Nazio kirolaz
Hiraka
Irakurle maiteok, kamusada izugarri bat hartzeko zorian zaudetela eginen nuke apostu. Ez, sentitzen dut; hemen murtik ere ez da mintzatuko ez pilotaz, ez aizkol jokoaz, ez harrijasotzaileez, ez traineruez, ez idimenez... (zer esanik ez, inportatutako "show"ez football delakoaz, hala nola ez eta hurrik eman ere). Ez, hemen ariko gareneko kirola askoz arruntagoa da, gehienok usatzen dugun bakarra: taberna, hain zuzen.
Nahiz eta baten bati ezagutzea gustatu ez, ez da euskara diferente egiten gaituena. Gaur egun, "Euskal" Herriko lau bizilagunetatik bat soilik da euskalduna, giro hau, egunez egun, gutxituz doalarik, euskaldunmotz guztiek, batzuak beren deitura kilometrikoei begira, besteak alaitzen eta burrukan kementzen beti zeregintsu, ezaxolati dirauten bitartean (Pasadizo bat: ez ote zen inor konturatua euskaldunok, "geure" herrialdean, gutxiengo zinbrikia garela? Deitutako "Euskal Pizkundea" zenbait konzientzia itxuratiren bihotz zimikoak iraungitzeko mito bat baizik ez da, zisne agoniatsu baten azken kantua. Gure hizkuntza hiltzen deneko egunean hiltzen dugunekoan, ala, amarrugabeek uste baino askoz lehenago, ez da negarrik egonen, ez eta dolu hunkigarririk ere, Herri honetako jendetzarik gehien-gehienak ez bait du deus ere galdu duenaren zarrastarik somatuko). Ez, gaur, euskal funtsezko bereizgarria, utz dezagun inork dagoeneko sinesten ez duen erromantizismoa, alkohola da. Hemendik bi belaunalditara honela segituz gero Sorterria "Mozkor Herri" edo birbataiatu beharrean izanen gara, ezbairik gabeko hiriburua Teileria kalea izanen delarik, noski.
Nazio hau, dzanga egiten, Europako adituena delako jakinean dago mundu guztia. Beharbada, uste ez dudan arren, bavariarrak izan litezke gurekin norgehiagoka aritzeko gauza. Iruñeko hamalau urteko edozein mukizuk, edate gozoari buruz, bost kontinenteetako txapeldunari berberari eman diezaioke eskola.
Honez gero, gure artean, beren gizena inolako lotsarik gabe erakusten diguten tripaundiak zergatik ugaltzen diren ulertzea dagoke. (Euskal kirola praktikatuz, giharreak gehiegi edertzen ez direla jakin behar luke batek baino gehiagok). Eskerrak euskaldun irudikorra!, gainezko kilotxo horiek aienaerazteko, asmatu ditugun manifak eta gainerako parafernalia guztia: "gora" batzu bota eta... "footing" egitera!
Nondik nora alkoholaren arrakasta? Hauxe da artikulu honetan zehar ihardesten ahaleginduko garen galdera.
Alkoholaren betebehar soziala hasieratik ukanen dugu gogoan. Alkoholez zigilatzen ditugu gure adiskidantzak. Alkoholetan iratotzen gure penak. Alkoholak ez bestek ematen zirririk egiten ausartzeko adorea eta atxakia.
Urliari "zer moduz bart?" galde egiten badiogu, ez digu erantzunen "oso ongi" edo "ongi, esan beharko" edo zernahi, baizik eta "de puta madre". "Harrapatu nian mozkorra! Zortzietan etxera nauk!". Herri hontan, zenbat eta beranduago etxera, gero eta hobeki pasatzen omen du jendeak. Eztabaida liteke ea benetan jostatzen diren parrandistak, txurru-txurru eten gabe, beren ahotsa eta besteenak are gutxiago aditzen uzten ez dieten hots pairaezinen artean. Ni neu sinetsia nago, zinez, hotsa ederki joaten zaiela gautxoriei, gehienetan ez bait dute zertaz egin hitzik, baina entzute haundiko lelo hori "hau duk (edo dun) martxa...!" ez da dateke publizital abeta hutsa?
Baten ni anatematizatuagatik ere, Iruñean hain sapa haundia duen "martxa"k pilo bat aspertzen nauela egin behar dizuet aitor. Tabernatik tabernarako sainduralerioan datzan martxa hori, gure aitonamonen garaiko elizinguruko martxen ondorengo arteza da. Tabernak presenteko kangeiak dira, eta azken bolada honetan eramaten den "progre"(???)tasuna, erlijio modernoa. Lege zaharreko Jainko falokrata bere idulkitik ereitsia da, omen, baina bere lekuan beste idolo bat ezarri eta adoraerazten da: parranda guztiahalduna, zeini euskal gazteek debotuki beren asteburuak sakrifikatu behar dizkioten, Dionyso birjaioari darraizkion menadeen suminari eta hordi-hordek ezakorten ospean tatuatzen dituzten seinale iraingarriei "gelbera" edo "motela", esaterako, hauetxek dira hereserik jarrienak itzurtzeko. Jainko garaile hau bere lege berria eta guzti inposatu diguna destronatua bezain falokrata da, falokratagoa izan ezean. (Sinesten ez didatenek ez dute oraindik entzun morroi progre-progreak emakumeez mintzo direneko modua).
