Karlismoa hil da... biba post-karlismoa
Nafar homunculusa
Xabier Txantrearena
"Navarra tierra de contrastes,
crisol de razas y culturas,
donde tantos pueblos dejaron
su semilla".
Kapitoste Kualkiera
"Aiet Gadol Leolam Adonai!" txinpartek kixkalitako abotsa ozenki aditu zen, jendez gainezka zegoen enparantza zeharkatuz, garren zarta instant batez ixilerazi ondoren.
"Aiet Gadol Leolam...", supituki jasotako haize zurrunbiloaren indarrez boza altxatu zen berriz, sumetaren gabilei zerion kea xahutuz.
Zigortuak, kehazkuraren eraginez estulka, Yhavé izena eternitate osorako bedeinkatzen zuen: "Aiet Gadol..." Baina sua bizkortzen zen heinean motelduz zihoan garraxi hebraikoa.
Ibrahim Josaith-ek, Tudelako sinagogan Torah irakurle eta Moises de Leon-en (ez da honen izena entzun ez duen alkimistarik) eskola hermetikan ikasia, ez zuen bere zoria madarikatzen hiltzear egon arren. Judutarren patua kristauen ezpata edota gurutz muturrean labraturik baitago. Are gehiago, edonor israeliarrek zirkuntzidatugabeen begietan mehatxurik ezkutuenak irakur ditzake, esperientziak, maisu bikaina, bizitza arriskutan dutela beti erakutsi diolako.
Hala izanik, duela hilabete pare bat, presagioz hornituriko ilunabar hartan, bere zoriaren geroa ezagutu ahal izan zuen Ibrahim-ek. Enkargu bitxi hura hartu ondotik bere lehen eta dagoeneko ezbehar guztien iturriamistiko ta martiriek destinoa onartzen duten modura, berea ere etsipenez bereganatu zuen. Nafar Gorteetako ordezkariek ahopetik, emandako zereginak zekarkion zoritxarra jakin bazekien; halere, bidenteen fatalismoz, etorkizuna eragotzi nahi gabe Ibrahim bere destinoarekin ados zetorren.
Ibrahim-ek, hiltzeko gertu, ezpainak okerturik zeuzkan. Ahoa irriño maltzurkeri bat zen. Garaipen irribarra, bai horixe. Gelditzen zitzaion azken mendekua. Sufrimendu itzelak eta tormentoren infamiak kenduko ez lioketen irria.
Ibrahim, Nafar erresuman ziharduen galeno-alkimistarik trebe eta arituena zela inork ez zuen uko eginen, erligio ta arraza prejuizioak gaindituz. Horregatik, hilketa ta persekuzio anitzetan, Aljaman egindako eraso odoltsu bakoitzean, kristauen gorroto ta basakerietatik Ibrahim-en etxea errespetatua izaten zen.
Kristalezko erretorta, alkohola destilatzen zuen opalinozko alambike, sukre ta jarabe mazeratzen ziren matrazetan, morroi eta laborari pobreen zorion apur bakarra zetzan. Elixir ta alkahali inofensiboen izenez amodiozko filtro, ungüento ta edari miresgarriak eskeintzen zitzaizkien, mixeriak, orduz bederen, bazter zitzaten.
Idazteke zegoen paktu haren ordainez, kristauen erligiozaletasunaren sutsua alkimistaren etxeko atarian baretzen zen. Erromakideen arrabia Ibrahim-en alboko auzokideei larriki bikoizten zitzaien, konpensatzeko edo.
Egun hartan, kolpe ta kisketadaz lagundurik, aginduzko oihuek, apez sermoietakoen gisakoak, Ibrahim-en etxeko atea gogorki astindu zuten. Arratsaldetik bertatik, Ibrahim-ek igaro ziren equnak bizitzari qehitu beharrean biltzeko falta zitzaizkionak deskontatzeari ekin zion. Aurrez aurre, kapa ta txanoz aurpegierak erdi estalirik, Nafar Gorteetako ordezkari ohoretsuak zeuden.
Enkargua ez zen nolanahikoa! Nahiz eta Cabala-ren ikasketan bizitzaren ordurik hoberenak eman, berez ta izatez enkargu sakrilegoa suertatzen zitzaion.
Erresumako ricos hombres agurgarri hoiek nafar esentia ororen zaindari ez zebiltzen txantxetan. Autoritatez hitzegin zioten, baina eskaera ura erregua, otoi kasik zirudiela somatzen zuen Ibrahim-ek. Desesperaturik eta zer egin jakin gabe dagoenaren suplika.
