L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Gustoak eta disgustoak

 

Juan Miguel

 

        Gurean barna pasatzen den KULTURISMOAren ibaiko ur uherretan plastiko zikin eta txapa herdoildu ugari dago, eta hainbat gorputzen hustualdiaren ondorioa: ongarria (?). Horretaz gain, halere, bizirik diraute zenbait karramarro harro, bizpahiru suge pozointsu, txipa eta xarbo xalo multzo bat eta dozena bat arrain lodi.

        Azken hauetako batzu paratu dizkizugu amura ondorengo orrialde hauetan, zuk harrapa ditzazun. Guk ikusten ditugun bezalaxe marraztu ditugu: amodiozko kolore xuabeetan batzu, eta desamodiozko zakarragoetan besteak.

        Har itzazu, bada, kainabera, bokata eta zahatoa, eta pazientzia apur batez ondoko lerrook irakurrita, saia zaitez horietako bakoitza nor ote den asmatzen.

        Suerte on, arrantzalel

 

(1)

GIZON HELDUA

Gizon helduak, gazte denboretako suak bare, ditut amets-pelikuletako protagonista nagusi. Aitaren besoen beroa bilatu nahia egon daiteke tartean, agian. Bizitzan ikasi eta beren buruak kontrolatzera ailegatu direnak. Amodiozko jostaketan esperimentatuak baina, baita ere, lagun izaten dakitenak ditut gogoko. Solasean huntaz eta hartaz ari daitezkeen horiengana saiatzen naiz hurbiltzen. Ezin erran, ordea, orain artean arrakasta lortu dudanik.

        Gureen artean Jose Luis (Joxe Koldo?) izena duen baten zilarrezko lokiek naukate itsuturik. Ez dizuet deiturarik aipatuko, ez baitzait sobera zuzen, ezta bidezko ere, iduritzen. Hitzaldiak edo nolanahiko ekitaldia dela medio, gure Iruñea zaharra hankapetzen duen aldioro, hantxe egoten naiz ni ondoan, bere hatsaren epela sentitzeko; nahiz eta jakin horrek neure ezinegona areagotu baino ez duela eginen. Zeren ez baitut bera neure besoetan edukitzea bezain desiragarri zaidan deus aurkitzen bizialdi honetan. Eta, halabeharrean, gau-egunez fabrikatzen ditudan ametsek ase behar izaten naute.

        Zerk erakartzen nauen berarengan? Hasi eta ez nintzateke gauza izanen denak hitzetan agertzeko, hainbertze gauza baitira! Gelako listoenak egiten duen modura, ezpainetatik zintzilik aldika darakusan irrifarrea, deskubritu berri duen mugagabearen intimitateren bat jaulkitzen duenean. Besoak zabaldu eta, lepoa ezabatzen duela, burua sorbalden mailara makurtzeko keinua, Gobernu vascongadoaren saldukeria eta inkonpetentzia salatzen dituenean. Bere orrazkera ondulatua, uhinak zientziaren itsasoan, eta marra zuzena aurretik atzeraino barneratuz, holandarren eraikuntzaren gisara. Eta ile xerlo hori, kopetara irristatzen zaiona, Bernardo guztiak erasotzen dituenean, idazlearen konpromezua dela-ta. Nola ebakitzen dituen hitzak frantsesez, bertze norbaiten aipamen bat egiten duenean...

        Bai, zertarako gorde, bera bahitzeko edo ni berak bahi nazan irrikitan nago. Maleziatsuki haurtzaroko jostaketa inoxenteetan aritzeko desiotan. "Grandeur nature" pelikulako Michel Piccoli-ren haragizko panpina izateko gogo bizian. Jaioterria dudan Faltzesko euskararen sekreto guztiak belarria ixilka konfesatzeko prest. EHE-n edo EKB-n ni baino militante fiñagorik ez duela hatzemanen frogatzeko gertu.

        Bitartean, hementxe nago etsiturik, neure egunkari izkutuan inori aitortu ezin ditiodanak idazten, eta noiz behinka, haizeaz bestaldetik, hau bezalako izkribu eroak, etxe ondotik pasatzen den errekatxo jauzkariaren eskuetan utziz, neure hihotzeko Jose Luis-ek (Joxe Kolko-k?) nonbait hartuko duelako esperantzan.

