L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Larri

 

        Jendea askotan ez da konturatzen, eta hala ere irakasle lanak badu harreman handia literaturarekin. Are gehiago: Irakatsi behar izateak literaturaren mugara darama irakasle gixajoa zenbaitetan. Edo bestela, hemen duzue horren froga nabarmena. Irakurriko duzuen ipui hau klasean ikusteko pentsatuta dago. Gauza honela izan zitekeen, gutxi gora behera; Irakasle bat irakasleen gelan sartuko zen, desorrazturik, zigarroa ahoan eta atorra prakaren kanpoko aldetik duela. Beste bat idazmakinaren aurrean eserita egongo zen. "Aizak —sartu berriak— sintetikoen baldintza lantzeko zeozer behar diat". "Hago lasai —eserita dagoenak— oraintxe prestatuko diat". Eta besterik gabe hau bezalako perlak sortzen dira.

 

Iruñea, 1985. Amaia kalean 124. zenbakian eta 6. estaian. Gaueko ordubiterdiak. Txirrina. Txirrin luzea.

        —Ai ama!, zer gertatzen da? —dio Irenek ohean eseri eta begiak igurtziz—. Ordu hauetan, nor izan liteke atea joka?

        Urduri, gorputza dardaraka, jantzi bata eta oinutsik, oinpuntatan, hotsik atera gabe eta argirik ere piztu gabe, poliki eta kontu handiz hurbiltzen da atezulora.

        —"Nor ote dira bi gizon horiek? Zein traza itsusia duten! Stein hemen balego... baina bakarrik nago. Zer nahi duten baneki... zabalduko nieke, baina... bi gizon horiek asmo txarrez baletoz... ez, ez diet zabalduko. Doazela eta ikusiko dugu bihar zer nahi duten."

        Horretan bertan kanpoko gizonetako bat hasten da sarraila zerbaitez baliaturik ireki nahian. Sarrailak amore ematen du baina ateak baditu beste hiru krisket haundi eta kanpokaldean "mekauen d..." maldizioa entzuten da.

        Irenek ez daki zer egin. Stein datorkio burura. Besterik pentsatu gabe itzultzen da logelara, hartu telefonoa eta deitzen dio.

        —Stein? Aizu, etxea asaldatu nahi didatela! Atea ireki nahian dabilzkit.

        —Zaude lasai. Ateak baditu hiru krisket haundi jarri berriak eta sartzekotan bota egin beharko dute.

        —Bai, baina hemen bazeunde, lasaiago nengoke. Zu laster bazentoz... elkarrekin geundeke eta... Ai, ama! zer gertatuko den baneki.

        —Irme, berehala goaz anaia eta biok. Bitartean sar zaitez ohera eta saiatu lo egiten edo bestenaz piztu irratia eta jarri musika ahalik eta altuen auzoak ohar daitezen, aitu?. Baina beharko ditugu hogei minutu gutxienez.

        Irenek ez daki zer egin.

        —"Stein hemen balego, berehala baletor, baina hogei minutu! Nire gurasoei kasu egiteagatik gertatzen zait hau dena. Elkar maite eta ezin elkarrekin bizi. Besterik ezean gurasoekin banengo edo haiek hemen baleude... kaka zaharra!, bakarrik nago, zoritxarreko bakardade madarikatu honetan. Atea ikustera noa."

        —Lehen bezalaxe, badoa Irene aterantz. Iraganbideratu bezain laster, palankaz edo burdin luze batez atea bortxatu nahirik dabiltzala konturatzen da. Asaldariek ez dute ia inolako zaratarik ateratzen, lapur profesionalak bailiran ari dira. "Jarri musika ahalik eta altuen" Steinen hitzak datozkio gogora. "Musika entzutean eta hemen norbait badela konturatzean balihoaz... orduan bai lasaituko nintzatekeela".

        Irratia piztu eta "porque en Radio Paraiso, entre bronca y bronca también ponemos música para carrozas..." eta sinfonia erromantiko geldo horietakoa. "Besteren bat bilatu beharko dut". "Eguzki Irratia, mekauen la p..., hauxe duk hildakoak biztuko lituzkeen musika..." eta ra-ta-ta-ta-ta, rocklariak, "La Polla Records eta ondoren Barrikada...". Irenek ez daki altu, altu samar, edo altuegi ipini duen musika. Gorputza dardaraka dabilki. "Auzoko guztiak esnatuko dira; hobe!. Hemen baleude, nornahi ni bezala balego, beste hainbeste egingo luke. Balekite zer gertatzen den etxe honetan, ez lirateke haserratuko. Eta denak laguntzera baletoz? Edo norbait polizitara balihoa?. Ai, ama!, nahiago nuke Stein eta bere anaia hemen baleude. Steinek lasterka igoko lituzke eskailerak, surperman bailitzan... baina esku hutsik baletor eta kanpoko bi piztitzar horiek armaturik baleude... Stein arrisku bizian legoke".

        Une horretan, eskaileretan izugarrizko zarata sortzen da. Badirudi batzuk gora eta besteak beheraka doazela edo datozela. Berriro txirrina eta atezuloaren bestaldean Steinen begi urdinak. Zein polita den horrelakoetan atezuloan elkarri begira egotea!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.