Bertsolaritza jatorra da. Gurea da. Gurea bakarra da, nahiz munduko bazter guztietan eman den fenomenoa izan. Bestetan galdu egin zen, baina, guk eutsi eginen diogu. Europako indioak izanen gara. Baina eutsi eginen diogu geure arkaismoari (1).
Honelatsu hasten nuen duela urte terdi inguru argitara zen artikulu bat. Eta norbaitek irrati bidez "kizkalita egonen nintzela edo" esan omen zuen, ez zukeela beste esplikaziorik artikulu hark. Jakina, herri honetan, mundu guziak dioena esaten ez badu batek, kizkalita, jota edo gisako zerbait egoten da. Oraingoan ere badut halako zerbait leporatuko didaten bildurra. Halere, ez naiz neurea esan gabe geldituko.
Bertsolari Elkartea sortu delata, erirtzi eta gogoeta frango eman da azken bolada honetan. Baina, inork ez du zalantzan jarri bertsolaritzaren baliogarritasuna. Hala eta guztiz ere nabari dira arrasto batzuk zenbait lekutan. Juan Mari Lekuonak, bere osaba Manuel zaharrari jarraizkiaz, bertsolaritza sakonki aztertu duenak, hala dio bere tesiaren aurka letorkeen pasarte batetan (2): "Bestalden herri literaturak (bertsolaritzak) ez du erabilgarritasunik gaurregungo zibilizaziorako; eta, gainera, literatura hau gaurkotzen saiatzea historian atzera egitea omen litzateke".
Bertsolaritza gaurkotzen bastea, Turra iraultzeko traktorea bazterrera utzi eta laia erabiltzen hastea bezalatsu litzateke. Lekuona zaharrak ongi dioenez (3) beste literatur arloen eta bertsolaritzaren arteko desberdintasun nagusia inprobisazioan, bapatekotasunean, datza. Nork sinesten du, ordea, gaurregun inprobisazio lanean. Edozein artelan ere gero eta espezializatuagoa eta aurrez landuagoa eskatzen denean; eta ez dut esanen bertsolaritza ere aurrez landu, espezializatu eta teknikarik ezin ikas daitekeela, egun inoiz baino gehiago egiten denean. Baina, niri, espezializatze, lantze eta teknika ikaste horren fruitua interesatzen zait, eta ene uste apalez, azken fruitu horrek ez du betetzen, ez du asetzen, gaurko gizakia, ez du balio fruitu horrek gaurko gizarterako. Bapateko bertsoak ez du balio egungo gizonarentzako.
Bapateko bertsolaritzak zer aportatu dio herri honi azken amabost urteotan? Inork ez du egin azterketarik nik dakidala, baina, jakin nahiko nuke zer aportatu duen bertsolaritzak berez, beste literatur arloetan aportatu ez denik. Hizkuntzari zer mesede egin dio? Sendimenduaren edo irudimenaren aldetik zenbat imajin eta metafora berri ekarri digu? Erantzuna prest daukat bete betean, ez dut esanen, bakoitzak pentsa eta ikus dezala. Azken txapelketako "bandoa" datorkit gogora. Han ikusi zen ederki bertsolaritzak zer aporta lezakeen eguneroko leloaz aparte; eta jende asko ohartu ere egin zen kasu hartaz, baina, ezikusia eginda aurrera segitzeko ohitura izan du honelakoetan herri hain tradizionalista honek.
Bertsolaritza benetan arte miragarria izana da, baina, gaurregungo gizartean lekurik geratzen ez zaioneko artea, nahiz Txirrita, Xenpelar, Udarregi, Pello Errota, eta abar luze baten garaian kasik leku guzia berea izan. Beraz, ez da zertan agonia luzatzen ari beharrik. Garai hartan, apaizek beren kulpitutik eta bertsolariek herrietako balkoietatik, bakarrik bait zuten egia esateko aukera edo libertadea; eta herri guzia zer esanen zuten zain edukitzen zuten irrikitan. Gaur ere halaxe jartzen da herria, bertsolarien aurrean zer berri esanen duten zain, baina, ez du orduko fruitu ederrik jasotzen; bertsolari zentzurik, graziarik eta orijinaltasunik batere aurkitu ez arren, betiko farramurritx hipokrita egin, txaloak konpromiso lastimagarri batez jo, eta bapo; inportantea euskaltzaletasunarekin kunplitzea da, nahiz herioarekin uztartzen ari.
