L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Haizea, printzesa amorosaren arima galdua

 

Patxi Perurena

 

Ba ote da urtegarai egokiagorik haizeaz mintzatzeko, udazken biluzgorri honen azkenburua baino. Jada, larrugorrian da gure lur zoragarria, neskatxa lirain baten antzera, zetazko soineko gorriska garden batez jantzia. Nabari du gorputza, emeki emeki, haizeak bere nahierara darabilzkion soinekoen azpian erdi agerian duela. Soizu, maitasunez, laztan amoltsuz, atsegin betean da zeure ingurumari guzia. Baina, nondik joko du haizeak hilbeltzean? Horra galdera. Nondikako haizeak babestuko ditu maitaleak, negu minean? Nondik etorriko ote da geriza? Nondik joko ote du haizerik eztienak? Ez dago esatearik, gezurra ez bada, behinik behin Meteorologoek ere, apaizen eta jujen antzera, berek asmatutako erdiegiak, edo egierdiak, erraiten dituzte, gezurrik minenak, alegia.

        Ez, ez, da zehazki epai daitekeen haizerik oraindik inon sortu. Baina, posibilidadeak, inoiz ahantzi behar ez diren aukerabideak aipa ditzakegu, zehaztasunik ezean.

        Lehenengo aukerak, gauden lekuak egonik, hegoaldera sinalatzen digu, hego haizea dugu gidaririk hurbilena. Baina, nola esan, hego haizea ala haize hegoa. Gaua denez gero, entzun dezagun kanta xahar xoragarria:

                Haizegoa gau epela

                hillargiaren argi,

                mutturdiñak leihoetan

                teillatuan kattu bi,

                bid'ertzian zenbait kanta

                gauerdiz arnoari

                hargaiñeko sorgiñ zaharra

                keiñuka hillargiari.

        Koblari zaharrak haize hegoa ziotsan, egun ere, kasik ekialde osoan eta bestetan ere esan ohi den antzera. Nik, neuk, zuzenago deritzot haize hegoa esateari, hego haizea esateari baino, gramatikaren bide estuetarik joez gero, behintzat. Baina, ezin esan bata ongi eta bestea gaizki leudekeenik; nik, eta beste askok, betidanik hego haizea esan badugu ere. Epaiketa zorrotzik gabe, beraz, biak ontzat emanen ditugu. Konforme!

        Bestalde, Bizkaia aldean, andraizea ere deitzen omen zaio haize hegoari, aintzinako sinesteen arabera emakumeak xaloago bihurtzen omen dituelako. Bide beretik, Oihenartek bere 225. atsotitzean, honela dio: Hegoa, iduri da emazten gogoa. Gauza jakina da, noski, haize hegoari hegoa soilik ere esaten zaiona. Neronek ere, entzun izan dut behin baino gehiagotan baserritarrengandik eta, bide honetatik doan esaerarik; Haizea ero, emakumea bero, eta antzeko esaera gordinak, aurrekoen leundura moralistarik gabeak, baina, ez horregatik ahulagoak eta edertasun gutiagokoak. Bistan da, noski, haize ero horrek haize hegoa baizen esan nahi ez duela.

        R.M. Azkuek ere badakar bere bilduman herriagandik Behe Nafarroan jasotako sineste bat, aurrekoon gisara emakume eta haize hegoa uztartzen dituena: Aize egoa Printzesa baten arima da. Printzesa harek, Espaiñiako eregerekin ezkontzeko, Baxenabare eraman zuen Espaiñiara dote-gisa. Gero Frantziak Espaiñiari gera batean irabazi zion. Printzesa hura ez da kontent ez maiz yiten da bere dotearen ereklamatzerat, aize egoaren iduria hartuz.

        Bizkaia eta Gipuzkoa aldeko herri frangotan jasotako beste sineste batek honela dio: Napar-egoa dabillenean eskribauren bat il dala uste izaten du eriak, eta inpernuan lekurik eztuelako batera eta bestera ibiltzen dala.

        Kontuak atera zernolako gizonak diren eskribauak infernuan ere lekurik ez duteneko! Dena den, azken sineste hau alde batera utziz, gai guzti honek interesgarria dirudi inork gogoetarik egin nahiko balu: udazkena, haize hegoa, andere enigmaren eztitasuna, maitasun gogoa; badirudi amaraun mehe epel batek ezkutuan zaintzen duela oro. Urratzeko geratzen da bidea, nork ekinen dion zain.

