L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-Korrika (7. zenbakia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Oinak

 

Xanti Begiristain

 

Orain dela urte asko eta asko, euskara oraindikan galtzeko eta deagertzeko arriskutan zegoenean, Euskal Herriko hiri batetan gizon bat bizi zen. Baina gizon hau ez zen nolanahikoa ez, bazuen bere arrarokeria. Begira, txikitatik bi oin sendo, arin eta zabliren jabea izan zen. Baina haietaz pozik eta harro egon beharrean haserraturik ibiltzen zen beti beraiekin. Ez zituen bat ere maitatzen; are gehiago oraindik, gorrotatu, guttietsi eta gaitzerabili egiten zituen lotsagabeki.

        —Beti ibiltzen zarete lurrean, arrastaka eta burutik hain urrun...! —esaten zien maiz.

 

Hala ba, haurtzarotik hasi zen makinaren bat erabiltzen. Lehen triziklo bat izan zen. Gero bizikleta bat eskuratu zuen, baina honekin ere pedalei eraginez zer edo zer nekatzen zenez gero beranduago motozikleta bat erosi zuen. Hau orden kategoria gutxikoa iruditu zitzaion eta berehalaxe haundi horietako batengatik aldatu zuen. Orduan bai gustora ibiltzen zela hiri eta herrietako errepideen zehar ziztu bizian!.

 

Hala eta guztiz ere, jakina, neguan eta eguraldi txarra zegoenean busti eta hoztu egiten zen, eta noizbait kotxetxo bat erosteko garaia iritsia zela hasi zen pentsatzen.

        Hasieran, noski, diru askoren jabea ez izanik "Seiscientos" delako batekin konformatu egin behar izan zuen. Baina handik gutxitara gutxiegi eta txikiegi zitzaiolakoan haundi bat eskuratzeko gogoetan hasi zen, eta baita, aldez edo moldez, lortu ere, "Mercedes" izeneko bat alegia, "besteak neretzat kategoria txikia bait zuen", sarritan hori esaten zuen behinik behin.

 

Bitartean oinak gero eta gehiago mespretxatzen zituen; usai txarra eta jasanezinezko kiratsa botatzen zituztela leporatzen zien sarri baino gehiagotan. Bestaldetik, oinez bizi biziki nekatu egiten zela esaten zuen beti "gizajoak".

        Jadanik osoko nagia eta potoloa bihurturik zegoen. Oinek aldiz, bere gorputz motela forman mantentzeko, gogotik ibiltzea komeni zitzaiola esaten zioten behin eta berriz, baina kia!, gure gizonari bost axola eta erdi!. Honek hauxe erantzuten zien:

        — Nere kotxearen ondoan eztuzue deustarako ere balio!.

 

Honezkero guztizko gizon motorizatu eta alfer bat genuen, eta oinen behin ere, inolako beharrik ez zuela izanen pentsatzen hasi zen eta bere burua horrela konbentzitu nahi zuen besteak beste.

        —...Eta gainera, maiz askotan garbitu egin behar zaituet zikin horiek!, leporatzen zien behin eta berriz.

        Dagoeneko motoredun ibilgailu guztiak izugarri maite zituen, eta oinez haatik ozta ozta zebilen, iaia ahazten hasia zen sabelaundi eta gizen zegoelarik.

 

Urteak joan urteak etorri, bere hiritik lehenengo "KORRIKA" igarotzeko tenorea iritsi zen eta besteak baino gutxiago ez izateagatik, kontxo! "oso" euskaltzalea bait zen, KORRIKAn eskuhartu zuen baina ez bere hanketaz, ez horixe!, baizik eta bere Mercedes dotoreaz.

        Oinez laisterka zihoan jendeari parre egiteko adorerik ere ez zitzaion faltatu:

        —Bai, zoritxarreko eta errukarriak—, pentsatzen zuen bere baitan.

        Hala, denbora aurrera joan zen eta lehendabiziko KORRIKA ere igaro zen. Baita bigarren eta hirugarrena ere.

 

Gure gizon harroputza ere handik segitzen zen alde batetara eta bestera jo eta kea baina beti bere kotxe haundiaz bikainki eserita eta oso laister, bai noski.

        Zorigaiztoko egun batetan ordea egundoko istripua pairatu behar izan zuen alajaina eta bertan berebila eta bi oinak galdu zituan. Haiek ziren arrengurak eta desitxaropenak...!

 

Baina, bien bitartean euskararen arazoa ez zijoan askoz hobe, eta aldi beren Euskal Herriko hizkuntza bultzatu eta aurrera eramateko asmoarekin AEK izeneko erakunde batek, beti bezala, urte hartan ere, zegokion KORRIKA antolatu zuen, laugarrena alegia.

 

Besteetan bezalaxe, aurten ere gure gizonak parte hartu nahi izan zuen, nola ez hain euskaldun izanda...!, baina oraingo honetan ez zuen beste erremediorik izan gurpil-aulki batetan ibiltzea baizik, eta gainerako jendearen artean joatean bekaizkeria eta ikustezina sentitzen zituen oinez ezin joateagatik; oraingoan ez zion jendeari mespretxu eta parrik egiten, baizik eta bai negarrari eman bere gogoan hauxe errepikatzen zuelarik saminez:

        —Ene oin polit eta maitagarriak, ene oin...!.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.