Dena dela, barkaezina izanen litzateke zalditik astora joate honetan egon den iraultza ikaragarria ez aipatzea: zer eta ardo beltzaren nagusigo osotik birraren nagusigo osorako iragapena (Mundura honek ere konnotazio erlijiosorik du; alegia: pasa egin da kristauen usteango kristoren odol sagaratutik, moderno eta "post"-en elixir sakratua edo, hoberitziz gero, aspaldian bi espezieez jaunartzeak eragiten ei zuen estasi mistikotik, orain espezie bakar bat jauntzat hartzeak dakarren estasi etilikora. Nolanahi ere, ikusten duzuenez, "Kristo"-ren aldaketa. Guzti honekin zerikusirik ote du alkoholari "espiritu" ere esateak Herriko anitz lekutan? Batek daki!) Harira: igazko edal kontzentzuaren aurka, hiri barruko tribu batzu matxinatu dira, tribuok, edari benari, totem gisa edo, gur egiten diotelarik: progreek garagarrera salbu, beste zuhainetara jotzen ez dutela adierazia dugu; pijoek gin-kasa egiten dute txurrut; abertzaleroek, patxarana; puritauek, tinkakina...; oraindik bizirik omen dagoen jatorren batek baizik ez dirau nolatan. Begi bistan da, bada, edal (=erdal?) iraultza hau Euskal Herrian burutu ahal (izan) den iraultza bakarra (izan) dela. Ez da gutxi, euskal gogoa nolako atzerakoia den jakinik.
Nazio kirolaz izkiriatu beharrean nazio erlijioan ihardun dudala konturatu berria naiz: barka nazazuen espero dut. Haatik, ez nuke artikuluxka hau bukatu nahi, ene kautan oso axola haundia duen gauza bati buruz hitzik egin gabe. Esan, esan dizuet Iruñeko martxaz zeharo egiten dudala paso. Trinkatze martxa horrek beste martxarik eza sexurik, hain zuzen ere estali nahi du, nik uste. "Orgia" hitzak "jai bakiko" besterik ez du esan nahi, edatun den Herri honetan. (Hainbeste estasi etilikoren ordez, estasi orgasmikoren bat gehiago ez lihoakioke gaizki Euskal Herri gureari. Tamalez, Dona Zingilipurka, birjina eta martiriari Herriko patroi-titularitatea kentzea biziki kostatu zaio Done Kondoi Txapeldarrari. Izan ere, zuen eskuetan duzuen panfletoa sinatzen dudan hau, ezertxo bat ere ez ninduke harritu Sorterri zaharra noku edota hotz suerta lekigun. Akabua, ezta?). Bai, larrua hain gutxi eta hain "cutre"ki jo dadila salatu behar da. "Gauerdiko Teila"koek, egoera larri hau konpontzeko, zerbait egin dutela ezaguna daukat, baina beren lanaren berri ez zaio oraindik populuari ailegatu. Ez bide du inork sinesten (nik ere ez, ez pentsa) ongi egindako izkepot bat eskaladako mila metroren baliokide denik: nazio kirolariak behingoz jabe balitezl
Jaiotzetik mutikoak eta neskatilak elkarrengandik aldendurik ibiltzen dira, salbuespenak salbuespen: mutikoak neskatxoei gonak altxatzen edo txirikordetatik tiratzen ari zaizkienean, kasu. Ulergarria, bada, justifikagarria ez, baina deitu "neskazaro"an jazotzen dena: artxo guztiak morroskanatara, ehiztaria bere ehizira bezala. Gogorrena, ene ustean, ez da zeregin-banaketa historiaurreko honek irautea (gizonak aktibo izan behar du, emakumeak, berriz, geldo), baizik eta mundu guztiak bai ehizatzen dutenek eta bai ehizatuak direnek (?) bere baitan baimendu egin dezala. (Hauxe da iraultzarik erradikalenak sikira ebazterik lortu ez duen arazo bat). Zuetariko batzuk ere, ez dela hainbesterako esanen didazue, beti honela gertatu eta gertatuko dela. Agian zuzen zaudete, baina nik behinik hein irrigarri eta negargarri deritzot ibiltze honi. Portaera honek nazkaturik nauten esamesak oro baieztatu egiten ditu. Honako esalditxo hauek, "gizon (edo emakume) guztiok berdinak zarete" eta "ez dakizue beste gauzaz pentsatzen", adibidez, solas askoren amaiera ezezik, inork ikusi nahi ez duen zerbaiten islada ere izaten dira. Bakoitzak atera beza bere ondorioa. Ene aburuz, argi eta garbi dago epaia: gizarte bat, non bi sexuek, bata besteaz defendatzearren, murrailak eraikitzen bait dituzte, gizarte eria da.
Gaixotasun honi aurre emateko osabide bakarra, neronen eritziz, honetan da: gure balore falokratak oro gizonezko nahaskeria eta emakumezko birjinkeriaren haundiespena, berezi bereziki tutorretik ateratzean, aurpegi hutseko iraultzak geroko utziz. Hemen, Euskal Herrian, oraindik egiteke dagoen sexu-iraultza baten premia gorritan gaude denok, gizon-emakumeok, denok, karikaturok deskribatzen saiatu den balizko aurrerakoitasunean ezkutatzen den arkeriaren biktimak eta, batera, borreroak gara eta. Arlo honetan erabateko eraldakuntzarik, emaiozue nahi duzuen izena, ez dagoen bitartean, sexuen arteko komunikaziorik eza eta honen ondoren derrigorrezkoa den zapuzketa izanen dira nagusi. Mintzatzen utzi eta praktikari ekiteko garaia dela uste dut neronek. Azken erabakia, irakurle preziatuok, zuen zeuok hartu behar duzue.
|