Eta zergatik biltzen da, bada, hainbeste jende bertsolariak entzutera? esan izanen du dagoeneko baten batek. Herri hau honelako gauzetan oso sofritua delako, bere ohitura zahar eta arkaikoak galdu baino lehen masokismoa praktikatu nahiago izaten duelako, eta bere "bertsolaritzaren" edo dena delako "jatortasunaren" izenean bere asperdura eta monotonia ere disimulatzera ohitu delako; hitz batetan esateko: oroz gain hipokrita izaten irakatsi diotelako.
Orduko gizarteak, ikasi eta gozatu egiten zuen bertsolariak entzuten. Gaurkoak, ordea, egunero entzuten dituen gauza aspergarri berberak entzun behar izaten ditu, eta gainera, bertsoa nolabait osatu beharrak aldrebesatuagoak, beraz aspertu eta gogaitzea ez da betere harritzeko. Bertsolaritzak bere eginkizun eta motibazio soziala galdu egin du. Gaur telebistak, irratiak, zineak, bideoak, prentsa idatziak, prosak, poesiak, pinturak, musikak eta beste alor askok betetzen duen eginkizuna, garai hartan, kasik bertsolaritzak betetzen zuen dena, gure herri txiki hertsi analfabeto eta batipat nekazal girokoan. Besterik ez zenerako ona zen bertsolaritza, txistua ere ona zen bezalaxe, baina, egungo egunean inor ez da libertitzen txistuaren konpasean, eta beste hainbeste bertsoarenean.
Gauzak adierazteko hainbeste adierazpide libre eta patxadako badugunean, astakeria dirudi bapateko bertsolaritza potentziatzen aritzeak. Gizakiaren sendimendua eta pentsamendua azaltzeko oso motz geratzen da bertsolaritzaren bapateko teknika. Xenpelar batek azken juizioko bertsoak ez zituen bapatean bota. Pedro Mari Otaño batek bapateko bertsolaria izan balitz ez zukeen utzi zuen fruitu ederrik utziko. Xalbador zena batek, bere semeak bezalatsu, bere bertsoa moldatzeko moduarekin, ukatu egiten zuen bapateko bertsolaritza; denbora eskatzen zuen, poeta baten modura, barrenak eskatzen ziona esan ahal izateko. Eta honelako exenpluak nahi haina dira. Gaia emanda, denbora luzean pentsatzen egon behar izaten duen edozein bertsolarik ukatzen du bapatekotasun hori, gaurregun. Nik, argi eta garbi esanen dut, genioren bat bertsotan ezinean ari dela ikusiko banu, beste zerbaitetara bultzatuko nuke, edo prosa egitera edo poesiara, edo dena denera, zeren bere sormen kapazidadeari muga izugarriak jartzea baizik ez bait litzateke bapateko bertsolaritzan aritzea.
Nik gauza bakarra dakit, bapatean bertsoa bota nahi duenaren kasua, pertsona (bertsolaria) kondiziorik txarrenetan jarri, eta ea zer esateko gauza den proba egitea bezalatsu dela; zeren, denboraz gutxiengora mugaturik geratzen da; espazioak, bere inguruko (jendeurreko) giroak erabat mugaturik uzten du; eta azkenik, teknikak, bertsoaren neurriak, doinuak, puntuak (errimak), nola edo hala zerbait esan beharraren errematea ematen dio. Gaiaren muga latza ahaztu gabe, noski.
Hara zer dioen, halako bildur kutsu batez, Jon Sarasuak, goi mailako bertsolarietan gazteenetakoa kasualidadez izanen ez denak (4): "Eta azkenean, bertsoa kirol eztabaidagarria balitz, literatura eskasa balitz, edo ikuskizun aspergarria balitz, nork bere hizkuntzarekin jolas egiteko modu bat behintzat geratuko litzaiguke, eta ez da gutxi".
Noski, hizkuntzarekin jolas egiteko modu bat dela bertsolaritza. Baina, oso modu lastimagarria, zerbait berri, txukun eta gustagarri esan nahi bada behintzat. Plazan, jendaurrean gaiari nondik heldu asma ezinik, edo txapelketetan kakalarri bizian aritzea, hizkuntzarekin jolas egitea baldin bada, edozer gauzari esaten zaio hemen jolasa. Arteak ez luke zentzurik, libertade osoan sortua ez balitz, eta bildur naiz bapateko bertsolaritzaren teknikak, libertade hori oso murrizturik uzten ez ote duen.