"Gutariko inork ez du nafar nortasunean dagoen euskal sustrairik ezeztatuko mintzo ziren notableak. Baina nafarrok, baskongadook bakarrik ez garelakoan gaude. Aintzinean agian, ez gaur egunean. Mota ugaritako odol ta esnea dabil gure zainetan". (1)
Hitzaldi borobilak liluraturik, hura elokuentzia! goian aipaturikoaren arrazoi zientifikoen zertzeladatan enbalatu ziren.
"Nafarroa, hainbat arraza eta hizkuntzen mortairua da. Gure lurraldetikan pasa izan diren, mendeetan zehar, arraza, herri, tribuen kopurua arrunt handia izanik, zeozer utzi digutela sinistu beharko, ezta? Hori dela ta, gaurko ukaezinezko errealitateari dagokion nafar arraza berri bat, sortzeko premia atzeragaitza dugu. Influentzia guztien ispilua.
Beraz, beste edozein arrazaren eratara, hala nola, arimarik gabeko beltza gixajo edo ijitoek dutena, arbasoren bat behar dugu ere, gure arraza modernoaren lehendabiziko patriarka izatearren. Nafar etnia erreziklatu honen sortzailea. Geroko ondorengoen aita ta jatorria. Bi hitzez: ADAN bat (Evaren beharrik ez dago hain argi). Gure nafar arraza berriaren prototipoa, gizaki miresgarria, menperatu gaituzten elemento kultur ta fisiko guzien konpendioa izan dedin, hala espero.
Eta zuk, Ibrahim, azti ta sorginkerietan jakintsu, erabil, orain bai, zure deabruzko ahalmen hoiek Nafarroaren onurako". (2)
Ibrahim-ek "ezinak ez duela legerik" azaldu zien. Haatik, nahiz eta alkimista batentzat arras proposamen tentagarri izan, bizitza sortzeko eskubidea Jainkoaren eskuetan besterik ez datzala, Goikoari dagokio bakarrik eta...
Jauntxoen insistentzia torturagailuen mina bezain konbinzentea geratu omen zitzaien Ibrahim-en hezur zigortuei eta handik egun batzuen buruan lanari lotu zitzaion.
Jauntxoentzat, erresuman hegaka zebilen euskal izpiritua mamurik handienetarikoa zenez gero, enkargua burutzeko epeak laburtu zizkioten. Nafarroaren euskal sustraietatik zetorkien arrisku zehaztugabea, erresumako notableen ametsetan sarritan itxuratzen zen. Euskal nortasuna Nafarroatik ahalik eta laisterren ezabatzeak obsesionatzen zituen.
Nafar izaera zazpi arrazetan oinarritzen zen Jauntxoen iritziz.
Zazpi arrazak metalak haina direla, konturatu zen Ibrahim hainbat ikerketan aritu ondoren.
Zazpi arrazak planetak zazpi diren bezalaxe arrazonatu zuen.
Zazpi arrazak, arkanjelu eta buruaren irekiduren kopuru bera, dedukzio sakonean erinduz. Zazpi arrazak, zazpi euskal herrialde ere.
Koinzidentzia teologika haietaz ohartzean lasaitu zen Ibrahim-en arima, eta beren alkimiazaletasunak eramana Nafar homunculusa egiten ahalegindu zen.
Esmeraldaren Taula eta Corpus Hermeticum liburuetan daudan aholkuak jarraitu zituen; zeinetan, interpretatzen dakitenentzat, munduko magia guzia aurki daitekeen.
Nafar Homunculusa eraikitzeko ezinbesteko errai eta gorputz zatiak garaiz heltzen zitzaizkion (profanazio nazkagarri zirela medio) baina Ibrahim-ek ez zien sekulan tutik galdegiten.
Erromatarren garaiko hilobietan arretaz arakatu zen. Ergelenak ere badaki Italiako hoien ondarrak gure herriaren agerpen historikoaren zutabeak izan zirela. Hara, hezur pila eskeletotzat.
Beso ta eskuak, Frantziako merkatariarenak, salmentan arituak, salerosketarako abilak. Gure ekonomiaren oinharriak ezarri zituztenei oroimenez.
Mairu baten burua, turbanterik gabe hori bai. Arabiarrak Penintsula osoaz jabetu ziren, influentzia sobera utziz, gauza jakina. Beraz, gure menperatzaileekin txit jende eskerronekoa garela frogatzeko, hurrengorako badaezpada ere, homunkulusa-ren burua mahometarra izan zen.
