L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Narzi, nire lagun mina

 

Horbel

 

                                                Hay un mañana estomagante escrito

                                                en la tarde pragmática y dulzona.

                                                                        (Antonio Machado)

 

Narzirekin bizi naiz.

        Ispiluez josita daukat etxea. Etxe luze luzea, zabal zabala, mugagabea, barnebideari datxezkion barnebide amaezinetan, gelei datxezkion gela amaezinetan, hesparru bakoitzari datxekion hesparru segita batetik galtzen den etxe mugagabea.

        Narzi nirekin bizi da.

        Jainkoak bezala, ez eguzkitan ez itzalean, ez nau uzten. Taigabe, nirekin dator barne infinitoruntz barne bidai bukaezinetan.

        Auskalo noiz etorri zitzaidan. Somatzen dut ordea.

        Garai bat egon zen zeinean nire bizitza galdu Parabisurantz bidaia bait zen. Norarik gabeko bidaia, harako bertze harena bezalakoa. Ez nekien, baina, bidai hark ez zuenik norarik. Jakin ere, noraezeko noraezean ibili behar nuela ondo banekien. Ez nintzen jakitun, ordea, nire helmugarik gabetasunaz.

        Ibili eta ibili, lagun askorekin topo egin nuen. Zenbait, ni bezala, Parabisurantz noraezean. Bertze zenbait, gehien bat, noraezean ere, inora joan nahi gabe baina. Bertze zenbait, aldiz, beti aurrera, helmuga ezagun batetara bidezidor ezagunetatik.

        Gorroto nien azken hauei, ondo bait nekien haien helmugaz eta zidorrez. Urrikal nintzen bigarrenez, helmuga ezagunetara eramaten zituzten betiko bideetatik aldendu nahi nituelarik, horrekin nire helmuga ezezagunera bideratzeko aski izanen bailitzan...

        Behin, neke neke eginik gelditu nintzen. Aintzira baten ertzean edo bertze harkaitz baten gainean, auskalo. Nire nekea bera nitaz urrikaldu eta etxe bat eraikitzen hasi zitzaidan. Ispiluez josita gaurko etxe hau. Orduan izan zen, agian, Narzi aurkeztu zidanean, elkarrekin ibiltzera nolabait behartu gintuelarik, betirako iduriz, etxe barnetik beti dirudienez.

        Indarrak berreskuratu bide nituen. Narzirekin ibiltzen hasi nintzen, dela han dela hemen, gelatik gela. Nondik noruntz ez nekiela, lehen bezala. Baina, lehen ez bezala, ezta nora ere. Eta, gainera, bortz axola zitzaidan. Nire "nora" bera, nire "nondik noruntz" delakorik eza bihurtzen hasi zen.

        Horrela, oraingo honetan, ibili eta ibili, ikusi eta ikusi, Narzi eta biok, noiz elkarren ondoan, parean, noiz aurrez aurre, beti elkarrekin. Haren ondoan banoa, nirekin dator. Haren baitara banoakio, nire baitara datorkit. Garai hartako nekeak Narzirekin topo egin erazi zidanetik, Narzirekin ibiltzea dut nire helmuga. Narzirekin ibiltzea dut bidea.

        Atsegin zait Narzik janztea eta eranztea. Laket zait Narziren gorputza argi ezberdinen pean ikustea, Narziren muskuluen tein egitea edo laxatzea. Gustokoa dut, batez ere, Narziren nagiak ateratzea... Hau bizia! Hau ibiltze berria!

        Noizean behin, halere, amets egiten dut. Nork kondatu zidan, ez dakit non ere, nagiaren istorio bitxi hura: "jeiki zen nagia, erre zuen herria"?...

        — Narzi, nire lagun mina, zein ispilu hautsiko zait, zein paretan galduko zaitut, noiz erreko dut etxe hau?

        Amets gaiztoak, hemendik inoiz ezertarako aterako ez nautenak, ez eta nik garai hatetan gorroto egindako etsaien bertze "Narzi"en kontra jotzeko ere!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.