L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Joakina Txapaltegi—

 

Horbel

 

                                                Korrok aldizkariaren arduradunei

                                                IRUÑA

 

Agur t'erdi:

        Zuen aurkikuntza berriaz, euskal letrei nafar ekarpenaren arloan, jakin dut. Joakina Txapaltegi Expósito izeneko emakume idazlearen deskubrimenduak, zuek egina, txapela kendu erazten dit berriro ere, euskal kulturaren alde egiten duzuen lan bikainaren aurrean. Baina hortik aparte, baditut bertze zenbait arrazoi pertsonalago aurkikuntza honengatik zuei zoriontzeko.

        Izan ere, konfesatu behar dut nik ezagutzen nuela iadanik izen hau, Joakina T. Expósito zuzenagoki, eta mingostasunaren kaleetatik ekartzen ninduela orain dela urte pare bat. Esplikatuko naiz.

        Behin, igande baten eguerdi eguzkitsuan, "Navarra. Paseos naturalísticos. II" delako liburuaren ibilaldi bat eginik, 65.a hain zuzen, Arkijas baselizatik pasatzen dena, ibilbidearen 11 eta 12 puntuen artean, Azedotik Santa Kruz Kanpezurako karreteraren ertzean, Azedokoa bide zen hondakitegi batean, aditasuna deitu zidan liburuxka batek, bertze paper zaharren artean erdi estalirik zegoena. Haren izenburua "Anillo de boda" zen eta "Confederación Católica Nacional de Padres de Familia" delakoak argitaratu omen zuen Dr. Blasius Goñi zentsorearen "nihil obstat"-arekin, 1939 apirilaren 20 eta Iruñean sinatua. Folieto honen edukia benetan liluragarri iruditu zitzaidan —bertze batean haren berriak bidaliko dizkizuet— eta orriak han bertan gainetik begiraturik, nola eta nire oinek topo egin zuten bertze foileto edo batekin, aldizkari bat zeta gertatu zena, euskaraz idatzitakoa, 1935 urtearen azaroaren datarekin, Erriberrin inprentaz eta oso poliki argitaratua. Bigarren zenbakia zen.

        Hau dena gutxi izanen bailitzan, "Lilitxa" zen aldizkariaren izenari benetan arraro zeritzodan, bainan haren orrialdeen eduki literarioak argi eta garbi uzten zuen bere errannahi sakon eta ironiaz betea. Euskal literatura lorez, zelaiez eta txorien txorrotxioez beterik zegoen garai hartan, gure herria nekazal parabisua bailitzan zenbait jendek asmatzen zuten errealitate gogorrarekin kontrastasunean, azaren lorea sinboloa hartzea benetako manifestu bat zen.

        Gure Joakinaren harira itzultzeko, erranen dizuet ipuin, parabola, fabula, poema eta bertso paperez osaturiko orrialde haietan, nik ez ezagutatuko bertze sinadura aunitzen artean, denak ezizenez hau ezik dirudienez, agertzen zela gure pertsonaiarena, Joakina T. Expósito, horrela ipinita. Zenbait bilakuntza egin ondoren eta ezer ez aurkituz gero, izen hau ere faltsua zeneko ondoriora heldu nintzen, harik eta zuen aurkikuntza berriaz jakin arte.

        "Lilitxa"n Joakinak argitaratzen zuen ipuina, "Ez eta istorio bat ere" halegia, bidaltzen dizuet interesgarri iruditzen zaidalakotz gaur berrirakurtzea. Ipuin futurista da eta, gaur egunetik ikusita, gehiago ematen du igarle baten ikusketa idazle baten fikzioa baino. Hilik materia organikoaren aieruak aipatzen dituenean batez ere, nik erranen nuke Joakinak intuizio harrigarri baten aurrean kokatzen gaituela, Karbono 14.arena hain zuzen, hamar urte geroago aurkituko zena. Bertze aldetik, kontuz ipuin hau irakurriz gero, uste dut argi eta garbi azaltzen dela zergatik kasu hontan bere lehenengo abizenari uko egin zion, bigarrenari heldurik.

        Bertzerik gabe eta gure Joakinaren bitxi hau haren nortasuna argitzeko ekarpen ona izanen delakoan, agurtzen naiz zuen aurkikuntzagatik zorionak emanik eta arrakasta haundienak desiraturik zuen eginkizunean.

Iruñean, azaroak 10, 1985

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.