ELSA

 

 

(2)

BASA

Nere hamazazpi urteetan, eta gorputza emakumetzen hasi zitzaidanetik, ezina zait sorgindu ditudan guzien aurpegiak (are guttiago berdintsuago diren bertze aldeak) gogoratzea. Baina gure "kulturistei" buruz ari zaretenez, berriki inguratu zaizkidanetako bat aipatuko dizuet. Bere izena, honako hauxe: Pako.

        Durangoko azokan, liburu baten aurkezpenean, ezagutu nuen. Argitaletxeak bertaratu ginen guzioi aperitibo batzu eskaini zizkigun, ekitaldiak zapore hobea utz zezan. Ensaladilla rusako kanapetxoak desagertuak ziren, Kaskanteko gorriarekin batera, tipoa hurbildu zitzaigunean. Ni bere ezaguna omen zen batekin ari nintzen eta, aurreabisurik gabe, kaixo titi, erran zidan hatzaparra neure ipurdi ederrean iltzatuz. Baita nik agudo erantzun ere, kaixo, hankartekoan eskuineko belaunaz merezi zuen bezala. Solaskide nuenak etorri berria nor zen adierazi zidanean barkamena eskatu eta altxatzera lagundu behar izan nion, batere ez damutua, ordea, egindakoaz.

        Berak, orduan, biluztu ninduen begirada batez goitik beheraino, titigerri-ipurtalde-izter..., inolako disimulorik gabe. Baina, era berean egin nion nik: ongi erreparatu ipar-hego, eskuin-ezker eta, noski, erdialdeari; poliki, nagiz bezala, pausatu begiak interesgarrien daitezkeen horietan. Nork agintzen zuen zegoen jokoan, itxuraz inoxenteak ziruditen begi ariketa batzuen atzean. Enpate.

        Dena den, lehendabiziko mugimendu horiek, erasoa eta begi-burrukarena, balio izan zidaten, ezezagun harengana atentzio berezia erakartzeko. Hori gertatu bitartean, ohartu nintzen patata-tortillako azken pintxoa ere tripaundi baten kontrolpean zegoela eta lehengo lagunak bakarrik utzi gintuela adiorik gabe. Horregatik, pelikula amerikanoetan bezal bezalaxe, Pako Pistolas-ek jungo al gaitun zeoze afaltzea pasa dena ahazteko disparatu zuenean, baietz erabaki nuen ezbaitan sartu gabe.

        Horrelaxe hasi zen laurogeitamasei ordu iraun zuen idilioa. Nere record-a, dudarik ez dena. Orain arteko luzeena. Denetatik egin genuen areto hartatik bere Volkswagen-ean ateraz geroztik. Mozkor gaitza bildu, gau hartan berean, Pernod-etik hasi, boikot produktu frantsesei, eta wodka-laranjatan akaba, biba Rusia-ka. Larrugorritan bainatu, eta akatarratu, kostako parajerik basatienean. Arraultze frijituak etxeko lukainkarekin gosaldu, eta champagne frantsesez busti, Nafarroako Basaburu aldean. Ohatzean ordu luzeak pasa lo egiten eta filarmonika saio amaigabeak, bakar eta binaka, ahoz-aho (musikari ona da tipoa). Ezin erran aspertu ginenik.

        Dena finitu zen, ordea, hasi zen gisan. Pakok erantzun zuen telefonoak laurogeitairugarren aldiz jo zuenean eta ostia diariovascokoak hi eta ni hemen en pelotas, oihuka hasi zitzaidanean. Idazteko makina hartu zuen eta ginebra botila ondora. Sekula inork egin duen joan-etorririk biziena estankoraino zigarro bila, eta idazteari eman zion desesperatuek egiten izanen duten moduan: gainerako guziaz, ni barne, ahantzirik zeharo.

        Maleta egin nuen eta atea zabaldu. Egia erranez, kariño pixar bat tartekatzen hasia zen eta nik, neure hamazazpi urteetan, nahiago dut horrelako katetan ez lotu puska batean.

        Ez nuen bere berririk espero, alde egin nuenean ez bait zidan jarik erran, baina herenegun pakete bat jaso nuen etxean. Barrenean, larrosa zimeldu bat, zeinek erran behar zuen erromantizismoak hori joko zuenik!, eta honako hitz hauek:

                "Txilborretik gora eta behera dijoazkinan iletxoek

                basamorturik kixkalgarrienean

                ni bezalako egarritu hatek

                segitu beharreko bidea

                seinalatzen duten geziak ditun".

