Karlismoa hil da... biba post-karlismoa
Bergarako besarkada
Josepa Oregi
Rafael izan zen atea jo zuen lehena. Nik, nire aldetik, niregana etorriko zela primeran banenkien ere ez nuen espero benetan aitortzen dizuet gau hartan ezagutu nituen bi gizonezkorik zaharrenari zegokion bisita izango zenik. Aitzitik ere, Baldomerok, nire gainean lehen puestoa beteko zuelakoan nengoenez gero, lehengo momentutik txit harriturik geratu nintzen. "Sar, hip!, naiteke; maitea"...
Kandela pizturik nuenez, gudajakaren urrezko botoien disdiramenaz ohartu nintzen berehala. Erdi hordirik idoroko nuela jakin arren, halako alproja antzarik nahikoa iruditu zitzaidan neri. Horretaz ba nuen nik zer ikusi handirik: Rafaelek zurrutatu zituen bi botila ardo nork eragin ote zuen? Nork piztu zuen, ba, aragiaren desioa estomagua bildoski koipatsu okelaz betearazi ta gero?... "Ni neuk, Joxepa Oregi, Bergara eta bere inguruko emakume ostalaririk famatu eta estimatuena. Ni neuk, euskal gizonezkoa nolakoa den ongien eta hoberik ezagutzen duen emakumeak. Ni neuk, Matalo Arbolatik lau haizetara bero eta gartsuena"... Eta ezinbestekoan, hara han, aurrez-aurre niregana azkapuzkaz hurbildurik gau zoro hartan izango zen nire lehengo arra.
Uniformea erantzi ondoren ohe ondoko aulki batetan lagatu zuen. Gero, ezpata dekoroz nonbait zaindu nahian, paretan zintzilikaturiko Kristo haundixegi bat deseskekiz haren ordez ezarri zuen horrelako aldaketak eskatzen duen begirune osoz. Eranskin guztiak gabetu ta gero hurbildu zen ohera. Sartzeko zorian zegoela, juxtu-juxtu anka batez airen Rafael Marotok karlisten jenerala, aspalditik nahi zuen desioari egiteko kausitzen zen momentuan: "Ken zak txapela, alu horrek" iragarri nion algara egiten nuen bitartez. Txapela aireratu bezain fite esku-zarta batez maindireak alderatu zituen nire gorputza biluzia ikuskatzeko gogo eta asmo lizunez.
Murciako seme harentzako bizkortasuna omen zen garrantzizkoa, ezen, nik gehien maite dudan gizonezkoen gorpuzkia karrask egiteko presto zegoelakoan, azken ikutzea ematearren nire ahoruntz erakartzen saiatu nintzen. Ezeren dudarik gabe ahozkoa zen karlistak gehienik irrikatu zuen demasia zeren nire sabel azpira begiradarik bat ere jo gabe, arestian Kristo izandako lekura zuzentzen zituen gegiak extasiaturik. Bitartean, nire ezpainak eta mihiak, gizonezkoekiko plazerra sortzeko behar diren halako mugimenduak eragiteko, ez zuten ia betarik euki.
"Nolako banana, halako danbada"-ren arabera izan zen, guztiz ikaragarria, zin egiten dut; inoiz ahaztutzen ez den horietakoa, benetan! Ezpataraino berberaino haziztatu zuen abere-foral hark!!!
Zakilaren tiraina baretu ondoren, apur-apurka etzan egin zen nire parean lo goxo batean hondoratzen.
Korrokaden tonuak eta agorrilaren azkeneko gauaren berotasunak ulertarazi zidaten gutariko bat sobran zegoela ohean, eta bat joatekotan bidezkoa eman zidan karlista izan litekeela. Honela, nire indar guziei esker kanporatu nuen solu gainean lotan geraturik horma eta ohe bitartean. Ni baita loak hartu ninduen ere, baina alditxo batez eta kriseiluaren erre-usainak iratzarri ninduen nire senara etorriaz...
