L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Karlismoa hil da... biba post-karlismoa—

 

Egiazko karlista zaharraren beldurrak

 

Horbel

 

        Ez dakite zer asmatzen. Uste dute, historigileen arabera, karlismoa hil dela, hil zela hobe esan. Bai, zera!

        Historigileak... Zergatik horrela deituko diegun historia iskribatzen dutenei, kontatu besterik ez badute egiten? Haiek berek egiten dutelakoan historia egongo dira... Gizagaixoak! Gaitzerdi, historia, benetako historia ez dute hauek egiten, beste jendek baizik! Gaitzerdi, bizi garenok, bizi izan eta izanen direnek egiten dugu historia! Historigile direlakoek nahi dutena konta bezate, bainan egia, egia da, historia, historia da.

        Karlismoaren harira dator digresio hau. Irakurle gertagaitzak barka nazan, baina nere onetik ateratzen naute historiaren gezurtatzaile tituludun hauek. Karlismoaren bizitza hildako historiara bidali nahi dutelako. Karlismo bizi hau, gure bizitza politiko osoa nagusitzen duen karlismoaren semeak direla, postkarlistak direla, zer diren jakiteko karlismoa erreferentzi puntua hartu behar dutela, ezer ez direla karlismorik gabe, inork ezin dutela haiek berak ulertzen karlismoari so eginik gabe. Ez dira izanen, ez, karlistak, bainan zer izanen ziren aurreko karlistarik gabe?

 

        Karlisten garaipen iraunkorra

        Bainan goazen asuntoa aztertzera..

        Uste erazi nahi digute karlismoak bere borroka galdu zuela, bi bider, gero bake eta hondamena egoerari egokitu behar zitzaiola, geroago bere indarra galtzen joan zela eta Euskadin edo Catalunyan nazionalismoa bihurtu zela eta azkenik, gaur, karlista bakarmintzaile batzuren testigutzan besterik ez dela gelditzen.

        Asko hitz egin baharko nuke gaurko karlista izenekoei buruz. Baina gauza bakar bat esanen dut: euskal nazionalistak karlistak ez diren era berean, hauk ere ez direla karlistak, egiazko karlistak. Nazionalistak bezala, karlismoaren semeak direla. Gehienez, karlista modernoak direla... Bainan hor dago kontraesana. Karlista eta modernoa..., ezinezkoa. Aintzinako erregimenaren aldekoa eta modernoa, nola izan?

        Bai, guk, benetako karlistok, Karlista Alderdi delakoan ez gaudenok eta Carlos VII.aren itzultzea denboren amaieran espero dugunok, ez dugu espero garaipena lortzeko, zoriona opatzeko baizik, gure garaipen haundia irauten jakiteagatik.

        Atzo, gaur eta biharko garaipen etengabeari sariaren eguna izanen da.

        Izan ere, nahiz kontrakoa esan, karlismoa izan da Espainaren jabea, karlismoak agindu du Espainian. Eta gaur ere, nahiz beste era maltzurrago batez, karlismoak nagusitzen du Espainia.

        Eske karlistek, bai, gerra militarra galdu, bainan politikoa irabazi zuten. Eta ez, ez dut hitz egiten foru eta huskeri hoiei buruz. Batzuek diote liberalek gerra irabazi zutela foruen alderdia laztandu zutenean. Beste batzuek esaten dute liberal eta karlisten artean beste frakzio bat sortu zela liberal ideologiaren aldekoa, baina foruen aldekoa ere bai. Hauek diotenez, liberal zati honek erregimen berrian ikusten zuten askatasun kontzeptu bera ikusiko zuen euskal foruetan. Zati honek, liberalen artean nagusitu zenean eta foruen benetako aldekotzat agertu zenean euskaldunen aurrean, karlistak "rebeldes sin causa" direlakoak bihurtu zituen edo, gehienez, gizon baten tronunahiaren aldeko erreboltariak bakarrik.

        Agian, egia da. Eta hau izan zen karlisten militar kapazidadearen amaieraren hasiera. Bainan hau izan zen ere bere garaipen politikoaren hasiera. Egia esan, liberalek foruak bereganatu zituztenean, karlista bihurtu ziren. Euskal foruak, aintzinako erregimenarenetariko gelditzen ziren bakarrak, orokorrak egin ziren, Espainia osoan zabaldu eta geroko, historiarentzat berrartutakoak ikusi ziren.

 

        Muñagorriren azpijokoa

        Zeren eta egiazkoa dena Muñagorri ez zela liberalen agenterik izan baita. Liberaltzat hartu eraztea izan da gure historiaren asmakeri haundia.

