L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-9 (1987) —Hurrengo artikulua




 

 

Bonifazio Jaunaren Krimena

 

Guy de Maupassant


euskaratzailea:
Joakin Balentzia

 

Egun hartan, postal-bulegotik ateratzean, Bonifazio postariak egiaztatu zuen bere ibilbidea ohizkoa baino motzagoa izanen zela, eta poz bizia sentitu zuen. Vireville herriko ingurukoetako arduraduna zen eta, bere urrats luze eta nekeaz arratsaldean itzultzerakoan, berrogei kilometro maiz jasotzen zituen hanketan.

        Izan ere banaketa oso arina izanen zen; bidean piska bat noraezean ibili eta arratsaldeko hiruetan etxean sar zitekeen. Hura zoriona!

        Sennemare-rako bidetik irten zen herritik eta bere betebeharra hasi zuen. Ekaina zen, hilabete berde eta loratua, lauen benetako hilabetea.

        Gizonak, bere brusa urdinaz jantzia eta galoi gorrizko kepis beltz batez burua estalirik, iragaten zituen, kolza, olo eta gari soroak bideska estutan zehar, uztetan leporaino ezkutaturik; eta, galburuen artetik pasatzerakoan, bere buruak ematen zuen flotatzen zela itsaso paketsu eta berde baten gainean, haize leunak emeki ondularaztaturik. Egurrezko hesitik etxaldeetan sartzen zen, pago bi lerrok itzalitako aldapan ezarriak, eta bere izanaz agur egiten zion baserritarrari: "Egunon, Chicot jauna", eta emaen zion "Le Petit Normand" egunkaria. Baserritarrak, galtzaren atzekaldean eskuak lehortu, paperezko orria jaso eta bere poltsikoan gordetzen zuen, bazkalduz gero patxadaz irakurtzekotan. Txakurrak, upel batean bizi izaten zena, sagarrondo okertu baten oinean, bere kateatik tiratuz, errabiaz zaunka egiten zuen; eta oinezko postaria martxa militarraz, itzuli gabe, bere zango haundiak luzatzen, berribiltzen zen beso ezkerra bere zorroaren gainean eta eskuina, bera bezala zebileneko makila, era segitu eta arnez, maneiatuz.

        Sennemare baserrian inpresoak eta gutunak banatu zituen, gero berriro hartu zuen bidea, soroetan zehar, zergabiltzailearen posta eramateko; honek etxe isolatu bat habitatzen zuen herritik kilometro batera.

        Chapatis jauna zergabiltzaile berria zen, joan zen astean ailegatua eta ezkondu berria.

        Parisko egunkari bat jasotzen zuen eta noizean behin Bonifazio postariak, astia edukitzean, destinatzaileari eman baino lehen gainbegiratu bat botatzen zion inpresoari.

        Izan ere bere zorroa ireki, egunkaria hartu, bere lotzailetik atera, hedatu eta irakurri zuen zebilen bitartean. Lehenbiziko orrialdea ez zitzaion deus interesatzen; hotzez uzten zuen politikak; beti pasatzen zuen ekonomiarena baina gertaera-sekzioak pasionatzen zuen.

        Ugari ziren egun hartan. Oihartzain baten etxebizitzan agituriko krimen bat irakurtzean hain hunkiturik geratu zen non hiruste soro baten erdian berrikusteko geldo gelditu bai zen. Zehaztasunak espantagarriak ziren. Egurgile bat, oihanetxearen aurretik goizez pasatzean, atarian zegoeneko odol piska batez ohartu zen, sudurretik aterata bezala. "Bart oihartzainak zenbait untxi hil omen zuen", pentsatu zuen; baina gerturatzean, atea zabala zegoela eta serraila apurtu zutela konturatu zen.

        Orduan, beldurrez josirik, korrika egin zuen herriraino alkatea oharterazko; honek hartu zituen goardia eta maisua errefortzuaren antzera; eta lau gizonak elkarrekin joan ziren. Oihartzaina tximiniaren aurrean lepamoztua, bere andrea ohantzearen azpian iratoa eta beren sei urteko alabatxoa bi koltxoiren artean asfixiatua aurkitu zituzten.

        Bonifazio postaria hain hunkitu zuen krimen honek non zirkunstantzia ikaragarri guztiak agertzen bait ziren zehatz mehatz bere aurrean eta, zangoak ahulak sentitzen zituela, ozenki erran zuen:

        —Madarikatu hori, badago jende zirtzil!

