L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-9 (1987) —Hurrengo artikulua




 

 

On Frantzisko

 

Eskypi

 

...Eleketan ibili aintzin jende aunitzek hartu zuen parte bazkarian, pikamendu on batzuen jatekotz hala nola tragosko ardo goxuen edatekotz. Sabela aserik eta txintxurra bustirik, irri solas izugarriak kondatzekotz disposizionean paratu zien alkoolak. Sekula santan ibar hartan gizakiak aditu izan dituen Santu, Apezpiku, Artzapezpiku eta apezenganako irainik nazkagarrienak jaurtiki zituzten zenbait gizasemek beren ezpainetatik. Lotsaren lotsez alde egin behar izan zuen handik apezak, horregatik masailak gorri zeramatzan On Frantziskok. Baina lotsarenaz gain bazen bertze ziorik horretarako. Bi bonbila ardo besapean ezkuturik zeuzkan eta haren mugimendu zakarraren arabera batak bertzearen kontra jotzen zuen sotana beltzapean, kling, kling, kling zintzarrots antzeko bat eginez. Mahaikideen irriak eta irrigaiztoak ere, ikusten ahal ziren haien ahoetan, baita bazkaltiarren begirada maltzurrak, hala nola haien so kupidagabeak. Izan ere, mutiko koxkor andana altxatu zen eta lokatzaz gaindi apez gaixoarengana zuzendu zituzten pausoak. On Frantzisko gixajoak gibeletik zetorkionaz oharturik korrika egitekotz eginahalak egin zituen. Baina gogoaren nahiari gorputzak obeditu behar dio eta eliztiarrekin gertatzen zitzaiona jazo zen; ankak ezetz, ez aurrera, ez atzera. Larderia gutxiko gizona zen On Frantzisko eta eliztiarrak adarra jotzen zioten aldioro. Zirikatzaile galantak ziren eta ausartak eta zangarrak ere bai alkoolaren eraginez. Oreka ez galtzeko besoak zabaldu zituen apezak eta mutilak haren ondora urreratu orduko bi bonbila ardo gorri naparrak lohi zikinean hautsi ziren. Odol ilun kolorea eman zion ardoak lokatzaren urari, On Frantziskoren gorputza barrenetik ixuri izan balitz bezala. Azkenean etsi egin zuen apezak eta indarra alde egin balio lez buruz bera erori zen. Aitzinaldea erabat zikindu zitzaion, baita aurpegia ere eta horixe gutxi izanen zelakoan edo, buelta eman zion gorputzari, goraka etzanda geratuz, alde guztietarik lohiaz blai. Hori ikusirik eten egin ziren eliztiarren irrigaiztoak eta meza ematen laguntzen zionak, hots, Miguel Martin bereterrak eskuak luzatu zizkion, gizakia baino edozer gauza zirudien tripontzi hura idoki hartarik atera nahiean. Asmoz on bezain indarrez ahul zen Miguel Martin eta sorbalda bertzerik ez zuen lurretik altxatu. Adiskideei laguntza eskatzea ez zuen behar izandu bereterrak, zazpi mutikoren artean behingoan hartu eta dinbi danba 120 kilotako potolo hura Apezeneraino eraman baitzuten.

        Giroa hotza izan eta xirimiri aritu arren izerdi patsetan iritsi ziren sotanadunaren etxera. Serorak zabaldu zien etxe zahar hartako zurezko ate berria:

        —Ene Jesus!

        —Istripua izan du.

        —Errosarioa otoitzera zetorrela ankak trankatu zaizkio eta segitun lokatzera erori da.

        —On Frantzisko, On Frantzisko. Sar ezazue abudo. Eta hi, Miguel Martin, hoaie fite medikuarengana.

        —Non ibiliko duk tenore honetan Don Javier?

        —Etxean behar dik.

        Eta korrika abiatu zen meza laguntzailea Leabeko karrika gaindi. Atsalde hartan ez zen arrosariorik izan.

        Euria erasoka ari zuen Leaben eguna zertxobait argitu zenean. Ez zen karrikarik goiz ilun hartan ura gainezka baizik, uholdea zoko moko eta bazter guzietan. Ez zen gizasemerik ikusten larrazkeneko egun goibel hartan karriketan. Aldapan eraikitako herriak lo iduri zuen. Ez zeuden lokarturik baina, Leabetarrak, are gutxiago Apezenean. Beno, apezaren etxean bizi zirenetarik, erran nahi baita, bizi ziren bietarik, bat zebilen jo eta ke lanean sabaian, alde batetik bertzera. Bigarrenaren aztarnarik ez zen igarritzen ahal, edo agian bai. Dena den adi egon beharra zegoen, euria, haizea eta Seroaren hotsa eta zarataren gainetik zurrunga garbiak entzutekotz. Izan ere, han zegoen ohatze gainean luzen etzanda On Frantzisko lo zurrunga. Bizkitartean ordubete zeraman Perpetuak teilatupean, harat hunat platerrak, ontziak, pitxerrak eta ura edukitzeko balio zuen moeta guztietako edozer, zolu gainean paratzen.

        —Arrosariorik ez eta hortxe dinagu Jainkoaren zigorra, zerutik, handik bai, zetorkinagu. Behin eta berriz erran diot, bost axola hari baina. Gero nik neuk hemen ibili behar afera orori irtenbideak ematen.

        Eta marmaka ari zen bitartean bertze itxura berri batez ohartzen zen eta segidan ontzia edo libre zegoena haraino eramaten zuen ur ttanttek zurezko oholak busti ez zitzaten. Eta luzaro izan beharko zukeen han goitin, lehenbiziko pisutik zetorren intziri erdiragarri bat entzun izan ez balu. Ahalik eta laisterren jeitsi zen sabaitik eskutartean zeukan pitxerra lurrean utziz. Eta zuzenean apezaren gelarako bidea hartu zuen. On Frantzisko zegoen tokira iristean ate aintzinean geratu zen. Eta hantxe zebilen apeza intzirika mintzirika.

        —Ura, ura, ur pixkoat mesedez. Ekartzu ura Perpetua.

        Gelan sartu gabe sukaldera abiatu zen uraren bila eta apezak eskatutakoa hartu ondoren, berriz ere harengana jo zuen.

        —Edan dezala berorrek berorren onerako...

        —Eta baita Zeruko Aitaren onerako ere.

        Eta edan egin zuen bai, ausarki, Perpetuak sukalderaino joan behar izan baitzuen hartzara uraren txerka.

        —Ez dio bada onik ekarriko berorri hainbertze ur.

        —Goxua benetan.

        —Bixamona ederra ezta?

        —Bai zinez, sobera bazkaldu nuen atzo. Aaaa, txilindrona, gehiegi jan nuen hartarik. Horregatik ondoez batean nago gaur.

        Zeozer erratera zihoan Perpetua, bainan ez zen elerik atera haren ezpain mehetarik...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.