        Karlistek ez zutela gerra irabaziko ikusi zutenean, Muñagorri ekintza antolatu zuten. Horretarako, Arnaok, benetako karlista agentea liberalen artean, lana garratzitsuena egin zuen. Liberal gobernu desberdinetako aholkularia egin zen, euskal eta karlisten arazoetarako, eta monarkiko eta erlijioso liberalen artean foruen ideiak sartzen joaten zen bitartean —"Jaungoikoa, Erregea, Foruak" karlisten eslogana osatuz horrela—, Espainiar gobernunari sinestaraztera iritsi zen "Paz y Fueros" zelako bandera altxa behar zuela, ez liberal bezala, karlista bezala baizik. Horrela, zion gobernuari, euskaldunek utziko zituzten armak eta karlistek gerra galduko zuten. Liberal erlijioso, monarkiko eta azkenik foruen aldekoei asmoa atsegin zitzaienean, proposatu zuen Arnaok karlista bat, liberala izanen bailitzen, aurrera eramateko plana. Karlista hori Muñagorri zen.

        Denek liberaltzat hartu zuten. Militar batzuek bakarrik susmatzen zuten zerbait eta topaketaren bat eduki zuten Muñagorriren bandakin, Bidasoan esaterako. Baina bere eginkizuna bete ahal zuen eta etsaiak engainatu zituela bai batzuei eta bai besteei sinestaratzen zien bitartean, liberal monarkikoenekin azpijokatzen zuen. Azkenik, liberalak karlista bihurtu zituen, hori karlistei sinestarazi zien eta, militarren susmoengatik izan ez balitz, pakea lor zezakeen.

        Ez zen hainbesteraino iritsi, bainan hazia erein zuen. Hazia loratu zenean, liberalek bereganatu zituzten foruak beren eskuz sinatuz, bakea elkar izenpetu zuten liberalek eta karlistek eta amnistia eta gizarteko birtsarketa eman zizkien liberalek karlistei.

        Horrela izan zen, bai noski, boterera iritsi zirela karlistak. Galdu zuten gerra militarren aurrean, bainan beraiengana erakarri zituzten politikoak. Geroago, boteretik, erakarriko zituzten militarrak.

 

        Karlistak, denak karlistak

        Handik aurrera, honeraino, ia beti karlistek gobernua eduki zuten. 1868. urteraino ez zuten esperantzaren bat besteek karlistei boterea kentzeko. Bainan oso laister Isabelen kontrako iraultzak berriz eutsi zien printzipio monarkikoei. Eta bere Isabelen aurkako jitea mantenduz, Europan zehar errege bila ibili ziren. Aurkitutako Amadeok ez zuen asko iraun eta hura izan zen aukera ederra boterea hartu ahal zutenean gelditzen ziren benetako liberal gutxiek. Erregeari uko egin zioten eta errepublika aldarrikatu zuten. Ofizial erlijioari uko egin zioten eta errepublika laikoa aldarrikatu zuten. Erlijio eta erregeari uko eginez gero, zer axola izaten zitzaien karlistei liberalek foruekin egin ahalgo luketena?

        1874. urtean, karlistek, ejerzitoaren boterea beren eskuetan, pronunciamiento delako bat egin behar zuten eta Sagunton, Martínez Camposek egindako ekintza dela medio, birsartu zituzten erregea, egiazko erlijio bakarra eta espiritu forala Espainia osoarentzat. Eta orain Cánovasekin, bihar Sagastakin, etzi Maurakin, hurrengo egunean Canalejasekin, Dato edo Romanonesekin bukatzeko, karlistek —Jaungoikoa, Foruak eta Erregea— boterea mantentzen jakin zuten urte asko artean.

        Berriz desgastatuko ziren, ia berrogei urte beranduago, eta kilikolo ibili ziren egiazko liberalekin, edo hobe esan haien ondorengo zuzenekin, hots, erradikalak, ezkertiarrak eta iraultzaileak. Aldi berean, egin behar zuten ere karlisterik gogorrenen ondorengo zuzenen aurka, zeinek, Euskal Herrian eta Catalunyan, nazionalista bihurtuak bati ziren. Anarkiaz, botere ezerezaz urte batzu jarraitu zuten eta, berriz, karlistek, ongi indarberritutakoak, orden eta autoritatea jarri ahal zituzten. Primo de Rivera izan zen printzipio karlisten berrezarlea.