        Baina, jo dezagun aitzina R.M. Azkuerekin. Gipuzkoa aldean hala esan omen zioten: Belea karrankan hasten bada, hegoa. Honek, halere, ez bide du aurrekoen amaraunik nabari; sineste hutsa, banala, dirudi. Halere, harritu nau, Azkue zenak haize hegoari buruzko sineste edo aipamen gehiago gisa honetakoak jaso ez izateak. Baduke, hegoak, hola baino sustrai hedatuagorik, ene ustez, euskaldunen gogoan. Goizuetan, esate bateko, hegoa, bere hegal misteriotsuei eragiten hasten denean, "hara! hemen dugu galtzazar" esan ohi dute, edo gutxienean, zuten.

        Gutxi dituela esan badut ere, oraindik badu beste esaera bat, behintzat, Resurrezione Mariak, Larraun aldean jasoa: Iparraren semeak egoaren semeari esan zion: Gure aitak bart aratsean pitxi politak egin ditu. Ago, ago: nere Aita salbel-zabalak arotuko zitik ire Aitaren pitxiak —erantzun omen zion egoaren semeak.

        Nire larruan balego —Aldatu dik haizea; aienatu duk hego harroa, itsasaldetik jotzen dit orain ifar tzar honek— erranen luke laborari zaharrak hegi aldera begira. Laborarien artean, halere, Norte eta Ifarra ez bide dira haize klase berdinak. Nortea, norteko haizea, neguko haize hotzari deitzen diote batzu; Ifarra, berriz, itsasaldetsutik euria laster ekartzen duen haizeari. Uda partean, belarrak ontzeko garaian endemas, itsasaldetik hodeiak astinduaz haizea altzatzen zenean, hamaika aldiz entzuna nahiz nerone: Mugi motellak, mugi, seguratu behar zetiu belarrok; ifarra hemen duk eta, euria ere ez dik aparte izanen honek!

        Bada hor, nonbait, nahasteren bat, edo, behar bada, oraindik ongi aztertu gabe dukegun bereizkuntzaren bat Norte eta Ifar haizeen artean.

        Gure aitak, nequan, Norteko haize hotz eta lehorrari hormaizea deitu izan dio beti, nik dakidala, izozteak eta hormateak haize klase honen ondorio direlako edo; ikusi ere, ikusia dut, euskarazko hiztegi zenbaitetan espainierazko viento glacial-aren pareko datorrela euskal adiera hau. Zenbait lekutan, berriz, itxura denez, oeste ingurutiko edo iparmendebaldetiko haizeari deitu izan zaio ifarra. Mendebalak, bestalde, ekaitza ere esan nahi du; baina mendebal ekaitza mendebaldetiko haizeak ote dakar. Frantsesetik datorren hitz honek, vent d'aval, beheko haizea esan nahi du. Espainieraz ere, viento fuerte, en especial del sur, dio hiztegiak. Baina, zehaztasunik ez bide da ageri inon. Ifarrari gagozkiola, jar ditzagun elkarren parean Fray Luis Leongoaren poema bat, eta beroni Joan Inazio Goikoetxea gazteluarrak eginiko itzulpena:

                Por qué tiembla la tierra,

                por qué las hondas mares se embravecen;

                dó sale a mover guerra

                el Cierzo, y por qué crecen

                las aguas del Océano y descrecen;

 

                Zergatik lur-ikara,

                itxas sakonak nola sumintzen

                nundik nora Iparra

                liskar billa datorren,

                ta urak gora-behera dabiltzen;

        Hala esan omen zuen norbaitek, poesiak batez ere, baiezkoa, ezezkoa, edo galderazkoa (goiko honen antzera) behar omen duela izan. Baina, lekuz kanpora etorri zaidan burutazio hau zerratzeko zera esanen nuke nik, edo gehituko; zalantzazko poesia litzatekeela egokiena; gizarte honen oinarri sendoak, segurtasunez eta orguiloz eraikitako kate traidoreok desegiteko, zalantza dateke armarik aproposena. Baina, haizearen menera segituaz, espainierazko cierzo eta gure ifarra gauza berbera lirateke Gazteluren ustez, goiko itzulpen horretan ageri denez. Ikus dezagun Felipe Ruiz-i eskainitako poemaokin jarraikiz, nola aldatzen den haizea zortzigarren bertsora orduko:

                ¿No ves cuando acontece

                turbarse el aire todo en verano?

