Isidro Rikarte
Katea gara. Kateaz libratu nahiz katea ere. Aurreko ekintzak erditzen dira hurrengoetan: katea, katea. Eten dezakegu katea, beste kate bat berreratzeko. Kontua da nolako katea nahi dugun, nork hautatzen duen eraman behar dugun katea, edo katean ere libre gaitezkeenez. Nik erantzunik ez. Baina... katea gara. Kateaz libratu nahiz katea...
Poema iragankorra
Nabil bila, lautadan anai, aintzina.
Nahikide det etorkizun-untzimutil,
utila den denontzako kopla abil,
iluntasun hunetako koba apaina.
Patuak alafede, desarrazoi ikertezina,
nauka kamio honi iltzaturik. Kizkil!.
Ilkitzekotan nagoela, landa dabil
largu gura ahuleziaz, askaezina.
Bertsoa aldiz, dizdiz dizdiz dizdizari,
irriz irri abaiatzen da, doakit libre
erromes esames esaten nornahiri.
Horregatik eme emeki kalatxori
ohi den bertso hori egaletan trebe,
preso izanik, izan daiteke ibiltari.
Larra
Gure Lur Zaharra. Negu hotzetan ere
biluz bizi den jainkosa bakarra.
Amets aparrean hilargitarra.
Lanbroa joana, ekiaren aldare.
Herri honen ilusio birjinei bare
eskeintzen die lehenengo sagarra:
ez da bertan sartu inongo matxarra.
Hortik dario guganako botere.
Pinudi beltzetan, herio-kolpeka
erasotzen du tximistak hasarre,
eraso nahirik bizitza-ateka.
Orduan txinarra, negarrari ekina,
lanturu hezetan erdibitzen da,
su bilaka ez dadin gausorgina.
1986-ko abenduaren egunen bateko egunkarietan, holako zerbait agertu zen: "Atzo gauean, 12 inguruan, ezezagun bat, berak zeraman lehergaiuak lehertua zen". Gau horretan bertan, nik honetaz ezer jakin gabe, gauak / zekarren doinu batek astindu ninduen. Geroago jakin dudanez, lamien lantuak ekarritakoa zen.
Esaten dute, edo nik gutxienez aditua dut noizbait, lamiek beren eki-adats errubio luzea orrazten duten bitartean, desira bat adierazten bada norberaren baitan, desira betetzen dela. Hau egia bide da, agerian jar ez / dezakedan nirea bete bait zen.
Lamien doinua
Gauak etzuen zutaz jardun,
gidari fidela, lagun,
hamar oihu zugan ehun,
ehun kexu, ixiltasun.
Lehertu zen esperantza
zatiak betez desiraz,
desirak zeukan distiraz
lamiek dagite orrazi.
Ekildoak zabaltzearren
adatsa orrazten dira ari,
geu gaitezen ibiltari,
edozein negutan hazi.
Gauak etzuen zutaz jardun,
gidari fidela, lagun,
hamar oihu zugan ehun,
ehun kexu, ixiltasun.
Heriotz baten eresia
errekan beherantz dihoa,
lami egalkorren ahoa
kopa betea tristezi:
"Haltzak ez omen bihotzik,
ezta txakurrak ohore,
guk ez demagun amore,
hitza bedi orain gezi".
Gauak etzuen zutaz jardun
gidari fidela, lagun,
hamar oihu zugan ehun,
ehun kexu, ixiltasun.
Doinu hauek, egaletan
eratu dute zilarrez,
bertatik igoteko lez,
ametsarako eskalera.
Euri ondoren zohargian,
zure nahiak lortzear
joan zinen, bide mehar
zeregin bat bukatzera.
Gauak etzuen zutaz jardun,
gidari fidela, lagun,
hamar oihu zugan ehun,
ehun kexu, ixiltasun.
|