Guy de Maupassant:
"alaitasunaren antzeko talentu gustagarri, klaru, mardul hori" (Mallarmé)
Joakin Balentzia
Maupassant (1850-1893) irakurtzen jarraitzen da gaur egun ere, eta ez gutxi. Idazle maitagarri eta zorrotza bidenabarrean, lizun eta bildurgarria sarritan, erraz eta liluragarria ia beti. Bere irakurleari erraztasun eta talentuaren irudia eskeintzen dio benetan.
Batzutan "naturalista" bezalako sailkaturik aipatzen da, literatur historia textuetan batez ere, baina bere tankera ez da hain sinplea, alegia, ezin da mugatu eremu horretan, inpresionista ere noizean behin delako (Txejov-ekin zer ikusirik duenez gero) Zola-ren naturalismoa gaindituz. Bai, Maupassantek onartzen du, bizitzaren irudia ematekotan, ongi moldatutako kontu baten egundoko kontakizunak baztertu behar duela, eguneroko gertaera xumeen "egia umilaz" kezkatuz. Ipuinak edo narrazioak gehienez izkiriatzen arituz gero (sei nobela bakarrik eta ehunka ipuin) aukera ederra izan zuen alor horretan.
Bai, esperimentatzailea izan zen Maupassant, baina ez Zola bezalakoa. Berak ez du nahi deus ere azaldu edo frogatu, izkiriatzen duenak berak frogatzen du egileak nahi duena; hartzen bait du mundua zentru modernago batean, literatur tankera aldetik eta munduko ikuspegi aldetik, bere pertsonaia arrunt, kaskar, porrot egindakoen bitartez. Maupassantengan aurkitzen da narrazio tekniken berrikuntza baten kontzientzia eta hasiera garrantzitsu bat. Erran daiteke teknika horiek bakarrik bere heriotzatik mendi erdi batera aplikazioa eta hedapena aurkituko dituztela.
Maupassant hasi zen poesia idazten, baina 1880. urtean utzi zuen "Boule de suif" narrazioa argitaratu eta, narrazio horren bitartez, bapatean ospetsu bihurtuz gero. Hala ere erran behar da kondatzaileak ez zuela poeta hil, bere narraziogintzan ikus daitekeen bezala.
Beste aldetik, dramagintza aldetik, egileak afektuaren zentzu berezia dauka. Solasaren lilura eta imajinaren idazkera ere dauzka. Ez da txiriparik bere narrazioak zinemara eraman dituztela eta baten bat aldi batzutan.
Oraino errana tentika aldetik erran daiteke, baina Maupassant-ek badauka, noski, munduko ikuspegi bat gaien eta pertsonaien bitartez erakutsita. Ikuspegi nahiko pesimista hain zuzen. Andrea da gairik nagusienetakoa; bere literaturgintzan "objektu bat" da andrea, apurtzeko edo berarekin jolasteko, alegia. Emakumea aurkitzen da ahul eta esklabuaren dialektikan sartuta. Maupassantengan emakumea agertzen da gizarteak berak ulertzen duen bezalako. Honen adibide esankor bat aurki dezakegu "Baptiste andrea" ("Korrok"-en argitaraturik ere: 6. alean hain zuzen). Emakumea ere agertzen da batzutan apetatsu, haizakor, ume baten antzera.
Hauxe dio Maupassantek: "Gizonezkoa eta emakumezkoa atzerritarrak dira bai arimarengan bai ulermenarengan ere; bestelako arrazakoak dira; beraien artean beti izan behar dira menperatzailea eta menperatua; nahiz bata nahiz bestea izan". Orduan putengana joatea da irtenbidea. Putak ugari dira bere obran, denetarikoak. Hilerrian ere bere papera edo ogibidea egiten dutenak eta guzti, alarguntsa bihurturik, "hilerria egiten dutenak, kalea egiten den bezala", senar edo amorante bakartiengan "hil-leku hauetan birpizten diren amodiozko penak aprobetxatzen" saiatzen direnak ("Les Tombales").
Puten aurrean Maupassantek planteiatzen ditu patu bat, izaera, jarrera bat, sekulan ez tesis bat, dei moral bat, bere garaian anitzetan egiten zen bezala. Berak ikertzen ditu zehazki, egokitasunez, beren ahalkeak, protestak, sentikortasuna, erlijio krisiak eta umeekiko samurtasuna.
Bere gaien artean burokrazia eta gerra aurkitzen dira ugari. Ez da ahaztu behar ministraritzetan berak iraun zuela hamar urtetan enplegatu, burokrata bezala ("La parure"). Hala ere gerra da gauzarik eskandalagarriena berarentzat. Honi buruz idatzi zuen kronika batean: "Hitz hau aipatzen aditzen dudanean, zera, gerra, sartzen zait izu bat, sorginkeria batez, inkisizio, gauza urrun, ahitu, nardagarri, higuingarri, naturaren kontrako gauza batez mintzatuko balitzan bezala... Orduan herrien gainetik hil eskubidea agintariek hartuz gero, ez da harritzekoa agintarien gainetik hil eskubidea herriek har dezatela". Gerra gaiak maisuki agertzen dira bere narraziogintzan ere ("Mademoiselle Fifi", "Le lit 29", "Un duel", etab.).
Maupassantek kolokan jartzen ditu tabu zaharrak: prostituzioa, homosexualitatea ("La femme de Paul"), bastartasuna ("Le papa de Simon"), erlijioa... Eta honi buruz, zer? Erran daiteke Maupassant gizon angustiatua dela baina Jainkorik gabe. Berarengan apeza agertzen da bakarrik pertsona inozoa, ulertezina edo arriskutsua bezala.("La Maison Tellier"). Ez dago gerokoa (traszendentzia), gorpua lurperatzen den lekuan belar indartsu bat besterik ez da sortuko. Zoriona baldin bada mundu honetakoa da, noski.
Idazle frantsesa guregana dator erakusten, funtsean, mundu honetako problemak ez direla arrotzak, estrainioak, guretzat. Kontakizunaren hitz hutsaren bitartez berak ematen ditu sinboloa edo alegeria. Bere garaiaren fabula, beti esankorra, hauxe izkiriatzen du Maupassantek. Alaitasunaren antzeko talentu gustagarri, klaru, mardul horren ipuin hau, "Bonifazio jaunaren krimena", euskaraz irakurtzeko aukera duzu. Bere gordinkeria eta umorearen arrastoak fresku irauten du ehun arte iraganez gero.
OHAR: Felipe Juaristi-k itzuli ditu Guy de Maupassanten "Oilagorraren ipuinak" (Elkar). Irakurri ez badituzu oraindik, zer itxoiten duzu, ba?
|