasu erranetan.

        Une batean beharrezkoa izan zen argiak piztea familia goibeltsuak ikusi ahal izan zitzan beren aurpegi larriak. Afariari buruzko gaia zehazten hasi zen josi-makinetako saltzailearekin geratutako andreek parte hartu zutenean. Emazte deskontsolatuak, bozeramalearen baimena lortuz gero, zuzendu zuen berak pertsonalki afaritarako prestakuntza.

        Heredentzian sar zitezkeen artekoen inork ez zezala alde egin handik azaldu zuten. Kontsideratu zuten josi-makinetako saltzailearen kasua eta aho batez gera zedila erabaki zuten. Egun osoan makinarik saltzea ez zuen lortu eta. Gainera zabaldu zuten esamesa, hau da, bere bost urteko semeak, errukigabekoa, jo eginen ziokeela amari esku hutsekin etxeratu balitz. Horregatik erraten zuten kolekta bat egin zezaketela guztion artean honelako ezbehar itzel horri itzurtzeko.

        Funerariako enplegatuen arazoa konplikatuagoa zen hori baino. Emazte deskontsolatua ez zegoen erabat konforme mahai ondoan jar zitzatela familiarren artean baizik eta balkoira bertara janaria eraman ziezaietela nahi zuen. Hain zuzen leku honetan bozeramaleak aurkitu zituen enplegatuak, azkenean, azterketa anitz egin ondoren. Baina honek ez zuen nahi benetako deskortesia egin ziezaietela, egunsentiko prentsaurrekoan nola justifikatu ez jakiteagatik.

        Momentu horrexetan apeza agertu zen. Honi ere inork ez zion deirik egin, baina ikustean guztiok oso pozik jarri ziren bele talde bat beren jefearen aurrean bezala. Gorpu-itxurako irriño batek bere aurpegia mozten zuen, eskuak maltzurki igurtzen zituen bitartean. Esperantza eta kontsolamenduzko eskuzartatxo anitz bizkarretan banatu ondoren sarreratu zuten eriaren gelara.

        Neurrigabeko mahai bat prestatu zuten aretoan. Apeza buru izan zitekeela pentsatu zuten eta itxadotea erabaki zuten honek oinaze ohantze ondoan buka zitzan bere zereginak. Familia-bozeramaleak apezaren lana zaintzen zuen aditasun adina diskretasunez. Horretarako jantzi-armairuan ezkutatu zen. Iniziatiba arrunt hau kritika gogorrak jasaten hasi zen etxekoen artean. Gehiengo haundi bat horren aurka jarri zen baina gutxiengoak bozeramalearen jarrera defendatzen zuen indarki, oro har ados bait zegoen. Hori zela eta bere bizi pribatuari buruzko datuak apartean ipiniz. Datu hauek gero eta ezagunagoak ziren bere emaztearen bidez. Andre honek ezin zuen jasan ez zirziluaren aferagatik bakarrik baizik eta pitxikeri batzuren kulpagatik ere, ezkontohearekin erlazionatuak guztiak.

        Dena dela gutxiengoaren iritzia, sendoki defendatua, onartu zuten azken finean eta bozeramalearen iniziatiba toleratzea hitzartu zuten. Emazte deskontsolatua aukeratu unean bozeramaleari jantziarmairutiko irteera errazteko geratu zen. Ezin izan zuen hori egin gauerdirarte argi itzalketa orokorra izaterakoan.

        Itzalketa probidentzialeko lipar horretan arindu ziren gertaerak. Afari hotza bukatu zuten. Hotza zegoen afaria, hots, ez hala prestatu zutelako baizik eta halaxe geratu zelako bi ordu egin ondoren. Hemendik eta handik familiak jan zuen zalapartan, eseri gabe, apeza itxadoten zuen bitartean.

        Etxe guztian zehar murmurio bat bezala berria zabaldu zen bozeramaleak erran zuen unean: "Bukaera fatala gertatu da".