                                                PAKO.

        (P.D.: Bihar edo etzi, gutxien espero dunanean, hilko haut... maitalerik zelatienak egin lezakeen erarik latzenean... nobela herria egiteko argumentorik gabe natxion eta).

IRENE

 

 

(3)

GUTUN IREKIA

EUTGko uda ikastaro batean liluratu ninduzun lehendabiziko aldiz. Nolabait errepikatzen zenuen aldioro zerbait desorekatzen zenuen nere baitan. Zer esanik ez "Lizaggaga, zera, Nafaggoako Elkanokoa..." mingainean zehar iggistatu behar zenuen bakoitzean.

        Baina ez zenidan aise eman eskua, horretarako gogotik saiatu banintzen ere. Ikastaroa finitu eta neregandik alde egin zenuen urrikalpen pixarrik agertu gabe. Oraindik gaztetxo nintzen eta luze gabe beste aukera sortuko zitzaidala pentsatuz, utzi zintudan goierritar ikasiago batzuren eskuetan.

        Zine zuzendari izan gogo zenuela adierazi zenuenean maletak egin nituen berriz ere Iruñetik Donostiarako, zilartzen hasia duzun ileko ispiluari begira orduak pasatzeko prest. Eginahalak egin nituen zure arreta nereganatzeko, pelikularako aktoresa polit baten beharrean zeundela ikasi bezain agudo. Denak alferrik izan ziren, ordea. Hamasei urteko mukizu bat hobetsi zenuenean kareletik neure burua botatzeko itxurak ere ez zuen deustarako balio izan.

        Aunitzetan irudikatu zaitut ametsetan: burua sorbalden tartera uzkurtua, Laboak eraman ohi duen legez. Eta azken honen antzeko begirada maliziotsua, barne unibertso aberatsa iragartzen duena. Bereziki politak ez izanagatik, horretxek bihurtzen zaituzte misteriotsu eta interesgarri. Bizitzak zailduriko tipo zimelen enkantoa darizue.

        Ibilkera eta janzteko moduak pertsona ulerkor eta irekia azaltzen dute. Goxoa eta kariñosoa ere zarela esatera atrebitzen naiz. Seguraski gehiago zara zura, harria baino. Malgua, agian, ez-dogmatikoa.

        Herabe eta zuhur itxura duzu, baina lepoa jokatuko nuke azpi horretan gizon apasionatu eta menturazalea datzala. Ez ote duzu literatura erabiltzen apikako barne hori kanporatzeko?

        Ez dakit oriotar edo zarauztarra zaren edo beste nonbaitekoa. Ez zara kantari ospetsuaren anaia, nik dakidala, nahiz eta zure deiturak norbait nahaseraz dezakeen.

        Gauza guzi horiek dakizkit behin eta berriz inguratu natzaizulako. EUTGn ikasle eta gero aktoresagai izan nintzen era berean, ondotik sarritan jo dut zure atea: kazetari, liburu-saltzaile, pisu-erosle, inkestagile, eskale eta abar luzearen modura... baina ni flowers!

        Abandonatuago naukazu Domingok Martzelina baino. Beste Josefinak tarteko, dudik gabe. Baina ez dut etsitzen halere, hamaseigarrenean onartuko nauzulakoan. Horrelaxekoak gara emakumeak. Ez dugu sekula ikasiko!

        Musu bat, nere kuttun hori!

ANDURIÑA

 

 

(4)

SUPERMAN

Aurpegi handia, atributo handiz jositakoa, hainbeste neke, ardura eta burutaziok merezi duen bezainbesteko kopetak koroatuta, euskal diplodokus erraldoiari dagokion gisan.

        Nekez atzeman daiteke noraino zaion baliagarri buru itzela, gogoeta sakonenen kabia, ezin konta daitezkeen milaka gatazka intelektualen burrukatokia, mota guztietako aurrizki, artizki, adizki, atzizki, hizki eta mizkien putzu hondorik gabea euskal segeretu izkutuenen gordeleku aparta. Nekez imajina daiteke noraino helduko zatekeen buru hori, Errealean aritutako besteak aukeratu zuen burukada latzez eta jaurtiketa bortitzez zipriztindutako bide berdina hartu izan balu.

