Laxolaria
Maria Eugenia Osinaga Apezteguia
Bakarrik behin batean ikusi nuen aitaren negarra, ateko bitartetik. Gau hartan sukaldean afaltzen ari zenean, berehala konturatu nintzen amak prestatutako babarrunak begiratu besterik egiten ez zuenez, zurezko goilaraz eragiten zuen bitartean. Burua makurturik, bi eskuen artean, amari bere jaiotako etxean mahaitresnak zilarrezkoak zirela esan zion. Momentu horretan nik ez nuen deus ere ulertu baina hala ere erabat hunkiturik eta beldurturik oheratu nintzen, aitari zerbait txarra gertatzen zitzaiolakoan. Askoz geroago konprenitu nuen familia on batengandik zetorren batentzat pobretasuna jasatea zaila zela. Eta nahiz eta bere senideekin haserretu amarekin ezkontzeko, noiz behinka ordu txarrak ere pasatzen zituen haietaz oroitzeagatik.
Bere etxea utzi zuenean pilotan aritzeko larruzko saskia berarekin eraman zuen gauza bakarra izan zen, laxolari amorratua bait zen.
Nik, egia esateko, ez nion lanbiderik ezagutu. Eskerrak baserrian behi pare bat eta soroak genituen. Herriko gizonik aberatsenari egiten zizkion aitak kontuak, eskola bait zuen, eta inguruko errepideak eraikitzen hasi zirenean, hara ere joan zen aita kontabilitatea eramaten laguntzeko. Behin baino gehiagotan, lana utzirik, lasterka egiten zuen etxerako itzulia segituan partidu bat jokatzeko.
Ez zen indartsuegia baina bai gizon azkarra eta bizia. Laxoan pilota batek bost aldiz errebotean jo ondoren, oso altu sakatzen zuen, zeruan ia ia desagertu arte, korrika gurutzatzen zuen frontoia alde batetik bestera eta hark berak errestatzen zuen jendea ahobetehortz utzita. Horrek ospe handia eman zion bere izenari eta Baztan eta Malda-Errekako laxolaririk onena bihutu zen.
Ni beti bere atzetik ibiltzen nintzen, pilota biltzeko, saskia eskumuturrari lotzen laguntzeko eta ikusiz ikasteko.
Hamabi urte bete nituenean muga lehendabiziko aldiz gurutzatu nuen laxoa txapelketaren finala ikusteko, urte hartan Alduidesen jokatzen zena. Aita sarri joaten zen beste aldera laxoz jokatzera eta abuztuaren azken igandean azkenean berarekin eraman ninduen.
Igandetako galtzak eta zapata galantak jantzi eta treneko leihatilaren ondoan zegoen eserleku libre batean jarri nintzen, amak bidaiarako prestatu zizkigun janariak probatu gabe. Aita eta bere taldeko beste hiru laxolari solasean aritu ziren bidai osoan.
Alduideseko ostatura heldu ginenean gelaratu ginen arropaz aldatzeko. Aitak bere prakak eta alkondara txuri-txuriak jantzi zituen, espartinak oinetan, ilea urez ongi orraztua atzekaldera, eta ni eskubiko eskua esparadrapuz estaltzen ari nintzaionean, tipo bat, atea jo ondoren gelara sartu zitzaigun. Aitarekin hitz batzuk elkarraldatu ta gero desagertu zen, ohe gainean poltsa txiki bat utzirik, zein nik berehala gorde bait nuen poltsikoan aitak agindu zidan bezala.
Partidu ordurako frontoia bete-beterik zegoen egun eguzkitsu hartan. Bi eta huts irabazten hasi ginen baina gero, pixkanaka, pixkanaka besteek aurreratu gintuzten zortzi-zazpi beren alde geratu arte.
Aitak inoiz baino huts gehiago egiten zituen urduri egonen bailitzan. Gure taldeko batek konprenitu zuen aitari zerbait gertatzen zitzaiola eta haren ondoan pasatzean ixilik esan zion: Shanti, ez dakigu esku artean zer izango duzun, baina partidu hau derrigorrez irabazi behar dugu diru asko jokatu bait dugu. Ez bagaituzu laguntzen hilko zaitugu.
Aitaren begi berdeetan su ikusi nuen pilota berriz sakatu zuenean, hamabost-huts, hogei ta hamar-huts, ... eta zortzira enpatea hiru sakez lortu zuen.
Jendetzaren zurrumurrua entzuten zen markadorearen aldaketa ikustean.
Azken jokaldian aitari zegokion pilota sakatzea; arras bota zuen eta beste taldeko aurreralaria errestatzera zihoala irristatu zen eta lurrera buruz behera erori zen eta gu bederatzira heldu ginen.
Kideak aitari zoriontzera inguratu zitzaizkion baina gu biok azkar erretiratu ginen gelara, bazkaldu baino lehen. Arropaz aldatu ere ez zen egin aita, poltsa hartu eta leihotik ihes egin genuen frantsesak gure atzetik zetozen eta.
Ilundu zenean muga pasatu genuen eta mendiz itzuli ginen etxeraino.
Ordutik amak ez zidan gehiago aitarekin joaten utzi.
|