        Argiluntasunean, lehenengo kandelak agertu bait ziren, ezin ziren nabaritu han zeudenen poztasunezko aurpegiak. Itzalak luzatu ziren hilaren ohartzea guztiok inguratzerakoan, antzerki zital batean antzo. Emazte deskontsolatuak bere bete-beharra egin zuen egokiro. Urte askotan negarrik egin ez bazuen ere, familia bozeramalearen aholkuak jarraituz, aurreko egunetan saioak egin zituen borondatezko malko lodiak isurtzen. Bere begiak hezatu ziren premiazko unean eta funerariako bat hasi zen alarguntsari erregularki paperezko mukizapiak ematen. Xehetasun horri buruz oso mesedegarriki mintzatzen zen, gaurregungo hileta seguruak hain erabatekoak ziren eta.

        Hileta seguruak nigarra xukatzeko hamar pertsonarentzat salbu ematen ez zuenez (eta askoz gehiago bildu ziren alde honetan), hilaren ohantzea malkozko igerileku bihurtu zen.

        Funerariakoek soberazko lana zuten. Batez ere izerdi anitz ixuri zuten ohantzea atonduz prentsaurrekoan aurkezteko. Hau iragarria zuten goizeko seietarako eta bozeramalea bukaera fatalari buruzko erantzunak prestatzen ari zen:

        "Inork ez dezala uste familia batasuna arrakalatu denik gertaera tamalgarri honen bidez. Guztiz alderantziz: Gutariko inorekin mintzatzen ez zen osaba batek (Ameriketan bizi dena hain zuen) bidali du okasioarentzako telegrama luze eta sentikor bat. Prostituzioa egiten zuen familiako andre batek (arrazoi garbiengatik bere izenik ez dugu erazagutuko) orain hiru egun benetako bide gaiztoa utzi du betirako. Oraintxe dago gure artean heredentziaren irakurketaren zain ea honexek duinki bizitzea permititzen dion. Laster berrogeitamar urte bete eginen duen familiako ateoak prometatu du lehenbailehen egitea lehenbiziko jaunhartzea. Bere aitak ez zion gixajoari egiten utzi adin egokia zuelarik". "Izan ere adibide hauek eta beste anitzek familia batasuna indartu dela argi eta garbi erakusten digute".

        "Gauza askorik explizitoki ezin dut erran heredentziari buruz, notal-sekretupean zuzen inportatua, egiazko papiroan dago izkiriaturik eta beharrezkoa izanen da lupa bat deszifratzeko. Espezialista anitz prest ditugu interpreta dezaten izkiriatua, ingelesaz ez dagoela jakiten bait da. Etxeko anitz beldur dira heredentziako textuan broma gogaikarriren bat izan dadin".

        "Okertzera beldurrik gabe erran dezaket politika eta finantzetako pertsonai altuak hiletara etorriko zaizkigula. Gonbidatu berezia bezala, artzapezpikua, familiaren adiskide mami bat, itxadoten dugu. Agintarien artean militarplazako jenerala nabarmenduko dut. Ongi ezaguna da gure artean, idei garbiko eta eginkizun kaliputsuko gizona, aintzinako zalduna. Jeneral jaunak Cid Campeador-en ezpata eramatea erabaki du hiletarako. Berak libreki aukera dezala utzi dio familiak ezpata maginatik aterata edo sartua. Ezpata sartua eramateko kasuan eskatu diogu pistola kargatu bat eskuan eraman dezala badaezpada. Beste kasuan ezpata altuan eta keinu mehatxagarria jar dezala. Horrexek publikoa hunkitzen du". "Elizkizuna ospatzeko giro on batez eguraldi ederra izanen dela uste dugu..."

        Berri haundirik gabe gaua pasatzen ari zen. Ahal zuen moduan familia egokitzen ari zen gana pasatzeko.

        Heriotzaren ipurdiak zapuzki agur egin zion egunsentiari.

        Prentsaurrekorik ez zen izan. Azkenik agertu zen bozeramalearen asmakizun burutsu bat izan zela dena. Familiak lotsa haundi hau jasan zuen irmeki gizonaren aurkako neurriak hartzea pentsatzen zuen bitartean.

 

(1) Koroka: Hiltzeko zorian daudenen arnasa berezia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.