Israelgo semeen hanka arin eta bizkorrak ekarri ziren. Ihesari emateko hanka egokiak, benetan. Puntu honetara iristean Ibrahim ezetza ematen saitu zen, hain proiektu mostruosoan herri judutarra inplika ez zedin. Alferrik. Jauntxoen begirada hotzaren arrazoi persuasiboak dastatu ondoren, erdi osatutako homunkulusari hankak erantsi zizkion, ahoa zabaldu gabe.
Bizarra ta bibotea, bisigodu iletsuenak. Akaso barbaro haien eragina ez da, sarritan, goraipatu? "Domuit vascones, Domuit vascones" behin eta berriro dio beren erregeen kronikak. Zanpatu gintuzten bai. Proiektu harrigarri honetan txokoa irabazia zuten, eskubide osoz.
Mingaina, Kastilako trobadore batena. Egia esan, nafar notable asko, erromantzez aritzean hiztun oker eta trakets ziren. Hala ta guztiz ere, edozein hizkuntza "lingua navarrorum" baino preziatu eta solemneagoa zeritzaie goi mailako nafar zaldunei.
Zakil ta barrabilak? Haiek buruhausteak! Zeren eta apendize hauen ardurapean arraza berriaren birsokuntza zetzan. Bistan zegoen tramankulu horren garrantzia. Aho batez, apez batenak ezartzea onartu zen, Elizgizonek zakil dantzaria omen dutelako. Ordezkarietariko tonsuratua gorritu zen, harro-harro kolkorako gaineratuz: "arrazoirik ez zaie falta". (3)
Andalatetxe-hi! elkarri begira linaje onenetariko buruzagiak. "Jatorriz nafar baten zerbait, puskaren bat ezartzea ahaztu zaigu! Denetarik erabili dugu hemengoak ezik!".
Zer kendu ez kendu eztabaitatu ondoren, ez luzaro noski, aski izanen zela ADAN artifizial hori, nafar janzkeraz apaintzea pentsatu zuten eta, ontzat emanez, bukatu zen proiektoaren lehendabiziko atala. Orain arteko Antropologiaren erizpide guztiak hankaz gora jarriko zituen Proiektoak.
Ibrahim-ek suntantzia guzti muinetan dagoen azufre, merkurio eta gatza, quinta esenttiarekin nahastu zuen, zelosoki gorderik zuen poeta sufi batengandik jasotako formula.
Emeki, argariko txuria, balearen esperma eta errinozerontearen adarahutsarekin bor-bor ezarri zuen lapikoan, harri unibertsala, bizitzaren elixirra bilaka zedin.
Salomon-en klabikula izeneko grimorio-ak dioenez, izpirituak konbokatzeko ezinbestekoa den zirkuloa marraztu ondotik, erdian homunkulusaren gorpua zelarik, erresumako prohombreak inguruan jezarri ziren.
Ibrahim-ek esaera erritualak, silabaz silaba errezitatzen hasi zen. Hitzei zerien kutsu dramatikoa ez zen batere teatrala, ez nekazari ximpleak ikaratzeko modukoa. Ibrahim-entzat bere bizitzaren unerik garrantzitsuena zen. Cabala-ren egiara jaio zenetik itxoiten zuen momentua.
"Jaiko ahaldunaren izenean konjuratzen zaituzte: Khether, Primum Mobile. Tifereth eta Malkoth, indarra ta argiaren jabeak... eta bla-bla-bla, siu-siu, mar-marmar, kux-kux-kux..."
Mahaiaren gainean maindirez estalita, zerraldo etzanda zegoen automataren gorpua, elixir magikoz igurtzen zuen.
Noble zaldun eta hidalgoak izerditan blai, begiak zabal zabalik, itolarrian. Hura urduritasunaren urduritasuna Adan kankailu berriari so.
Ibrahim jira biraka zebilen konjuroa ahozkatuz:
Unapetha Pamac Namyolas
Pachabê Samahac Orrahya Eliton.
Bapatean, maindirepean zerbait higitu zen. Gorputzaren erdialdean oihala tolestu zen berriz. Beldurrak bultzaturik atzeratu ziren guztiok. Hainbat burruketan frogaturiko agintarien balorea hotzikara izutua besterik ez zen orain.
Ibrahim, kreaturaren sortzailea, hurbildu eta esku dardaratsu batez, maindire puntari heldurik, desestali zuen.
