Ura eta odola bildu dira
Joakin Balentzia
(Esther-i)
Ura eta odola bildu dira, sabel ugalkorra,
tximista, elefantearen grina, esku pentsakorra;
zimeldu dira loreak, hainbeste lore,
baina hire begiek jarraitzen dute
barruko errekak margotzen,
ura eta odola biltzen.
Haragizko harkaitza, bideetako mahatsondoa,
mamia, heldu den mundua, fruita
haur bihurtzeko zorian;
malkoen gorritasunak ezin du estali
hire aurpegi harro eta zurbila;
itzaletako kapela,
izarretako barraskiloa,
gauetako garrasia.
Ohantze honetara itzuli behar, pentsatuz,
aurkitzen dut bere arrasto zerrepela
bakardaderik sakonenean, mamuen karrikan;
liburu samin eta eder hi haiz,
bizia dastatzeko leku eskerga, erraldoiemea,
amildegi irekia indarrak neurtzeko.
Aspalditik itxia dago paradisua guretzat,
sobera gorrotatzen dugun katu itsuok, zorionez,
ibiltzerakoan ordenuaren aztarnak ezabatu
nahiean aurkitu hindudan,
garaietako zubia,
herri honen alaba samurra,
nire bila hentorrelarik,
bular erretak, mingain moztuak, pasioa.
Edo ohitura behartsuaren esklabutasuna,
oinazeagatik poza,
emakumezkoaren isiltasuna,
kaka zaharra!,
zorro arrosa burua ezkutatzeko;
zapalkuntzarik aintzinakoena, heriotza?
Ez, etsimendua. Belaunikatzea, itxadote luzea,
harriak, zutabeak, iluntasun hezeak.
Hik iraun huen haize zital horietan zehar,
lizarra, haritza, mendia, erraldoiemea;
basoa mugitzen da jadanik gaztelua
asaltatzeko kupidarik gabe; gaur da
gerra bikain bat, oihuak, erostak, dardarak:
herri honen alabak erakusten du bere benetako tamainua.
|