                El día se ennegrece,

                sopla el Gallego insano,

                y sube hasta el cielo el polvo vano.

 

                Udan ez al dakuszu

                aizea nola naasten den oro?

                Ilunkara da eguna,

                Gaztel eroak jotzen,

                ta autsak goraño egiten arro.

        Eta poema sail honen ondotik ohar bat dator Gazteluk berak egina; itxurak hala ditu behintzat. Hau diotsa oharrak: "Euskalerrin, Galizi aldetik jotzen dun aizeari Gaztela esaten zaio". Gaztela ez, baina, Gaztala esanen nuke nik; eta hau esatean, herri xehearengandik jasotakoan oinarritzen naiz soil soilik. Ene uste apalez, Gaztala darabil herri arruntak, ez Gaztela; behar bada, Jon Inaziok, Galizia datorrelako logika horri jarraikiz, eta jatorria hori zukeelako iruditua eginik, jarriko zuen Gaztela, Castilla-ren pareko den Gaztelu eta gisakoen bidetik joaz; baina edozeinek froga egin lezake herriak (Leitzan, Goizuetan, eta bestetan ere, aurki) gaztala esaten duela argi eta garbi. Bestalde, Gazteluk, sopla el Gallego insano, euskaraz Gaztel eroak jotzen jarri du, baina, adjetibo hori ez zait horren aproposa iduritzen haize klase horrentzat. Haizerik eroena hegoa dateke, baina, gaztala ezer bada eta, ustela da. Hortaz, insano horrek ustela eskatzen du euskaraz, herriak ere hala bait darabil maizenik, "gaztalak, haize ustel horrek, jotzen duenean euria ere gainean izaten dik" eta antzekoak, hamaika aldiz entzunak gara, gu, geurok ere.

        Haizeetan estimatuena, hala ere, badirudi Eguzki haizea dela euskaldunen artean, batipat, laborantzatik bizi direnen artean. Haize klase honen adjetiboak, besteenak ez bezala, denak onerakoak erabiltzen dira: fina, sanoa, goxoa, epela... Eguzki haize honetan jarri ohi du bere esperantza guzia laborariak; honek lagunduko bait du urteko uzta on dadin; honek, larreko bazka haz dadin; honek muskil berrituko bait ditu bazterrak oro. Eguzkia da, bere emazte hilargiarekin batera, euskaldunon esperantza bakarra. Euskaldunen jainko zaharra. Bizkaia aldean hala esan ohi zen eguzkiaren sarreran: "Eguzkia yoan da bere amagana, biar etoriko da denpora ona bada". Eta Nafarroako Baztan aldean, berriz, honako honela: "Adio, amandre, biar artio". Baina, egun, oraindik, euskaldunak ez du galdu eguzkia eguna argitzera etorriko den esperantzarik, eta egunen batez, "ongi etorri iduzki xuri" erranez mundu erdia jaikiko denik ere ez. Beste erdiak gaua hautatuko dugu, hilargiak, gure biderakusle zaharrak, gidatuko gaituen itxaropenez.

        Haize nahasketa honen buruan, beste hitz bi ere aipatu nahi nituzke; lausaro eta zaldizko hitzak, hain zuzen ere. Biak haize zurrunbilo bortitzen adierazpen dira. Lausaroa, negu gorrian, elurra astintzen duen haize zurrunbilo minari deritzo. Zaldizko hitza, aldiz, eta hemen guri ardura zaigun zentzuan, bederen, euriari atxekirik ageri da beti. Euri erauntsia goian behean ari duenean, mendi ibarretan haize bortitzak sorrarazten dituen euri-zurrunbiloei deritze zaldizkoak. Aurtengo neguan bata nahiz besteari bizi emanen al die oinazetan dagoen poeten batek euskara garbi batean.

        Udazken amaierako haize hegoak eraginik hasi gara berriketan, eta gure solasaldia bukatu orduko, gainean dugu negu beltza, lausaroak eta zaldizkoak dituela medio bere misteriozko ikara eskaini nahiz. Esker diezaiogun, bada, eskaintza umila, atsegingarri izan dakiguke eta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.