Libreki hitzegitarakoan ere, zipoka eta estropozoka aritzen gara maizenik. Hona zer esaten duen K. Izagirrek: "Gaur egun enpatxatu egin gara, euskararen errota blokeatuta dago, ezin bait du buru gainera datorkion hitz eta kontzepto jasa asimilatu. Euskarak, odol zirkulazioa kutsatua du, arteriosklerosiak jota dago. Trabatu egien zaizkigu hitzak ezpainetan, orain ez da posible, inoiz ahal izan zen bezala, 'euskaraz egitea', ihardun fisiologiko bat bailitzan. Behartu egin behar dugu geure burua euskara darabilgunean, naturala ez den beste edozer gauza da gure mintzoa. Ez gara gauza metaforak eta hizkuntz mogimendu errealak asmatzeko, kurrinka egiten dugu ia, edo bultza, edo algara, besterik ezinean" (5).
Nola liteke hortaz, libreki mintzatzerakoan erretorika minimo bati eusteko kapaz ez garenean, bapateko bertsolaritzak gure aho hizkerari mesede izugarria egiten diola askok eta askok esatea. Bertsolaritza ez, baina, beste bideren bat bilatu beharko dugu hitzik ezpainetan trabatu gabe hitzegiten ikasi nahi badugu, edo gure gaztediak hala ikas dezan nahi badugu. Herri honi europarako ateak bertsoz zabaldu nahi dizkiona oso oker dabila, oso atzeratua. Herri honek, normala izanen balitz, harako Orixek hilzorian zegoela bisitatzera joan zitzaion eta oso trakets mintzatu zitzaion euskaldunberri hari esandakoa, esan beharko lioke bertsolaritzari ere: "Ah bai eh! Hiltzorian eta gainera hau burutu beharra, latza da gero, latza denez!" Baina keba, masokismoaren gaitza oso barreneraino sartua dago gure artean, lehen esan bezala. Herri honek, itxura denez, atseginez bizitzen saiatzea baino sofrituz hiltzea nahiago du.
Gure aurrekoek, guk baino atsegin haundiagoz hartzen zuten bizitza. Nik neure inguruan entzuten dudanez behintzat, bere garaian bertsozale amorratu izan direnek, muzinka ari zaizkio gaur egun bertsolaritzari: "Gaur ez da itxurazko bertsorik entzuten. Ez dute batere graziarik oraingo bertsolariek. Garai batean bai, garai batean!". Eta jubilatzeko zorian dabiltzen euskaldunak honela mintzo direnean, berekin batera bertsolaritzaren jubilazio eske baizik ez dira ari. Arrazoi osoa ematen diet, gu, gazteok baino modernoago azaldu bait dira horretan.
Bilboko Arenalean igande goizero bertsotan aritzea, Erniora igota kitarra jotzen aritzea bezalatsu iruditzen zait. Egin liteke kapritxo pertsonal baten modura hartuaz; baina, euskal giroa, euskararen aldeko apustua eta antzekoetan pentsatuaz ez. Ez mesedez, ez. Ez gaitezen izan hain babuak, euskaldun jatorragoak garelako ustean.
Hasieran aipatu dudan artikuluan (1) bertsolaritza eta jatortasuna parekatzen nituen, eta orain ere hala eginen ditut. Gure artean jatortasunak badu halako esanahi zabala bezain arriskutsua; esplikatzen oso erraza ez dena. Bada, bertsolaritza, hitz horren babesean gorde dela esanen nuke azken urte mordoska honetan. Eta ez bertsolaritza bakarra, beste zera asko ere, hitz horren gerizan atera da aurrera, eta hala luzitzen du herri honen aurrerapenak, edo modernismoak.