        Gero paperezko lotzailea birjarri zion egunkariari eta berribili zen, krimenaren ikuskizunez burua betea. Laster heldu zen Chapatis jaunaren etxera; lorategitxoko barrera ireki zuen eta etxeraino gerturatu zen. Egoitza behea zen, solairu batekoa besterik ez, teilatondo batez bukaturik. Etxebizitzarik hurbilenetatik bostehun metrotara zegoen bederen.

        Postariak aterpeko bi mailak igo, serrailan eskua paratu, atea irekitzen saiatu eta hertsirik zegoela ikusi zuen. Orduan ateskak irekiak ez zituztela eta egun hartan artean inor ez zela atera konturatu zen.

        Larritasunak hartu zuen, Chapatis jauna ailegatu zenetik nahiko goiz jeiki ohi zelako. Goizeko zazpiak eta hamar minutu ziren bakarrik, ordu batez aurreratua zela eta. Ez du inportantziarik, zergabiltzaileak zutik egon behar izango zukeen.

        Orduan inguratu zuen egoitza arduraz ibiliz, zenbait arrisku izan zezan bezala. Susmagarririk ez zuen ikusi, marrubi eremu txiki batean gizonezko oinhatzak ezik.

        Baina bapatean, leiho baten aurretik pasatzean, mugiezin geratu zen esturak gelditua. Norbaitek erostatzen zuen etxebizitzan. Hurbildu zen eta, tuma bazter bat saltatzen hobe aditzeko, teilatuhegalean jarri zuen bere belarria; norbaitek erostatzen zuela, ziur. Oso ongi aditzen zituen zizpuru luzen mingarriak, korokaren antzera, borrokaren zarata. Geroago erostak haundiagoak izan ziren, areagotuak, artean haunditu eta oihu bihurtu ziren.

        Une hartan Bonifazio, orduantxe krimen bat egiten ari zela zergabiltzailearengan zalantzatu gabe, presaka eta korrika ospa egin, berriz zeharkatu zuen lorategitxoa, laua, uztetan zehar abiatu zen, arnasbeharrean korrika egiten, giltzurrunak jotzen zizkion zorroa astinduz, eta mirrizturik, arnasestuka, zorabiaturik, gendarmetegiko ateraino heldu zen.

        Melatour brigadierra aulki kraskatu bat puntaz eta mailuz konpontzen ari zen. Rautier gendarmeak haltzari lorrindua hanken artean zeukan etendurako bazterretan iltze bat mantenduz; orduan brigadierrak, bere bibotea horzkatuz, begiak oso zabalak eta hezatuak arduragatik, bere menpekoaren behatzen gainetik kolpatzen zuen.

        Postariak, haiek ikustean, oihu egin zuen:

        —Zatozte, agudo! Zergabiltzailea asasinatzen ari direla! Azkar, azkar!

        Bi gizonek utzi zuten beren lana, eta burua altxatu zuten, buruak harrituak, jende txunditu eta gogaituarenak, alegia.

        Bonifaziok, arinduak baino harrituagoak ikustean, errepikatu zuen:

        —Azkar, azkar! Lapurrak etxean dira, oihuak aditu ditut, berandu egiten ari da!

        Brigadierrak, mailua lurrean utzirik, galdetu zion:

        —Nola ezagutzen duzu hori?

        Postariak segitu zuen:

        —Egunkaria eta bi gutun eramatera joan naizenean etxea itxita zegoela eta zergabiltzailea zutik ez zegoela ohartu naiz. Etxea inguratu dut aztertzekotan eta norbaitek erostatzen zuela aditu dut, norbait iratotzen ari edo zintzurra mozten ari ziren bezela; orduan zuen bila ahalik eta azkarren hanka egin dut. Berandu egiten ari dela!

        Brigadierrak, tente jarririk, ihardetsi zion:

        —Eta zeuk ez duzu pertsonalki lagundu?

        Postariak aztoraturik ihardetsi zion:

        —Nahiko jende ez izatearen beldur nintzen eta.

        Orduan brigadierrak azaldu zuen konbentziturik:

        —Oraintxe jantziko naiz eta segituko zaitut.

        Eta gendarmerian sartu zen bere soldaduak jarraiturik aulkia eramanez.

        Oso laster berragertu ziren eta hiruok bideari ekin zioten, urrats gimnastikoz, krimeneko tokirantz.

