L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

—Karlismoa hil da... biba post-karlismoa—

 

Horoscopo post-karlista

 

Himenez del Oso

 

        Komeni zaizu jakitea hurrengo hilabeteak zer ekarriko duen. KORROK aldizkaria beti bere irakurleen zerbitzuan, zeuentzat baliagarriak izan daitezken lanak eskuratzen saiatzen da. Astrologo famatu batengana jo dugu oraingo honetan eta hona hemen pasa diguna.

 

        ARIES. Pentsatzeari utzi baldin badiozu aspaldidanik, ez du axola. Ikusi, bestela. Karlistek lau idei ikasi bazituzten (DIOS-PATRIA-FUEROS-REY), geroxeago hiru besterik ez zizkieten eskatzen (DIOS-PATRIA-REY). Hurrengo gerrarako bi besterik ez dituzu mamitu beharko (DIOS-REY). Dios betikoa da eta Rey nor den ez du inportantziarik. Beraz, segi dezakezu edaten lasai. Ilargia eta artizarra alde dituzu. Taberna berri bat irekiko dute, "El Intravenoso". Bertan edari alkoholiko guztiak gotero baten bidez zuzenki sartuko dizkizute zainetan. Sartu sinfalta.

        TAURO. Hurrengo Sanferminetan zezen batek harrapa zaitzake. Zirristatzeko arriskua Estafetako bihurgunean. Holandesa guztiak zuri so egongo dira, esaiozu amari jantziak ongi garbitzeko. Teknika hobetzeko, hitz egin ezazu "divino"ekin, eta igo Labriteko eskailerak zaku bete harriz, korrika. Kontuz patxaranarekin.

        GÉMINIS. Bere gaitasun ezak eta esne txarra nabariak eraginda, ezagun batek —laguna nekez dei daiteken horietakoa— enkoinatzen ahal zaitu. Kasu, ez bidali oiloak perratzera, etorkizunean parlamentario edo deputatu izatera hel bait daiteke.

        CANCER. Damutu zaitez, dohakabea! "Asociación Católica de Padres" delakoa sutan dago zure kontra. Opusekoak, aldiz, amorru bizian. Eta dena eskapularioak ordaindu ez zenizkielako. Zure irtenbide bakarra Javierreko Superbasilikaren kostoa ordaintzea izango da, eta kontent egon, bestela erahil zaitzakete. Amabirjina ager dakizuke ametsetan.

        LEO. Signo honen pean jaio zaretenok hobe jaio ez bazinate. Fraile ikastetxe batetara eramango zaituzte, Zaragozara joan beharko duzue ikastera eta Ceutan soldadutza egin beharko. Gero txaketa aldatu beharko duzue bospasei aldiz lana lortu baino lehen. Zer zaren jakingo ez duzularik ezkonduko zarete eta postkarlistatxo batzu munduratuko dituzue, zeinak hamabost urterekin bertan behera utziko bait zaituztete.

        VIRGO. Garai ederra zuretzat, lagun hori! "El Mantequilla"-k eramango zaitu sauna foralera, bertan atzetik ziria ederki sakatzen dizula. Garbi ezazu ipurtzuloa artoski. Noranahi zoazela ere, ez atzendu gurina eta kondoi paketea.

        LIBRA. Kultur-listoen signoa. Navarro-postkarlista zarela esatearekin batera, sarigai gertatzen ahal zara. "Principe de Viana"k erregalatuko dizu pipa bat (erretzekoa). Garunari eragiten ez badiozu, mutiko ona bazara eta etxeko-zapatak jarririk lasai-lasai hotsik egin gabe zure logelan gelditzen bazara, baliteke "Navarra" saria eskuratzea. Aipu eta gloriaren laguna ez bazara kontuz ibili, estatua bat egin nahi dizute Cascanten. Neska bazara, bi epaiketa irabaziko dituzu, ejerzitoaren kontra bata eta eskuindar ospetsu baten kontra bestea. Honen ondorioz gartzeleratuko zaituzte eta isun gogorra pagatu beharko duzu.

        ESCORPION. Poza eta oinazea ezagutuko duzu, txandaka. Sarrerarik gabe geldituko zara Nafarroaren jaialdietan, baina Urdazkeneko jira-biran zure kultur-posea asetuko da. Eta honetan ere ezin baduzu sarrerarik eskuratu, lasai. Etorriko dira Udaberriko parranda eta Neguko nahasteborrastea.

        SAGITARIO. Signo txarra futbolzaleentzat. Atletic-eko forofo batek burua hautsiko duzu boteilakada emanez. Esparzari hautsiko zaio bernazurra. Elche-k puntuatuko du Sadarrean Etxeberriak gola lortzeko aukera ezinhobea alferrikalduko duelarik. Ezkurrak igoko du sarreraren prezioa. Dena den dana ez dago zure kontra. Auto-stop egiten ari zarela Ostivar-ek, Gabari-k edo Mañu-k sinatzen ahal dizute autografo bat.

        CAPRICORNIO. Langabezian bazaude ere, horrek ez du axola. Laister bilatuko duzu ogibidea. Izeba dirudun batek sos saila utziko dizu hil eta gero, jatetxe bat, paratzeko haina. Zuk Valtierran irekiko duzu eta diru asko irabaziko amerikanoei saltzen diezun ajoarriero eta ardo gorriarekin.

        ACUARIO. Signo honetan jaiotako karguzaleok zorionean zaudete! Zeuen garaia iritsi da, izarrak zeuen alde daude. Postkarlismoaren etorrerarekin aulki bakoitza dagokion ipurdiaz beteta zegoela uste bazenuten ere, ez da horrela. Arribistek utzitako poltrona bakarrenetarikoak eskura ditzakezue hilabete honetan.

        PISCIS. Kontuz ibili. Garai txarrak pasatu beharrean zaude. Rumanian landatutako patxaranen uzta galduko da, kazkabarra dela eta. Extremadurako ale-biltzaileek igoera eskatuko dizute. Segi ezazu gure aholkua eta aldatu landare guztiak Asiako partera. Langile merke eta onak. Zu bezalako postkarlista batek begibizkorra izan behar du negozio kontuetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.