L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Karlismoa hil da... biba post-karlismoa—

 

Kalaxin, kalaxoan

 

Aingeru Epalza

 

                (Margarita Etxandiaren oroitzapen liburutikako pasarteak,
                1936an Santakarako frantses-porru zelaietan  "Matapobres"ek
                afusilatu zituenen omenez eta mendekuz hautatuak).

 

                        "Si tu padre se tirase

                        cuatro veces del balcón

                        tu también te tirarías

                        pa' seguir la tradición"

                                (Nafarroako haur kanta herrikoia)

 

1979

Keparen haiduru nengoen iadanik. Lehiotik ikusia nuen, bere ondoeza agiriko bilakatzen zuen pauso maingu dilindariez, karrikaren kriseilu bakarraren argipean hitsa. Ordulariari so, hamabi minutu zenbatu nuen etxeko ataria trabeskatu eta zerrailaren hotsa aditu bitartean. Hiru pisuetako eskailerek nahasia behar bada, bertan zalapart eginen zuela iruditu zitzaidan pasabide hertsi ilunaren muturretik. Nere begiek ñir-ñir zegioten. Irrifar ilauna somatu nion. Banekien izatez ere soinean neraman bata urdin loredunak bere zeinua narotuko zuela.

        Egongelaren ate zirrikatutik amaren irudia ikus zitekeen Jazintoren haur irudimena berotzen bien eskuek sostengatzen zuten argazki album higatu batekin. "Orduan gisa honetako makinarik ez zenez, zuri utzi diagu Felipe zuen aitatxiren aitatxiren aitari berez dagokion lekua".

        Kepak, ia ia errestan, bere ganbarako atea bultzatuz gero ohatzearen gainean abandonatu zuen gorputza. Jarraiki nintzaion hotsik egin gabe. Erantzi txapela beltza, kendu adidak eta lekeitiarra besaulkiaren gainean paratu nion ahalik eta qutien higieraziz. Polizien makilkadak utziriko urdinak zaintze arren alkoholez igurtzi nion bizkarra. Bitartean, bere baitara itzulerazi nahiean, tairik gabe: "aizak mutiko, hi ergel hutsa haiz, ez da?".

        Pasabidera berriz atera nintzenean amaren ahotsa ailegatu zitzaidan: "Zumalakarrigerekin batera ibili zuan eta 'beltz' aunitz hil ere aulki... Zalditik erorita zintzurra bihurritu zitzeioan etsaien bataloiak noiz agertuko barrandan zegoelarik".

 

1981

Peter-en eztula pilpiratuek ez zuten ez ama ez Jazinto arranguratu etxeko atea doi-doietan zabaldu zuenean. "...Eta hau nere aitatxi duk, Kasimiro izenekoa. Gure amak, zuen amatxik, kondatu zidanez kementsuenetan kementsuena —zihardukion axolagabe anaia tikiari—. Bere lagun taldearekin batera mendira atera zuan Carlos VIIgarrenaren semearen alde. Begi artean jotako tiro batez hil zian bere taldekiderik minenak goardia zibil batekin tronpaturik".

        Komunean kausitu nuen. Belaurika, inodoroaren uraska bi eskuez atxikirik. Hartzano lepokoa, hamaika belarritako, bi kilo kate eta gerriko iltzedunaren zamak okerturik, burua uraskaren barnetik ezin atera zebilen aieneka. Hodei beltz batek euria isurika, tua eta izerdia nahasten zitzaizkion kopeta blai. Biloren galdur laztua, ziri ohian more, berezko kolore gorri-argia bereganatzen ari zen piskana.

        Sukalderaino eraman nuen. "Etxabakoizko heavyak izan ditun. Banan-banan nere kateorratz guziak irentsierazi zizkidanate" ahopekatu zidan. Nere betartean ez zuen haatik kupida arrastorik hatzeman. "Egunetik egunera gero eta zozoagoa". Begiak begi-barneetarik at so qelditu zitzaidan. Ilargi betearen dizdiren isladez braga eta bularretakoa nabarmentzen zitzaizkidan kamisoiaren azpian.

