L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<korr1000>— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Korrokata

 

        Existitu, KORROK ez da existitzen. Horrela pentsaerazi digu Charo Fuentes-ek, poeta y rastreadora de los fenómenos culturales bere pormenorizado estudio sobre "La poesía a través de las revistas literarias navarras" egiterakoan, gureaz ez laudorio ez irain ez deus erraten ez duelarik. Gaurregungo literatur aldizkaritzat, Nafarroan, "Río Arga", "Pamiela" eta "Pasajes" ditu soil soilik, jakin nahi bazenuten. (Navarra Hoy, 87-6-22).

        Gurea ez ezik euskaraz ari diren gainerako kolega nafarrak ere el hombre invisible-ren etniakide izatera behartzen ditu Tomás Yerro catedrático de literatura jaunak, une honetako idazleak aipatzerakoan Miguel Sanchez-Ostiz, Javier Eder, Javier Mina, Pedro Lozano Bartolozzi, Patxi Larrainzar eta Toño Sanz izendaturik (Navarra Hoy, 87-12-6); ezta tutik ere ese preciado tesoro que es la lengua de nuestros antepasados-ez baliatuz idazten ari garen gizajooz.

        Baina, hori bai!, batak nahiz besteak beren lanak "Ateneo Navarro/Nafar Ateneoa-n" aurkeztu zituzten. Faltaría plus. Bistan da, erdaraz idazten dutenen "aholkulari aulikoak" (ahulatik dator?) Olimpoko Musak direla, euskaraz aritzen garenon inspirazio-iturriak karta jokoko "mus-ak" ditugu besterik ez. Paso a chiquita, tú. (Edo Albaro Bermejoren bidetik erasoko dugu. Temblad, erdaraz ari zaretenak, itzulpenerako armak prestatzen ari gara-ta...)

        Agrabio zerrendara itzuliz. Duela bi urte, Iruñeko Udalak plazaratzen duen aldizkariak, BIM hain zuzen ere, beste holako kultur mugidaren katalogoa argitaratu zuen eta bertan ere bazterrean utzi gintuzten. Areago, Udalak eraturiko Sanferminetako kazetaritza Lehiaketan bigarren saria eskuratu genuen urte berean. Hori marka existitzen ez den aldizkaria saritzea!.

        Hurbilago etorriz, aurtengo Argiaren urtekariak, Nafarroari dagokion dossierrean, indiferentzia osoz zigortzen gaitu ere. Hau patu petrala!

        Ez gara kexatzen, ez horixe. Eta ez dugu egoera hau aldatzearren deusik ere egingo baina... Ohitu gara marginalismoan bizitzen. Mendeku biblikoa balitz bezala aldean daramagu geure nortasun difuso eta fantasmala (ikustezina). Agian leiendetako pertsonai mitologikoak izatear gaude: "1.984-1988 bitarteko epean izan OMEN zen Iruñean literatur aldizkaritxo bat..." Hainbat agure/atsoen ahotatik jasoko du XXI. mendeko Barandiaran berri batek. Auskalo...

        Literaturaren kronista ofizial horiek (alor honetan benetazko botere faktikoak) gure presentziari uko egin diote behin eta berriro. Beraz, panorama ikusita, KORROK erditu genuenetik makina bat buruhauste sortarazi digun zalantza hamletianoa argitu zaigu. Ez naiz ari IZAN ALA EZ IZAN esaeraz, KULTURA ALA KIROLA binomioaz baizik.

        Kulturismoa bai. Etikatik Estetikara.

        Kulturismoa? KulturISTMOA agian edo KulturIRLA hobe, Nafarroaren kasuan, Hegoaldeko bertze hiru probintzietatik gero eta sakabanatuagoa dagoen herrialde honetan. IRLA bat gara eta Nafarroako euskal elitearen zati handi batek emigratu ondoren (Martikorena mintzo) naufrago hutsak gara. Naufragoak izanik, bakarti guztion gisa, hauexek dira perspektiban ditugun errekurtsoak: onanismoari ala filosofatzeari lotzea. Eta Tuterako Gil Beraren eraginez bigarrena hautatu dugu.

        Charo Fuentes, Tomás Yerro, BIM...:

        Ez behe ez goi mailako literatur aldizkaritzat ez jo arren, berdin digu. KORROK luzerako duzue. Suzedaneo bat gara eta suzedaneoen garaian bizi garenez gero EUTSI SUZEDANEOI.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.