Sarasateko zugarrei hilotsa
Horbel
Bere karteran zugar zaharreko adarraren alai berdeatua Machadok apuntatu zuenean, ez zekien botanikaz edota kutsaduraz. Edo, behinik behin, ez jakin egiten zuen.
Zugar zaharkituaren ikara berde berriak bertzerik ez zuen eragiten. Egurgilearen haizkorak ebakiko luke enbor zaharra, inurriek zeharkatu, armiarmek barnetik biguindu eta goroldioak laztanduriko enborra, geroago sutondoa berotzeko edota zurginak lantzeko auskalo zein haltzari moldatu asmoz. Machadoren zugar zaharrak, hil, behar zuen hil, aski bizi izan bait zen. Agure gordin maitagarria bailitzan, haren zimurren artetik, goroldio freskoaren laztanpean, inurrien kili kiliek eraginda ote, adar irtirin bat berdeatzen zitzaion, poetaren bihotza samurturik: "Mi corazón espera / también, hacia la luz y hacia la vida, / otro milagro de la primavera".
Ezer ez dakit nik neuk ere botanikaz, ez eta landareen gaisotasunez. Neure sentsibilitate estetikoa eta ekologizalea baino ez dut, industrigintzako kutsadura urbanoaz neure ezagutza eskasetik eta eskarmentu ekinak sortutako intuiziotik aparte.
Horrela bada, Sarasate ibiltokian barna paseiatzea, gure zugar eder nahiz gaixoen adarrek sareturiko zeru urdin edo grisa bapatean zabalik agertzen zaigun bitartean, gure zugarren enbor eta adarrak lurrean zerraldo gelditzen diren bitartean, astinaldi ederra gertatzen zait birika urbanoen gure egarriaren kontra, berdetasun urbanoaren gure gutiziaren kontra.
Onddo gaizto batek hil egin ditu zugarrak. Onddo gaizto batek minbizi erailea sortarazi die. Airetik hegan datorren onddo madarikatua. Zenbait intsektuk ekarrita, omen. Leinu klasikoko intsektuak, latinezko izen panpotsezkoak. Edozein birusenak bezain ozenak... Giza-emakume zibilizatuok izen ozenak asmatzen dizkiegu zornea, minbizia, zorigaitza, gaisotasuna eta heriotza dakarzkiguten izakiei... Ezin gaitu edozein izterbegik hil egin, etsai handiosoak behar ditugu geure zorigaitz, gaisotasun eta heriotzaren duintasuna zuritzeko. Landareei ere egokitzen diegun ohorea, geure bihotz zimikoa baretzeko-edo.
&&&&&
Lasai egon gaitezke, beraz. Gure zugarrak ez dira ezbai batengatik hil, ez dira haizea pozointzen dugulako hil, ez dira gure giroko zornearengatik hil. Handirozki hil dira, izen ozeneko etsai batek lur jota.
Aurrerantzean, ezinen gaitu samurtu, ez eta eskandalizatu ere, udaberrian zugar hauei, agure gordinei gisara, adar irtirin bat berpizteak. Eta inor ez da haien enborrez baliatuko. Ez gaitu kezkatu behar geure zugarren zurezko haltzarien berniza eta leuntasuna zein begik, zein behatzek, zein ipurtmamik desgastatuko ote dituzten. Gure zugarrak Machadorena ez bezalakoak baitira...
Su garbitzaile batek, gure bihotz zimikoaren baretzeko errito magiko batek, etxe-sutegiaren arruntkeria baimentzen ez duen errito handioso batek, errauts bihurtuko ditu eta intsentsu modernoaren gisako keak hiriaren gain hegaz eginen du, izen ozeneko etsaiak eskuraturiko zorioneko zeruaren bila...
|