L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Joakina Txapaltegi—

 

Eritzi kritikoa

 

        Idazle ezezagun baten aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu bere lanaren ikuspegi orokorra ematea. Aipatu ditugun oztopoek, bere bizitzari buruzko han hemenka lortutako zehazkizun eskasek, informazio ezak eta abarrek mugatzen gaituzte, hala beharrez, eginkizun honetan. Baina, hala ta guztiz ere, saiatu gara irakurleari lagungarri gerta dakiokeen ikuspegi literarioa osatzen. Esan behar da, aldez aurretik, eritzi kritiko hau ez dela aritu batek eginda eta gure aldetik izan daitekeen ezjakintasuna aitortzen dugu. Baina, hala balitz ez legoke gaizki, gustora hartuko bait genituzke bestek, hau irakurrita egin diezaizkiguketen kritikak, baita, era berean, gertatuko diren eztabaidak eta ezadostasunak.

        Txapaltegiren lanarekiko lehen kontaktuan irakurlegoak jasotzen duen inpresioa konplexuarena da. Bai, idazle konplexua. Errez uler daiteke konplexutasun hau bere garaia ezagutuz gero. Lehenengo gerrate mundialaren ondoren, Europan mugimendu literario asko sortu eta hedatu ziren. Une hartako literatur giroa oso aberatsa zen. Aberatsegia. Eta Estatuan ere sortutako kultura honen ildotik zihoan.

        Txapaltegik Europako mugimendu literario guztien berri zekien. Berak idatzitako zenbait gutun lekuko: Barojari zuzendutako honetan horrela dio "Nuestro escritor (Gorky idazleaz) es clásico hasta los tuétanos... No creo que sea clásico por su forma externa. Nada tiene de horaciano como alguno apuntó y si mucho de Sófocles y Teócrito"...

        Edo beste gutun honetan Maiakowskiren olerkigintzaz ziona. "Ambos conveníamos, en que nuestro poeta esmalta sus poesías con un cierto matiz japonés".

        Emakume irakurria eta esan dugun bezala bere garaiko idazleak ezagutzen zituena. Bere jakintza honek iturri guztietatik edatera bultzatuko du. Erromantiko berantiarrak, inpresionistak eta sinbolistak izanen dira, batez ere, bere iturri garrantzitsuenak eta sinbolistak izanen dira, batez ere, bere iturri garrantzitsuenak. Beraz, esan dezakegu idazle eklektikoa dela eta hauxe da bere ezaugarririk nabarmenetarikoa, estiloaren aldetik.

        Eklektikoa diogunean ez dugu esan nahi idazle heldua izatera alegatuko ez denik.

        Bere hasierako lanetan ("Idia eta ni", "Shanti harrijasotzailearen kezkak") prosa aberatsa eta borobila osatzeko zailtasuna nabaritu arren ipuin bi hauetan euskara apaindua eta jatorra erakusten digu. Sintasia errez darabil eta ez du zailtasunik adjetibo ugari eta egokiak sartzeko.

        Idazle guztiei gertatzen zaien legez, heldutasun literarioa bere azkeneko lanetan aurkituko dugu. "Txistu Majikoa" izeneko libretoan, elkarrizketa biziak, esaeraz beteak, esaldi laburrak baina mamitsuak egiten badaki. Testua oso aproposa da zarzuela batetarako, nahiz eta inoiz aurkeztua ez izan. Zerbait esateagatik, gidoia izanen litzateke okerrena, gure ustez, batez ere, azkeneko partean, astun samar gertatzen bait da.

        "Bertsolari gaztetxoaren erretratoa", bere maisulantzat har dezakegun nobela landua, sendoa, eta heldua dugu hau. Alde guztietatik ikusia, idazleak hemen bere goimailara iritsen da. Pertsonai eta ezaugarri sakonen deskribaketa zehatza, kapituloka, orrialdeka, nobelaren harian murgiltzen gaitu, harrapatzen gaitu bere sintasi aberatsaren sarean eta ia ohartu gabe aurrera eramaten du narrazioa, 1235 orrialdetan zehar.

        Eta bukatzeko, bere egunkaritik "ni ez naiz Zaragozakoa" hartutako pasarte bat: "Idazle errezik ez gatxik ez dago. Idazle onak edo txarrak baino... Eskribatzailleak batzuk dira, beste batzuk 'literatoak'".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.