Exenplu bat jarriko dut jatortasunaren hau adierazteko. Herri hau, partidu politiko ezagun baten jatortasunean eta abertzaletasunean sinesmen haundirik ez izaten hasia zen, eta horra hor non entzuten dugun aipatu partiduaren irrati propaganda bertsotan. Zergatik? Ene interpretazioa oso okerra ez bada, imajin jator bat ematearren. Harri eta zur eginik gelditu nintzen, Mario Estrasburgora joanen zela bertsoz enteratu nintzenean. Non dago gure modernotasuna motailak! esan nuen neurekiko Bertsotan etziok europara abiatzerik!. Eta denborak eta botuek ere arrazoi eman zidaten. Jatortasunaren alde saia liteke gauza askotan, baina, bertsoen bidez botuak bildu nahi dituena oso motz geldituko da hemendik aurrera. Gizarte honek ez bait du jadanik "jatortasun ortodoxo" horretan sinesten, eta are gutxiago bertsoen bidez adierazi nahi litzatekeen "jatortasunean".
Oraindik urte asko ez dela, honako honelako gauzak irakur zitezkeen gure euskal aldizkarietan (6): "Bertsolaritzak hordutik hona jasan duen inflazioa gorabehera (edozein ospakizunetan bertsolari bat sartu beharra, askotan ia inork kasurik ez egin arren), ontzat ematen da bide hori, jatortzat, oroimen kolektiboaren adierazgarri den heinean edo. Hori baino gehiago proposatzen da hor (Susako pasarte hau, Izagirrek eta Atxagak izenpeturiko artikulu bati dagokiona da): Bertsolaria, gizon jatorra ez ezik 'modernoa' ere badela, beraz, gaurregun zeresanik baduela. Alegia, ez dela mundu galdu batetakoak amaigabe errepikatzera mugatu behar. Azken hilabete hauetan bertsolari eskolak perretxikoak bezala ugaldu dira han-hemenka. Horietara doan jendea kaletarra izango da gehiena, eta agian denborarekin beste era bateko memoria sor liteke. Alegia, orain arte bertsolariak mendiko irudiak erabiltzen bazituen, oraingoek kotxea, gasolina eta horrelakoak hartuko dituztela".
Hemen ere jatortasuna eta modernismoa aipatzen dira. Jatortasuna esplikatu dut lehen, baina, modernismoarena inork ez du sinesten gaurregun. Bapateko bertsolaritzak ezin du inola ere modernotasunik bereganatu, Bapateko bertsolaritzak beste edozein literatur arlok baino aukera izan du bere modernotasuna erakutsi nahi izan badu, baino gero eta "jatorrago" bihurtzen joan dela uste dut, gizarteak aurrera egin duen bitartean. Areago esanen nuke: bertsolaritzak beste ezerk baino gehiago eutsi diola herri honen ideologia atzerakoi eta tradizionalismo hertsiari. Esan bestela niri, zein bertsolarik tratatu izan dituen normaltasun osoz, esate bateko, putak, alkoholikoak, marikoiak, edo beste mila asunto; areago ridikulizatu besterik ez du egin nik dakidala. Eta ojo, ez naiz humorea salatzen ari eh! beste deus baino gehiago estimatzen baitut bertsolarien humorea.
Eta bestalde, bost ajola niri "kotxea eta gasolina" erabili, edo "zaldia eta belarra" erabili, herri kontzientziak, kulturak, ikuspegiak edo dena delakoak lehengoan segitzen baldin badu. Eta ontzat emanik ere, astakeria hutsa iruditzen zait bapateko bertsolaritzaz honela mintzatzea, literatura patxadaz eta esaldiei mila buelta emanez egiterakoan, Etiopiatik Obabara itzuli garenean berriro. EGUNA astekariak ere orrialde oso bertsolaritzari zabaldu dio esklusiban. Bertsoak behar dituzuela, horra bertsoak! Bertsolaritzari buruz idatzi nuen lehenbiziko artikulu hura (1) datorkit berriro burura: "dele al necio lo que pida el necio, aunque se vuelva necio" Aiba, nazkatu arte!
Erruki diot Xabier Euskitze gazteari. Ze pena bere gaztetasuna hain modu monotonoan galdu beharra. Honelatsu esaten zuen estreinaldiko orrialdian (7):
"Bertsolaritza gero eta gehiago sartzen ari da irakaskuntzaren munduan, eta oso interesgarria eta garrantzitsua da betetzen ari den edo bete beharko lukeen funtzioa. Hizkuntza lantzeko tresna egoki eta praktikoa dela iruditzen zait, aldi berean ikasleak klasean gustora egoteko modua izan litekeelarik".