"Nolako ikara, Jexus!, zer egingo ote zuen beste soldadu hark nire logelan tonto-aurpegi hura batez niri begira?..." Eta ederra naizen bezain azkarra nire buruari lantzen hasi nintzaion erantzun lasaigarria eskeiniz:
"Hor aurrean duzuna, Joxepa, zeure ostatuan eta zeurekin ere afaldu duena da"... Nor eta beste jenerala, Baldomero Espartero izenekoa!
Neri, egia esateko, ostatura sartu eta lehen momentutik ez nuen begikotzat hartu ezta on-etsi ere: Gizon hura ez zen karlista, ez zen gutar horietako bat; beraz, nola izan maitekor aintzineko legeak zatitu nahi dituenetako batekin? galdetu nion neure buruari. Nahizta "hura" nire ofizioa izan, liberalekin ez nengoen karlistekin bezain gustora.
Harira berriro helduz, hor zegoen liberalen itxaropen politiko eta militarra; hortxe, aurrez-aurre, aurretikoaren xoxo-aurpegi berberaz neri begiztatzen. Bukaezineko une batzuez, jeneralaren eiteak, eta bereiziki, aurpegiaren zurbiltasunak pentsarazi zidaten nire aurrean zegoen hura ez ote zen izango behin Donostian ikusitako marmolezko estatua miragarri bat. Baina ez! "Hura ez zen estatua bat, estatuek txalarik egiten ez dutelako Baldomero ari zen gisan" pentsatu nuen nik.
Gorputza arindu ta gero, arropaz erantzita, nirekin kontzentraturik etorriko zen ariketari ekin zion. Karlistak ez bezala, legearen arabera zen atsegin zuena eta zartada biolento batez berrogeitaseiko gizon baten soin-txistua nire zatirik preziatuaren artean ezarri zidan. Nolako soinu eta orroa, liberalarena!...
Bere zama oraindik deskargatu gabe zegoelarik, egundokoa gertatu zen: Oheaz bestaldean Marotoren aurpegia agertzen ikusi nuen. Hura zen hura!...
Nik banenkien biharmonean bi ejertzitoak enfrentatu behar zirela gure herri ondoko zelai batetan guda odolgarri eta trajiko hura bukatzeko asmo bakarrez, burruka horren garailea osoko garailetzat joko zutelarik bi bandoek...
Hasiera batez, beldurtu egin nintzen. Zernolako begiradak botatzen zizkioten elkarri! Baina elkar ikustera eragiten zutena ez zen nik barrundatzen nuena. Marotoren zakil-egoera ikusteak, Espartero bezain kilikaturik zegoela konpreni arazi zidan.
Une gutxitan, biak ziren nire amanteak, biak nire zulotxo guztiak bete nahirikan. Joku polita hasieran, inkomodo xamar gerokoan, ezen militar haiei ez bait zitzaien inondik nabaritzen emakumeekiko halako arreta eta samurtasuna. Hori zela ta, desio ez nituela adierazi nien, hori bai, biziro kabrearaziz. Haien senetik atera zirenez gero, eta gehiago jasan ezinik elkarri berriz barruratzen zioten...
Behingoan, imajina ezinekoa suertatu zen: Liberala karlistaren gibeletik ezarriz; nekez lehengoan, asarrez biziz geroxeago, esku batez kanpaia kotzen zuen artean, atzetikan eman zion berea...
Karlista eta liberalaren batasuna kontsumatu ondoren, biak ahituak, ohe ertzetatik amets sakon batez amildu ziren...
* * *
Hurrengo egunean, eta suertatu zenari buruzkoaren lekuko ez izan arren, bi ejertzitoek akordatu zuten seinalearen zain ziren unean, Rafael Marotok eta Baldomero Esparterok ezpata zorrotik atera beharrean, biak elkar hurbilduz, besarkada fuerte batez bukatutzat eman zuten guda.
1.840 garreneko agorrila 31an "Besarkada"-ren lehengo urtemugan
|