        Etxearen ondoan ailegatzen ibilaldia arduraz gutxitu zuten eta brigadierrak bere pistola atera zuen; ondoren lorategian mantso-mantso sartu eta paretara gerturatu ziren. Itxura berririk ez zegoen gaizkileak joan zirela adierazteko. Ateak jarraitzen zuen itxita, lehioak hertsiak.

        —Gure eskuetan daude, —txutxu-mutxua egin zuen brigadierrak.

        Bonifazio jaunak, erabat hunkiturik, beste aldera pasarazi zion eta teilatuhegal bat erakutsiz:

        —Hortxe dago, —erran zuen.

        Eta brigadierra aurreratu zen bera bakarrik eta taularen kontra paratu zuen belarria. Beste biek zaintzen zuten, begiak erne, denetako prest.

        Luzaro iraun zuen mugiezin, aditzen. Egurrezko ateskara burua hobe hurbiltzeko, kenduta zuen txapelokerra eskubiko eskuan mantenduz.

        Zer aditzen zuen? Bere itxura ikaragaitzak ez zuen deus ere adierazten, baina berehala bere bibotea laztu zen bere masailak zimurtu ziren isileko karkara egiteko moduan, ezpel bazterra berriz saltatu zuen, ikaraz begiratzen zioteneko bi gizonengana itzuliz.

        Gero oinetako puntetan berari jarraitzeko seinala egin zien; eta sarreraren aurrera berriz joan ondoren, egunkaria eta gutunak atearen azpitik sar zitzala Bonifazioari agindu zion.

        Aztoraturik izan arren, postariak errana otzantasunez egin zuen.

        —Eta orain, martxan, erran zuen brigadierrak.

        Baina barrera pasatuz gero, itzuli zen oinezko postariarengana eta, txantxetako airez, iseka ezpainetan, begi garbailduz eta pozagatik distiratsuz:

        —Pikaro ederra zara zu!

        Agureak galdetu zion:

        —Zergatik? Neuk aditu dut, aditu dudala zin egiten dizut.

        Baina, jasan ezin gabe, gendarme, karkaretan lehertu zen. Irri egiten zuen ito zorian bezala, bi eskuak tripan, bitan makurturik, begiak malkoz beteak, imentzio espantagarrirekin sudurraren ingurukoan. Eta beste biek begiratzen zioten harriturik.

        Baina ezin ez zuen mintzatu, ezin zuen utzi irri egiteari, berak zeukana ulertarazi ezta ere, orduan zeinu bat egin zuen, zeinu herrikoi eta basto bat.

        Besteak ulertu gabe jarraitu ondoren, segituan errepikatu zuen, etxea, beti itxita, seinalatuz buruko keinu batez.

        Eta, ulertuz gero, bapatean karkara itzeletan lehertu zen bere soldaduda.

        Irri algaraka zeudeneko bi gizonen artean, harriturik, jarraitzen zuen agureak.

        Azkenean brigadierra lasaitu zen eta, broma egiten duenaren eskuzarta haundi bat agurearen tripan joz, erran zion:

        —A! Zer adarjole, adarjole ederra! Bonifazio jaunaren krimenaz bai gogoratuko naizela!

        —Aditu dudala zin egiten dizut!

        Brigadierrak berriz irri egin zuen. Bere gendarmea zegoen belarrea eserita irri-algareka egiteko arrunt atseginez.

        —A! Zeuk aditu duzula! Eta zeure andrea horrelaxe asasinatzen duzu? E, adarjole zahar hori!

        —Neure andrea...? —geratu zen luzaro pentsatzen eta gero erran zuen:

        —Neure andrea... Bai, garrasi egiten du egurra ematen diodanean... Baina hori da garrasika, garrasika, ezta? Chapatis jaunak bere andreari egurra ematen zion edo?

        Orduan brigadierrak, pozez josirik, sorbaldetik bira erazi zion panpina bati bezala, erabat harriturik besteari utzi zioneko gauza bat belarrian bertan bota ziola. Gero agureak pentsakor marmar egin zuen:

        —Ez... horrelaxe sekulan ez, sekulan ez horrelaxe,... sekulan ez... Inoiz ez nuen uste. Posible ote da? Zin izanen nukeen martirizatzen zutela...

        Eta, nahasgarririk, desorientaturik, lotsaturik, Bonifazio jaunak soroetan zehar bere bidea berrartu zuen, gendarme eta brigadierra, beti irri egiten eta kasernako trufa sendorrak urrutitik oihu egiten, uzta itsaso barearen gainean bere kepis beltza urruntzen ikusten zuten bitartean.

1884

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.