L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Patuaren zoria

 

Xanti Begiristain

 

Astelehen goiza.

        Kli-kli-kli-kli!, kli-kli-kli-kli!,...

        Bat batean iratzargailuaren doinua entzun da eta Egoitz gizon gazteak ez du izan beste erremediorik esnatzen hastearena baizik,2 nahiz eta guztiz bere borondatearen aurka eta esne txarrez beterik egon.

        —Berriz lanera!, puaaggg!, puaaggg, ze nazka!

        Honela da, gure gizona jeiki da eta jazten den bitartean buruan pentsamendu itsu bakar bat besterik ez du:

        —Ea nola moldatzen naizen gaur eginbehar guztiak gauzatzeko...!

        Logelatik atera eta bainugelara zuzendu da. Hor minututxo batzutan aritu ondoren sukaldera doakigu; esan liteke neurri batetan esnatuxeago dagoela nahiz eta nabarmenki ez, eta ongi begiratu ezkero badirudi alaixeago aurkitzen dela ere.

        Dena den, kopeta zimurtu xamarra duelarik atera da etxetik eta mila kalbario nozitu ondoren, hala nola, hotza, trafiko zaila, semaforoak, aparkatze nekeza, etabar, noizpait behintzat iritsi da bere irakastetxera. Dagoeneko, begiak bederen, emeago ditu eta hasi da bere klasea ematen. Bere ikasleek gaur ikasteko zer jarrera duten arabera joango zaio lana Egoitzi; batzutan pozik eta beterik bukatzen ditu klase-orduak, baina besteetan berriz, haserre, hutsik eta etsiturik.

        Hor, ordea, ez zaio bukatzen eguna gure gizon sufrituari, alegia, egun batzutan kontserbatorioan musika klaseren bat hartu behar duela eta, ta beste batzutan Oinarrizko Heziketa Orokorreko eskola batetan berak eman behar duelako solfeo klaseren bat, kasua da, bazkaltzeko gehienetan, edo berandu samar egiten zaiola edo bestela oso presaka eta hestu bazkaldu behar duela.

        Gaur, esate baterako, bazkaltzen bukatu bezain azkar, etxean klase partikularren bat eman behar du. Gero, jakina, Kontserbatorioko erritmoari normalitate pittin batekin jarraitu ahal izateko musika estudiatu behar izaten du, bestela badaki pott egingo duela eta...

        Behin baino gehiagotan, burutik, honelako galderak pasatzen zaizkio:

        —Merezi ote du honenbeste saltsa eta nahaste borrasterekin bizitzeak?

        Beste askotan, aldiz, honako hau esaten dio bere buruari, alegia:

        —Bizi honetan zerbait egitekotan busti eta ahalegindu egin behar da; ez zaigu gelditzen beste aterabiderik!

        Eta honela, gure Egoitzek, mila zalantza-malantza artean eta oztaozta aurre egiten dio bere bizimodu kaxkarrari.

        Noiz edo noiz iritsi zaio gaua, —"atseden hartzeko ordu lasaia!"— pentsatzen du. Baina, orduan ere, ez dira gutxi izaten, nor edo nor bisitatzera etortzen zaizkion pertsonak, batzu musikari buruz zerbait galdetzera, beste batzu hizkuntza dela eta kontsultaren bat egitera, etabar... Eta, azkenik, ez dira faltatzen ere afaltzera, edo telebista ikustera, hitzegitera edota diapositibak behatzera agertzen direnak.

        Hitz batez, gure Egoitzi gertatzen zaiona, hauxe da, lanegunetan bera lanaz gain beste mila erroilo suertatzen zaiola, eta eskuarki, dena bukatzen duenerako jadanik oso berandu izaten da. Gaueroko erritoarekin hasten da, ohean eseri, erantzi, logale-aurpegia ezin disimulatu, eta bakar bakarrik oheratu, beraz, gaua norekin gozatzerik ez bere buruarekin baizik ez baldin bada behintzat, eta azkenean lotara. Hortan izango du aukera amets gauzatuak ta huts egindakoak bakartasunean dastatzeko.

        Eta berriro ideia hau nagusituko da bere gogoaz:

        —Noiz ailegatuko ote da asteburua?

        Baina asteondarra heldu baino lehen beste lau aldiz entzun beharko du gutxienez esnagailuaren "kli-kli-kli-kli-kli" gorrotagarria.

        Hala eta guztiz ere, jaiegunak iristeak beti ez du esan nahi, nahita nahi ez, gure Egoitz erabat zoriotsu izango denik, ze askotan bakarrik sentitzen bait da.

        Gaur bertan, esate baterako, eta larunbata izanik, begira zer gertatu zaion: Etortzekoa zen bere neska lagun batek telefonoz hots egin dio esanez honelako eta halako arrazoirengatik ezin zela etorri; beranduago, eta bazkaltzen ari zelarikan, norbaitek deitu dio telefonoz baina hartu orduko moztu egin zaio komunikazioa; ondoren, bi aldiz entzun du atariko txirrin-hotsa, baina, nonbait, ezezagunen bakarren baten hanka-sartzea izango zen eta ez zaio inor azaldu; telebista ere piztu du azken errekurtso bezala baina kanale batetan pelikula itsusi bat zegoen, bestean bere gogokoa ez zen kirol mota bat ere hirugarrena oraindik konektatu gabe zegoen. Hala ere Egoitzek ez du etsi eta telefono aparailuari itsatsi zaio norbaitekin hitz egin ahal izateko asmoarekin, baina berandu xamar zenez gero ez du lortu bere atseginezko inorekin kontaktatzerik...

        Horiek guztiak direla eta hortxe daukazue zorion handi gabeko Egoitz delakoa lerro hauen antzeko batzu idazten, gogoz nahiko beharturik bada ere, zerbait positiboa egitearren —"egunen batez agian garai hobeagoak iritsiko zaizkit"— pentsatuz, eta honakoxe hau gaineratzen diolarik:

        —Bitartean, zer egin behar duzu, ba?, hil artean bizi, ahal den neurrian behinik behin!.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.