        Nere eskuek eskeintzen zioten garbigarri beroa espantu haundiz edan zuen xurrupaka.

 

1983

Negar zotinka urratu zuen Pedritok gau hartan bere ganbarako iluntasuna. Galpar ederra guraizeek desegina, hain harro zegoen masailbizar luzeak labana automatikoaz moztuak, Konfederazioaren bandera izartsua erakusten zuen kamiseta —Iruñako bakarrenetarik doi-doi— goiti eta beheiti zatikatua. Londrestik lagun batek ekarritako txupa beltza baizik ez zuen gatazkatik salbatua. "Mod madarikatuak, mod madarikatuak!" errepikatzen zuen behin eta berriz aiumeka.

        Ez nintzen beti ere berehalakoan atera.

        Egongela amak, gaueko bezala, buruz ikasitako ikasgaia errepikatzen ari bailitz: "Hau aita duk. Eite ederreko gizona, bai alafede. Jurramendin joan zitzeiguan maiatzeko igande loretsu batez. Jota bat kantatzeari ekin eta horra non eztarriko zain bat lehertzen zaion. Gaixoa!".

        Edatsean eginiko sarraskia konpontzen saiatu nintzaion orrazi batez. Hotsalki beti ere. Bere malkoak idorterazi nahirik "hire gisako inoxorik ez diat sekula ere ezagutu" erraten nion haur bati bezala eraginez. Bere ganbarako lanpararen argi mehe horixkak nere kamisoiaren gardentasuna areagotzen zuen. Azpian deus ere ez neramanaz ohartu zenean besoetan lokartu zitzaidan zurrungaka. "Behin ere ez" aditu nion estali aitzin, ametsetan mintzo.

 

1985

Egun osoa prestakuntzetan eman zuen Pedro Marik. Pasabidean alde batetik bertzera, Jazinto, zoramenean, gibelean, armairuen barrenak arakatzen adi nezakeen ganbaran giltzapetua banintzen ere. Abertzale zeneko adidak zangoetan paratu zituenean. Punki zeneko kate zamatsuak gerrikoari egokitu zitzaizkionean. Rocker zeneko kazadora beltza jantzi zuenean.

        Amaren begiak heze —"argazkietan bezalakoa, argazkietan bezalakoa"— esku higidura hanpatuez zamaritik erori aitatxiren aitatxiren aitaren txapela gorria diotu zion buruari. Aitatxik 36an erabilitako zizpa erdoildua bizkarrean ziztzilikatu zuen ere.

        Ama eta anaiari besarkada bana ematen ziela eta menturatu nintzen atea zabaltzen. Pipiak jan zura ustelaren karraskak nereganatu zuen irrifartsu. Amak bi aldiz plantxatu bere kamiseta berriak, zuri-zuria, San Andresen gurutze berdea erdian, begiak hertsierazi zizkidan. Nere bilustasunari so gelditu zen lipar batez eta ondotik pot eman zidan eskuineko masailean. Bi hilabetetako bizarrak azkurea sorterazi zidan. "Tu est béte, mon vieux" murmurikatu nion ateruntz abiatzen zelarik. Zurbildurak irrifarra deuseztu zion.

        Ez nintzen, ama eta Jazinto gisara, agur erran beharrez lehioetaratu. Ez eta talkak sorterazi hotsa aditu ere. Beren ohiuek erakutsi zidaten nere anaia zendua zela iadanik.

        Jazintok —tristura baino areago nolabaiteko dezepzioa zerioten bere begiek— kondatu zidanez, bere motorra, lanbretta zaharkitu bat, azpikoz harturik ateratzen ari zen, eskuekin agurka, kamioi hori ailegatu eta zapaldu zuenean. Pedro Mari —Kepa, Peter, Pedrito— gure anaiak nagusiak ez omen zuen gibelera begiratzeko ohituerarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.