Hitz Gorritan
OTAN, NASA, "Galaxietako Gerla" eta hainbat halako heriotz jokuren aurrean
Horbel
Dailua soinean, bana banaka
zintzarriak egiten zituela,
zaldizko omen zetorren
herio izugarria
eraberritu zaigu. Apaindu zaigu
izarretako leinuru bitxiez.
Aintzinako beldur mina zorabio
xurgakari bihurtu aiki zaigu,
eguratsetik kanpotik etorriz
metalezko printzez gurdi gainean.
Herio Printzearen Zenizienta
bilakatu gara.
Heriorekiko maitaldi itsu
baten manupean bezala gaude...
Nitaz bezain batean,
sentitzen segi nahi izango nuke
beldur-hotzikara bizkarrezurran,
berriz sentitu nahi izango nuke,
odolez beterik mapa ikustean,
aurpegia gorrizkatzen zaigula.
Nola sentitu ote, mapan ereinda
zeinnahi hirik, edozein puntu gorrik,
begitartera jauzi egiten zaigun
odol zipriztin bat oraino izaten
jarraitzen duela?...
Hitz gorritan has gaitezen, gaizpide
ditzagun sasi maisu humanistak:
Banaka banaka hunkitzen gaitun
herioa gora!
Gizagaixoen
bortxa hiltzailea gora eta gora
terrorismoa!
Behera
metalezko printzez gurdi gainean
liluratzen gaitun Herio Printzea!
Behera maitaldi itsua!
Gora betiko izua!...
|