        Boxalari bati legokiokeen sudurrak ezeztatzen du santutasun irudia, sudur hautsi luze horrek gauza franko adierazten du, hala borrokalari batean aurrean izauden, nola hainbestetan barrikadaren bi aldeetan aritu beharrak zer nolako kaltea dakarren, zein latza den.

        Anteoju handiek lausoturik litezkeen begiak izkutatzen dituzte. Errealidadeak aski ongi adierazten du noraino okertu daitekeen honela pensatzen duena. Fotojeniarik gabeak izanda ere, aztorearen fintasunez ikusten dute plazan gertatzen den guztia, txokorik txoko, mendirik mendi, artadirik artadi, etxerik etxe, eta begiak heltzen ez diren tokira belarri luzeak aise iristen dira, kabalekilakoaren berri aditzeko prestu, emakumien etxe hoitatik gertatzen denaren jakinaren gainean, guraso zaharren mugimenduarekikoaz ongi jantzia, ekite bera salbu, omen.

        Euskaraz zein erderaz mintzo zaigu behin baino gehiagotan, aho eder hartatik denetarik entzun daitekeelarik, ardo ardo entzun nahi denean, ura ura behar denean, auditorioak eskatzen duenaren arabera, bikariarako sosak nondik etorriko bistatik kendu gabe, zer gerta ere.

        Orojakile, berak epaituko zaitu, gaitu, euskaraz dakizun ala ez, idazten dakizun ala ez, euskal senaz hornituta zauden ala ez auzian daudenean, bai eta beste mila momentutan, bereganatu duen Asunto Indioetako Aholkulariaren postutik, bera bezalako eraman handiko gizonak hain ederki betetzen duena.

        Joxe Mari, gezurra badirudi ere, gu ere euskararen alde, ye, ye.

 

 

(5)

KIROLARIA

Ile kizkurrari segida ematen dion bizarra kuzkuiluak biltzen ditu aurpegi honen ezaugarri nabarmenenak, zeinek energia isladatzen duen musu trinkoa erakusten duten.

        Betaurrekoak ere txintxeta distiranteak bezalako begi bizi-bizien aurrean, farre aise egiten duen ahoa sudurpean, farrak ta begien dirdirak ematen diote irudi honi funtsa eta kemena. Abotsaren indarra gaineratuz, beldurtzekoa da hizkuntzaren txingoa-eroale adoretsu honi dagokiokeen ekarrera.

        Bere abotsa izan zen entzun genuen lehena, euskaldunen beste kirol hura praktikatzen aritu zenean. Gerora hizkuntzaren kirol nazionalarekin hasi zitzaigun erasoka eta, bestelako kulturismoak lantzen dituelarik ere, sekulako bizeps-ak garatu ditu, izugarriak, markak kilotik kilora hausten duen harrijasoitzaleak baino areago. Delako harrijasotzaileari burutik betea den batek irainik esango ez zion era berean, gutxi dira orain Euskal Herrian aurre egitera ausartzen diren arkakusoak, eta hizkuntzaren kirolari finari dagokion gisara, aizkorakadak bezala diren hitz eta arrazoi zuzenez zapaltzen ditu kupidarik gabe, berak ez dituela txorradak maite eta antzekorik esanez. Honelako aizkora-kolpeak direla medio, eta bertsolaririk ikusten dugula nonnahi, plaza, antzerki, periodiko eta irratietan, laister ikasi dugu etorkizunak zer ekar dezakeen; Hots, arkakusook etxeratu gara, badaezpada, eta aita-ama bidean gaudenok berreskuratu dugu fedea, Jaungoikoari otoitz egiten diogularik gure seme-alabak bertsolari izan ez daitezen.

        Bitartean, leihotik, arnas handiko korrikolari nekaezin honen ibilerak, korrikak eta azainak ikustearekin konformatzen gara, ozenki hitz egin nahi izanaz damuturik, gure txorradak eta ateraldi txoroek lotsatuta, gure funtsgabekeriaren zama ezin jasanez, behin betiko konprenitu dugularikan Aitorrek ez gaituela euskal zeruaren soro berdeetan bere aldamenean hartuko. Amen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.