Haragi hilez eginiko panpin erraldoia inerte zegoen. Membroek, Ibrahim-ek elkar josiak, bizirik gabe zirauten lehen bezalaxe. Hondar ustelduak. Ahotik, barnean bizi ziren harrak, mordoxka, lerroan zihoazen beste mokau goxo baten bila, barruko erraiak ondo marrazkatu ondoren.
Halere, gorputz nazkagarri hartan zerbait bizirik ikus zitekeen: ZAKILA! Zutik, irmo, Mosen, abade edo fraileren atributu oparoa, itsasontzi mastaren antzekoa, gorputik nabarmentzen zen.
Zeharo harri ta zur nobleak pitxari begira. Mutuak, ezin sinistu, kikirrioa, penea, gero ta gehiago handitzen zen bitartean.
Zurruta hotsak espandamendutik esnatu zituen. Prepuzioak, iturri bilakatua, pixa euri kementsua jaurtiki zien. Pixa ta urea lurrintsuak gela, tresna zientitikoak ta dignatario berak zipriztintzen zituen.
Nafar Gorteetako mandatariak, "ur bedeinkatuaz" zeharo bustirik, etxetik urrundu ziren.
Sasi artean, begi indiskretoetatik at, eguzkitan lehor zitezen janzkiak paratu zituzten. Biluzik, formalismorik gabeko epaiketa laburrean Ibrahim-en bizitzaren geroa erabaki zen:
"Sutara, sutara, sutara (4)" banan bana ordezkarieen sententzia. Guztiona? guztiok apezpikuarena salbo.
Monseñori txanda heldu zitzaionean, alkimista gixarajoaren aldeko "pater noster" baten murmurioz bete zuen erantzuna. Nabari zen Elizaren potentzia hain ondo frogatu zuen jakintsu horrekin zorretan zela. Apaltasun faltsuz horniturik, elizaren urrikalpen infinitua erakutsi zuen berriz, bere baitan pentsatzen zuen artean Nola bidali Inpernutara Elizaren boterea hain garbi demostratu duen artesau buru zorrotz hori?
Hiriko lau eliza, zazpi komentu ta ermitako ezkileen errepikek Ibrahim infidelaren (Gure Jesukristo hilketaren konplitzea) zigorra alaiki ospatzen zuten.
Ibrahim-i, aldez aurretik espero zuenez gero, ez zitzaion hainbeste inporta. Bere hilketaren onarpena iluntzen zuen zalantza bakarra: esperimento hartatik nor irten zen irabazle jakitea: Zakil zerutarra, mirakuluz zutitua, duda izpirik ez.
Nafarroako erresuma osoan mendez mende, inolako aldaketarik gabe, sendo iraungo zutenak Elizaren potroak izanen ote? (Hau metafora fina!)
Izpiritu erligiosoa kenduz, erresuma zahar hontako biztanleen izaera guztiz pasakor ta aldagarria zen? Bistakoa beraz zertan oinarritzen zen nafar nortasun xelebrea. Eta hortarako hainbeste handitasun ta harropuskeria? Hortarako mila koartada kultur-historikoen bila, foral jatorriaren alabantza, odol eta navarrismo garbitasunaren defentsa, gure berezitasun ta ezaugarrien laudorioa eta beste mila hitz panpoxa, azkenean sotana baten itzalpean hiltzeko?
Bapatean, Ibrahim-en otoiz eta Yhavé gorapenak moztu ziren.
Sumetatik barre algara bortitza entzun zitekeen. Parra amaigabea. Iruñeako populua, irri basatiak hunkitua, mututu zen. Tormentoak Ibrahim judutarra erotu zuela ustez enparantza agudu hustu zuten.
Oharra: Ulertu nahi duenak uler dezala parabola poskarlista honen esana.
(1) Aikimiak, kimikaren bidez, sortarazten omen dituen "gizakiok". Homunkulus-a, GOLEM...
(2) Ez dago esatekorik, irakurle estimatu hori, hitzaldi honen hizkera erabat modernizaturik dagola. Sintaxi ta hiztegia moldatu dugu XX. mendeko semeok aise uler dezaqun.
(3) Aintzinako apezen sexualitatearen gorabeherataz interesaturik zaudetenok, KORROK-5-alean, txosten interesgarria duzue, "Eguzkiaren beroaz" izenekoa ta KAPI-ren eskutik sortua.
(4) Judutarren aurkako gorrotoa berez handia bada, pixaz errebozaturik, eztakizue noraino ailega daitekeen.
|