L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-9 (1987) —Hurrengo artikulua




 

 

Namaste, Varanasi

 

Xabier Zabaltza

 

Gabon, Varanasi. Ez al nauzu gogoratzen?

        Ni naiz begirada betiluna zeukan erromes hura, zure kaleetan zehar ia oinuts eta bihotza izutua zuelarik ibili zena.

        Ni naiz zure neurrigabeko ortzean urtzeko lehia zuen izar bakarti hura.

        Ni naiz aspaldian esperantzari uko egin zion itzal zaingabe hura. (Joan nintzen zugana zure hospea iritsia zitzaien sorterri urrunetatik).

        Nik bai gogoratzen zaitut.

        Gogoratzen ditut sinesmenaren indar soilak zementatzen dituen zure jainkotegiak. (Jeikitzen dira nire "ni" arrazoidunak urrikaltasunik gabe hertsatzen dituen irudi harrigarriak eraginez).

        Gogoratzen ditut begi eskergak dituzten zure haurrak, zure karriken oihanean egunero bizirik irauten duten lazarilloak (nork daki nola?) eritasun aseezina eta gabeziaren artean.

        Gogoratzen ditut zure ama-birjinak eta hortzik gabeko zure agure-atsoak.

        Gogoratzen dut, batez ere, goizero iratzartzen zaituen Ganga, Eguzki amonaren kidetasun maitagarriarekin batera. (Dontsu egiten zaituen eta milaka saindurale eramaten dizuen Ganga hodeiertza baino urrunagotik. Bizidunak jaiotzen ikusten dituen eta hilen errautsak narraz egiten dituen Ganga. Harengan hospatzen da Hindustango zazpi hiri sainduetariko hiririk sainduenera etorritako "sadhu" bakoitzaren eguneroko bizia: hortzak garbitu, ilea moztu, Shivari eskariak aurkeztu, baita mengoarik fisiologikoenak burutu ere... dena egiten da Ganga ibaian. Vishny agurgarriaren oin batetik sortu zela legendak nahi duen Ganga eta zeinetan, zenbat aldiz amets egingo nuen —txikitatik— murgiltzen nintzela bere uretan eta opariak eskaintzen nizkiela jainkoei!).

        Niregan dirau oraindik zure kale ilunbetsu haiek eratzen duten labirinto hark (behako barrendarien aurkako gotorlekua), zeinek gerizatzen duen zure baitako sakrosainduena: gorpu-erretzearen errituala. Batzutan, nire gogoa laketzen da heriotza eta suzko eskena haiek —gau beltza hondotzat— ekarriz. (Badaramate hil berri bat "ghat"era, bere soinekorik garestienez jantzita. Gangaren uretatik ematen zaio edateko. Gero ukiezinek paratzen dute gorpua zurezko sumeta batetan: nolako aberatsa, halako zur moeta, baina sandalo zatiren bat egoten da beti. Amaitzeko, errautsak jaurtikiko dituzte ibai saindura). Askotan iruditzen zait —apika, betetasun lazgarririk dudala— egurra eta giza haragiaren usain nahasia somatzea. Leher egiten diren erraiak, ordu gutxitan hauts bihurtzen diren gorputzak (ur sainduek eramango ahal dute "karma"ren iraugipenerantz!). Zeremonian, harridurarik txikiena adierazteke, inolako beldurrik gabe bere izenaz Herio deitzen duten ume ia edoskitzaileak. Oi Bharata Varsha, kontrastasun eta paradoxetakoa!

        Zurekin soilik banatzen ditudan oroitzapenen arten nago harmonian: ezinak imajinatzeko hustiratzen dudan presarik gabeko ilunabar bat, "sitar" maisu batek jotako soinuz eta otoitz-xuxurlaz blaitutako gau bat...

        Esaidazu, Varanasi: Duela zenbat mendetatik iragaten da Denbora zure atearen aurretik gelditu gabe?

        Behiak zure zokoetan kanpaturik lasai...

        Tximinoak jainkotegi guztietan, Hanuman bere erregearen balentrien lekukoak...

        Legendunak (hatzik gabe, eskurik gabe), zeinek ez duten entzun —ezta entzungo ere— "ospitale" hitza. (Ez, zu ez zara paradisua ere, batzu honetaz geure buruak zuritzeko ahaleginetan ari bagara ere).

        Badaude aspaldian ume izateari utzi zioten zortzi urtetako biziak. (Ikus daitezke "riksaw" txirrindulen artean, edota dollarrak erosten azoka beltzean, edota oroitgarriren bat saltzen saiatzen. "Postcards, I sell postcards" entzuten da jo eta ke. Umeteria honek oraindik ez daki zer elan nahi duen "bizi izan" aditzak bere hizkuntzaz eta badira negozioak egiteko adituak beste hiruzpalautan).

        Azken "hippy"etarikoren bat —bai, egia da Denborak bota duela aingura Varanasin— maria erretzen...

        Bere bizitza guztia kondatzen didan agure bat. (Nik ezer galde egin gabe berrogeitabost urte bere taxi-bizikletaren aulkitxoaren gainean eman duela esaten dit. Gustatzen zaio whiskya eta nik, entzungor eginez, freskagarri batera gonbidatzen dut).

        Turista amarrugabeei purtxileriak iragazten dabiltzan maffiosoak. (Denetarik saltzen da: Krishnaren estatuatxoak, intsentsua, sandaloa, idunekoak, "sitarr"ak, gauazko laneko alkohola... Jende guztiak du parte "factory"ren batean. "Sorry, I don't want anything. Thank's". Esesten badute: "Let me alone, please. I have to come back to the hotel...")

        "The hotel!". Hobe izango da hoteleko janariaz ez hitzegitea...

        Bai, Varanasi. Ikusten duzunez, zure izen hutsak gauza asko ekartzen dit gogora etengabeko itzurtia naizen honi.

        Orain utzi behar zaitut. Laster ikusiko dugu elkar, hitz ematen dizut. Namaste, Veranasi: apaltzen naiz zure aurrean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.