        Une hontatik egunoraino, bigarren errepublikaren tartea ezik —eta errepublikan ere bi urtez agintzen zuten—, ez zuten beren eskuetatik boterea sueltatu nahi. Azken denboraldi honetan, nahiz partidu ezkertiar bat gobernuan egon, karlistek jarraitzen dute Espainia osoan agintzen dutenak izaten. Egia esateko, bereengana erakartzen jakin zuten liberalen semeei, Canalejas antiklerikalekin egina zeukaten bezala mendeko hasieran, eta gaurko PSOEk, liberaltik erradikalenen semea zen Partidu Sozialista zahar honek, amoreman dio desgastaturiko karlisten sustituzioari, Erregearen pean —Carlos izeneko, gutxi bailitzen—, Elizaren eskubide historiko guziak errespetatuz eta Foruak amejoratuz.

 

        Karlisten semeak

        Bai, karlistek, aintzinako erregimenaren alde borrokatu zutenek, konbat zelaian galdu bainan jauregietan irabazi zuten —Jauregi generala, kasualidadez, azpijokatu zen Arnaokin—, eta garaitu zuten Espainian. Liberal gehienak karlista bihurtu ziren eta burugogor gutxienetatik geroko ezker eta iraultzaile partiduak sortu ziren. Hauetatik bat, industralizazioa dela kausa, indartsuegi egin zenean, hots, aipaturiko Partidu Sozialista, bereengana erakarri zuten karlistek, tratalaririk onenak, erosi zuten hitz batez.

        Bestaldetik, karlista gehienek ere uste zuten haiek berek irabazita zeukatela partida politikoa, baina zati txiki batek esijitzen zuen militar garaipena ere, borroka zelaian era irabazpena. Hauek ez zuten sinatu Bergarako pakerik, ezta Zornotzakorik ere. Carlos VII.ak muga gurutzatu zuenean, haren azken jarraitzaileak ez ziren konturatu han bukatu behar zutenik haien ametsek eta errekonozitu behar zutenik egiazko karlismoa Espainaren egiazko jabea izaten ari zela.

        Karlismo gogorrak, militar irabazpenen herrimintzaileak ez zuen ezer egitekorik eta batzuek mende honetako hauteskunde gatazkei jo zieten bitartean, beste batzuk nazionalista bihurtu ziren.

        Hauek liluragarrizko arrakasta irabazten joango ziren eta konfesatu behar dugu karlistok istilu gorritan jartzen ari zaizkigula gauregun, Euskadin eta Catalunyan, orain dela mende eta erdi bat liberalekin guk egin genuen bezala.

        Eta nahiz ahalegin haundiak egiten ari Madriletik, karlisten koartel orokorratik, nazionalistak, etsai berri hauk erakartzeko, beldur naiz gure azken ordua iristen hasiko ote zaigun.

 

        Makila on, haundi eta luzearen azpijokoa

        Eta nik baietz esanen nuke. Izan ere, abertzaleek ez dute zer egiterik militar zelaian, baina badituzte oso agente onak, guk beste denboretan bezala, azpijokatuz azkartasun haundiaz. Zalantzaren bat badago beharbada, nahiko izanen da bi agente nazionalisten izenak gogoreraztea: On eta Haundia batena eta Azkar Haga —Makila Luzea— bestearena.

        Bien artean, Muñagorri eta Arnao bezala, bakearen bandera altxa egin dute eta, gudarientzat barkapena lortuz, batailoi batek armak entrega ditzan lortu dute ere. Bitartean, makila on, haundia eta luzearen azpijokuetaz —ikustaraziz, adibidez, euskal abertzalatasunaren nekrofilia eta karlista agentetzat beren buruak hartu eraziz—, konbentzitzen ari zaie gure Madrilgo karlistei nazionalismotik kanpoan salbaziorik ez dagoela.

        Abertzale askok ez dute konprenitzen ere, karlista batzuek Carlos jaunaren haroan bezala, bi agente hauetako eginkizun historikoa eta, gure artean, karlisten artean, ez gara ere konturatzen horretaz eta partida gal zorian gaude. Militar arloan irabazten ditugunez gero, pentsatzen dugu lerro osoan derrotatuko ditugula.

        Hau dela-ta dator nere historia, nere diatriba historigilean kontra, nere oroitzapena karlisten zeloaz estalitako eta egiazko garipenari buruz. Nazionalistek, gaur egun, liberalei guk egin geniena guri ez egiteko.

        Eta, alafedea!, ez digute eginen. Carlos VIII.a itzuliko da denboren amaieran guri zorionopa izateko haren bandera irauten jakiteagatik. Baietz, karlismoaren zehar Jainkoarengana!

Iruña, 1985-ko urtarrilaren 16-an

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.