L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-Korrika (7. zenbakia) (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Sakonegi gorputzarentzat

 

Horbel

 

Entzuna genuen Jaungoikoa, Babel Dorrean, gizonez mendekatu zela euskara sortueraziz. Hura mendeku hura! Eta mendeku luzea...

        Hori dela eta, agian, denbora pasa, gure askatzaileak agertu zirenean, "en cristiano" hitzegiarazi nahi ziguten.

        Bainan guk ere geureak ditugu. Nork esanen luke "euskaldun, fededun" apotegma zahar hura, "euskaraz eta kitto-llis pekata mundi" delako berria bihurtuko litzatekela?

 

Bagenekien euskara omen zela Europako hizkuntz aurreindoeuropear bakarra. Ez genekiena zen azken-indio-europearren hizkuntza bihurtuko litzatekela. Eta, kontuz!, gure ohore osoa indiar guztientzat, bainan ez ditugu haien erreserbak inbidiatzen.

        Badirudi, dena dela, Nafarroako euskarari buruzko lege mehatxagarri hori erreserba natural hestuen bila dabilela, bainan ehiztari ekologisten jostaldirako. Nola ulertu, bestela, gure lege hori azkonaz oinarritzea? Jexus!...

 

Gure historiaren lehen korrika, Anibalena zen. Alpe Mendietaraino iritsi bezain laister, Italia erromatarra ikustean, konturatu ginen latineraren aurreko defentsarik onena gure lurraldeetan zegoela. Eta gure arbasoek Anibal abandonatu zuten, honera itzuli zirelarik.

        Handik aurrera, Malato zuhaitzeraino besterik ez genuen korrika egin. Navas de Tolosaraino heldu ginen behin batean, kateaz beterik itzuli ginen: barneko kateaz, kanpokoak baino askoz kezkagarriagoak.

        Gaur dagoeneko, zorionez, gure lurraldeetan barna korrika egiten dugu.

 

Dena dela, Voltairek Piriniotako bi mazelatan abesti eta dantzan ikusi gintuenean, ezin gintzake imajina korrika gure hizkuntza salbatzeko. Zer erranen luke korrika ikusiko bagintu? Eta, batez ere, ahaleginagatik korroka entzunen baligu?...

        Egia esan, euskaldunok beti apostulari: euskara presaka galtzen ari bait zitzaigun, guk korrika salba nahi dugu.

 

Euskararen genealogi zuhaitza adarrik gabe eta kukula hodei artean ikusiezina galtzen zaion enbor bat besterik ez omen da. Hori dela eta, seguro, habe batzu jarri nahi izan dizkiote zutik mantentzeko.

        Hala ere, errietan gabiltza zuhaitzak, hainbeste akatsa duenez gero, habe edo txertakerak beharko dituenentz. Lagun batek, pittin bat poeta eta hitzjokulari amorratu, esaten zidan ongi daudela HABEak bainan, sapa eta indar berria zuhaitzari emateko, txertAEKeraren beharra dugula. "Gure enborra zutik nahi dugu —erraten zidan—, baina bizia ere. Haren akatsak sendatzeko, AEK-hatsa indartu behar dugu...".

 

Hizkuntza bat hiltzen zaigunean, zein hitzez emanen diogu azken agurra? Hau da, nolabait, txarrena: hizkuntza hil bati epitafiorik ez dagokiola ere.

 

Bainan guk, "euskaraz eta kitto-llis pekata mundi" otoizka, gure azkonak etsaien kontra itzuliko eta, euskararen zuhaitza zutik irauteko eta sendatzeko, apostuak korrika eginen ditugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.