L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hipotesi egiaztatua

 

Mikel Bujanda

 

        Idazlearen buruan sortzen dena errealitate bihurtu, egiaz gertatua literaturan birsortu, mugak nahasi eta dena bat egin: horra jolas polita. Barnetxeako Mariaren pasadizuarekin suertatuak ongi erakusten du askok maite dutela joku hau. Vianako Printzearen Erakundeak argitara eman eta Caro Baroja jaunak zuzentzen duen "Cuadernos de Etnologia y Etnografía" aldizkariari sartu dioten golak zer hitzegina eman du. Atsegina baita jolasa. Has gaitezen beraz.

        Eman dezagun badela Madrilen jende adituek —aditu izateko— egunero irakurri beharra duten egunkari bat, El Pais izenekoa. Eta aspaldi txiki honetan, hor nonbait agertu omen den liburu bati aipu, laudorio eta goratzarreak egin dizkiotela bertatik. "Bazen garaia gauzak garbi esateko", "Horixe da guk pentsatu eta esatera ausartzen ez ginena" eta holakoak publikatu dituztela. Hipotesi honen ildotik, bota dezagun zenbaitek gutunak eta kartak bidali dituztela adoz ez daudela esanez. Baina saia gaitezen sinesten delako liburu horren egilea plazara atera dela esanez kritikak ez dituela ontzat hartzen, kritikari hoiek bere lana ez dutelako irakurri, eta gainera Luis Mitxelenaren adiskidea izateaz aparte honen iturriatik edan duela.

        Eman dezagun badela kakagixon gezurti bat pellokeriak esaten asetzen ez dena. Hara eta hona deitzen dutena hitzaldiak eman ditzan. Azkeneko zortzi urte hauetan emaniko zazpi zaunkaldi bildu ditu —toki eta une desberdinetan eskainiak—. Ematen hasiz pero, jar dezagun liburuak "LENGUA ESPAÑOLA Y LENGUAS DE ESPAÑA" duela izenburu, eta ARIEL LINGUISTICA deitu sailean argitara emana dagoela.

        Irudimenari ateak zabaltzen hasiz gero, eman dezakegu astapito usteko horrek aukerarik ez duela galtzen bere ergelkeriak esateko: hizkuntzaren balio bakarra hiztunen kopuruak eta ez bestek ematen du: hizkuntza txikien desagerpena ez da inolako dramarik, alderantziz baizik: espainol hiztunari egiten omen zaizkion diskriminazioak salatzen ditu behin eta berriz; farre egiten dio tokian tokiko hizkuntza errekuperatzeko ahaleginetan dabilenari: seriotasuna eta zientifikotasuna eskatzen die hizkuntza txikien defendatzailei, bitartean berak "harrotasuna", "gure hizkuntzaren miraria" —espainolaz— eta antzeko kontzeptuak erabiltzen dituenean. Hizkuntza txikien babeserako lege guztiak —Nafarroakoa izan ezik— jipoitu egiten ditu lotsagabeki, berak Espainolarentzako lege babesleak eskatzen dituen aldi berean. Azken baten, eta egunaren argitan, espainolera, hizkuntza inperialaren defentsa eta laudorioa egiten du. Gaztelera hitza utzi eta espainola erabili beharraz ere botatzen ditu bere marraskak ardiseme irendu horrek, baina gai horrek ez nau kezkatzen.

        Utz dezagun hegaka fantasia. Demagun zizare zornatsu horrek honako hau esaten duela: "euskara ez da hizkuntza bat, zortzi euskal hizkuntza dago". Eta lorito baten gisan esaldi bera errepikatzen duela zazpitik hiruan: "ez dago euskara bat, zazpi baizik". Lehen baino bat gutxiago. Zergatik? Hoietako bat, zuberera, Espainian ez delako agertzen. (Ez al zarete liburuaren izenburuaz akordatzen?)

        Gehiegi eskatzea ote da irudimenezko ahalegin berria? Lerro hauek sinatzen dituenak liburua osoki irakurri du halako kirtenkeria zein oinarri, solibo edo datotan eusten duen jakin nahirik. Eta zerbait jartzearren, esan dezadan 57. orrialdean honela diola: (euskararen) zortzi dialektoak ulertezinak ("ininnteligibles") dira elkarrekiko. Eta ondoren: elkar-ulergarritasuna da erizpide zientifiko bakarra (hizkuntza bat dela ontzat hartzeko).

        Probarik ba ote du txatxu horrek? Bai, honako hauek: behin bidai batean bizkaitar batekin topo egin zuen (20. or.) eta honek esan zion euskara batua gipuzkeraren inposizioa besterik ez zela; Unamunoren gurasoak —bat gipuzkoarra, bizkaitarra bestea—, elkarren artean erderaz aritzen zirela; gehiago ere badu testigantza gisa: 1.947an argitara eman zen lan batean, Manuel Alvarrek kontatu omen zuen Ameriketara joan ziren bi artzain euskaldunek inglesa ikasi arte ezin zutela elkar ulertu. Lekukotasuna, eta oinarri zientifikoa, ikus litekenez euskara bat ez dela esateko.

        Eta Mitxelena? Ez al dabil txontxongilo nazkagarri hori Mitxelenaren iturriak baliatzen dituela esanez? Liburu osoan behin bakarrik aipatzen du Errenteriako hizkuntzalari zendua, eta ez orain dagokigun gai hontaz.

        Nola aipatuko du gezurretan ari bada? Eskrupulorik ez du besten izena, batez ere hilik dagoen batena, zikintzeko. Inori ez zaio gehiegi kostako Mitxelenak kontrakoa esaten zuela probatzeko. Hemen bere esaldi pare bat: "...euskalki ugaritasunak ez zuen inoiz hizkuntzaren bat izate hori zalantzan jarri maila guztietan ageri denez: gramatika, hiztegia, ebakidura. Oraindik ez dago garbi, nik dakidanez behintzat, zein diren hizkuntza barneko diferentziak berezten dituen mugarriak, dialektoz ari diren hiztunen elkarren artean ulertzeko gaitasuna ez baita inolaz ere irizpide segurua. Laburrago esan, bapatean ulergaitza zirudiena guztiz erraza gertatzen da harremanak luzatu ahala". (Euskararen liburu zuria; EUSKALTZAINDIA. 1978. Euskararen bide luze bezain malkarrak. K. MITXELENA 16, or.)

        Gezurtia baita mamutzarra. Ideiarik ere ez du euskara zer den eta ez zaio axolik. Dena aitzakia da Espainako erderaren propaganda egiteko.

        Guzti honi bukaera, ipuinen tankerakoa ematea polita litzateke. "Hau hola ez bazen...". Baina ez. Protagonistak bi hanka —guk dakigularik— eta izen bat du: Gregorio Salvador, miembro de número de la Real Academia Española.

        Eta orain, akabera. Iruñeko Zaldiko Maldikoren baimenaz, orain pare bat urte eratu zen saria, espainoltzain ohoretsuarentzat, gorotzez bete joarea, aurrerantzean esatekoak egiari lotuak egon daitezen: "... El baylle de seynor de la tierra puede iurgar que fagan implir la campaneta de mierda de ombre que sea rasa, et faga implir en la boca del ladrón daqueylla mierda". Kakitzat, Salvador.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.