Inkesta bat egingo nuke pozik gazteen artean, eta zenbatek pasatzen duen ongi eskolan bertsoak ikasten, entzuten, edo idazten; eta ea zenbatek landu duen euskara bertsoen bidez. Bai, pozik eginen nuke! Halere, inkestarik batere egin gabe, igertzen diot, neuk landu nahi dudan euskarari rock musika desberdinak jarriaz emaitza hobeak lortuko nituzkeela neure klasean. Euskara eguneroko errealitatera ekarri nahi ez badugu, alferrik alferrik gabiltza (eta ez da nik esana), bertsotan edo beste edozertan. Eta errealitatea ikusi nahi eza baino gaitz okerragorik ez da; zerbait egin nahi denean alde orotarik etsaiak sortzen bait dira. Euskararekin ere beste hainbeste gertatzen ari da: lehenago berez aski zaila dena, zailago egin nahi dugu inondik ahal bada. Sufrimendutik plazerragana eragin beharrean, oinazea areagotu; honelako taktikak erakutsi dizkigu militantismoak.
Pako Aristiren eritziari (8) meritzi esanez erantzun zion Rufino Iraolak (9) "Nik bertsolariek beraiek esanda zekiat, bertsolariak herriarekin batera farre eta herriarekin batera negarra egin behar duela". Bai, hala egin beharko lukete Rufino, baina, ez dute hala egiten, oker ez banabil behintzat, neure esperientzia pertsonalak hala erakutsi izan dit azken urteotan. Edo bietakoren bat: edozein gauzari esaten zaio herria gure artean, edo edozein gauzagatik egiten duela farre edo negarra herriak uste dute bertsolariek. Ez gara Txirrita baten garaian bizi Rufino, ez gaitezen izan ilusoak. Herria eta bertsolaritza kasik bi mundu dira gaurregun gure artean, eta hori itsua ez denak ikusten du. Herriak, gehiengoak, ederki egiten du farra eta negarra bertsolariaz ardura haundirik izan gabe. Gehiago esanen dizut, herriak bertsolariaren aurrean egiten duen farre eta negarra, jadanik ez dira benetako farra eta negarra. Ez dira sintzeroak eta fidagarriak. Hipokresi kutsu haundi batez behartuak baizik. Baina, hau lehenago esan dut. Hasi naiz kontzeptuak errepikatzen eta isiltzera noa, guzti hau eritzi oso pertsonala baino izan ez dela azpimarratuaz. Bukatzeko gauza bat eskatuko nioke sortu berri den Bertsolari Elkarteari: egin dezala azken hamar-hamabost urtetako bertsolaritzaren (bapatekoaren, noski) ikerketa soziologiko, linguistiko, literario eta orokorra, sakon eta serio. Bertsolaria, gaiak, gaiei eman zaien tratamendua, gaiak tratatzerakoan erakutsi duten eritzia, kontzientzia, modernismoa, atzerakoitasuna, entzulegoa, bertsozalea, baserri / hiriko giroa, orijinaltasuna, lexiko berria, joskera, irudi literarioak, metaforak, lokuzioak, sendimenduak, irudimena, fantasia, gaurregun bertsoak zer funtzio betetzen duen, edo hutsean kolpeka ari den, bertsolariak entzulea zenbat betetzen duen, inkestak era askotara zuzenduak, eta beste mila gauza gehiago. Horra tesi baterako gai aproposa, kazetaritza, soziologia, filosofia eta letrak edo beste karreraren bat bukatu duenarentzako. Bertsolari Elkarteak bultza lezake lan hau, nahi badu. Eta deustan hastekotan, hortatik hasi beharko luke, bere burua finkatzekotan, edo bere buruari batere zentzurik ematekotan. Bere izateari eta betetzen ari den funtzioari buruzko datu zehatzik izan gabe ez bait lezake urrutira jo. Eta datu horiek esku artean izan ditzagunean, ikusiko dugu, hemen esaten dena (eta beste leku askotan esaten dena ere) egia, gezurra, erdizka, edota askok uste izango duen bezala, astakeria hutsa den. Bitartean, bertsoak nonahi; gatzik eta orijinaltasunik, ez sendimendurik ez irudimenik, batere gabeko bertsoak, entzun beharko ditugu. Betiko bertso asper eta lelo errepikatuak!