L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Eduardo Gil Bera

 

Josetxo Azkona

 

        Filosofiaz euskeraz aritzea, ez da bat ere gauza arruntik gure artean, are guttiago, XVI. mendeko bi filosoforen lanak atondu eta liburu batez argitara ematea.

        Halako denboraematekoak edo, agian, halako grinak bultzaturik, plazaratzen zaigu Eduardo Gil Bera bere "Atea bere erroetan bezala" izenburupeko liburuarekin; Iruñeko "Pamiela" argitaletxe jatorra editore izaki.

        Filosofa eremuko entsegu honi esker, Eduardo Gil Berak, 1987.ko "Xalbador" literatur saria bereganatu zuen, ezin hobeagoko kritikak bilduz, bestalde.

        30 urteko pentsalari honen baitan zer pentsakera moeta ote dagoen eta zer ideia filosofikotan errotzen den, galdera batzu zuzendu dizkiogu, jaiotzez eta bizitzez Tuterarra den Eduardo Gil Bera frankotiradoreari.

        — Zure "Atea bere erroetan bezala" izenburupeko liburuan, XVI.eko bi pertsonaia filosofiko hartzen dituzu abiapuntutzat: Michel Eyquem de Montaigne, bata; eta, Huarte Daonibanekoa, bestea. Zer dela-eta, bi filosofo hauen hautapena?

        — Montaignek nahi zuen bere burua ezagutzea eta, lehen itxuraz errexa ematen duen helburu hori lotzearekin, erakutsi zuen lagun guziak, beren izakerak eta izakeren ñabardura kontezinekin batean, ezagutzea bezain errex edo neke, zail edo xinple zela. Bere buruaz aritzeko baliagarritzat eman zituen etxeko gertakariak, pertsonal gora beherak eta muga orotako lagunen iritzi, uste eta pasadizoak. Berak erran zuen hagitz adierazgarri den molde batez: "Bizi pribatu eta xinple batez bete daiteke moral filosofia osoa bertze herronka altuagoko bizi batez bezain ongi; lagun bakoitzak darama bere baitan gizakeraren molde osoa". Ez zuen gairik aipatzen ahal bezainbat alde eta kontrako lekukotasunik aipatu gabe. Ez zuen doktrinarik, erantzunik, bilatzen, bakarrik eta xinpleki, nahi zituen bertzeenak entzun eta aditu. Montaignerendako ez da, alde batetik, gaia eta, bertzetik, hari buruz eman diren usteak; aitzitik, nondik nahi ere enkaratzen den, badira, soilik, iritziak, eta ez da, aitzinetik, batere hastandu behar.

        Huarte giza indibidualitatea garbiki aldarrikatu zuen lehen filosofoa dugu. Kant baino lehenagoko tabula rasa famatua ukatu zuen bakarra. Izaeraren aldaezintasuna finkatzearekin egin pekoz gaineko iraulketaren burrunbada oraindik soma daiteke. Baina, ororeri gain, Huartegan bada gizakeraren arazoaren aitzinean ikerlaria paratzeko manera, hau da, nere iduriko, haren irakaskintza nagusia.

        Nik nahi dut betidanik diren filosofi galderetan itxura problematika berkausitzea. Eta uste dut gizona gizon denetik egin galderak badute, edonoizkoak ere diren, itxura hori; honetan ez da modarik eta, denboraren buruan, betiko galderak ez doazie garbituz edo aldatuz; justuki horixe baita solasa: gizakerak denboraren eragin eta bertzelakatzekin ikuskizunik ote duen, hots, bere buruaz, harriturik, galdegin zuen lehen lagunaren galderak guri doazkigun ala gaindituak diren. Montaigne eta Huarteren lekukotasunean ikusi dut bereziki ageri baliagarritasun eta edonoiztasun hori.

        — Zientzia eta Pizkunde aroaren hastapenei lotzen ohi da hain katramilatsu izan zen mende hura. Zeintzu izango ziren, nagusiki, Montaigne eta Huarteren emaitzak Zientzia eta Kulturaren arloan?

        — Huarte, lehen aldiz, frogatu zuen bakarrik induzioaren bitartez izan zitekeela aitzinapenaren posibilitateren bat. Bertzela errateko, frogatu zuen aitziniritzien bastertzeko beharra, aunitzez geroago Sthendal-ek zioen gisa ikusi behar dela denean. Maiz erran da psikologia modernaren etorkia izan zela baina eguneko psikologia bere sailkapen zurrunduekin batean Huartegandik sorturiko aldarrrunduekin batean Huartegandik sorturiko adartzat eman behar baldin bada, adar ihartu bat dela erran behar da, egite gehiago baitu eskolastikoen eta Aristoteren sistima finkatuarekin Huarterekin baino.

        Eta Montaignez nik erranen nuke bereziki bi emaitza. Lehenik gure baitaren eman zuen iduri berria eta, gero, idazkera. Lehenaz denaz bezainbatean, SainteBeuvek erran zuen Montaigneri buruz hagitz zorrotza den jujamendu bat: "ez da, gure baitan, hondo bat, azal kontezinak baizik". Idazkerari dagokionez Montaignek erabili zituen, ausarki, lokalismoak, arkaiskoak, kultismoak, barbarismoak eta gogoratzen zitzaizkion ismo guziak, puntuazio gogorki berezi bat erabiltzen zuen, hori dela eta, bi mendez, estilo arnastezin bat zuela erran zen, ohartzeko da ere, halako denboraz, gaskoin batek idazten zuena arrotz, zarpail eta zakar iduritzen zitzaiola paristar bati (maizki euskaraz gertatzen zaigun gisa). Gero, izendatu zitzaion ereduen eredua; baina, kurioski, egun erabiltzen diren bertsio gehienak, frantsesez zein gazteleraz, normalduak eta apainduak dira, Montaigne desgisatu eta deskafeinatu bat azalduz. Etorkizko bertsioa, erritmoan eta bertze gauzetan, hurbilago zait euskaratik bertze erdaratatik baino.

        Beraz, emaitzaz denaz, gaskoin filosofoa ohartarazi zuen filosofia gauza alaia, helkorra eta denei doakiguna zela, hori da duen erakarpenaren koxka. Eta erakutsi zuen idazkera ona soilik gerta daitekela manera mamiaren nerabe eta menpeko gisa doaielarik.

        — Montaigneren estraineko ideia filosofikoak estoizismo hutsaren barnean lekutzen dira; gerora, berriz, eszeptiko izatera iristen da. Eszeptiko aktiboa izatea nahiko korapilatsua gertatuko zitzaion sinesmen hutsaren garai hartan, ezta?

        — Montaigneri suertatu garaia, jakina, hemendik ikusirik, irakin eta nahasia zen. Alde batetik erlijiozko gerrak eta bertzetik Frantziako koroa erdiesteko gatazka eta tira-birak eta, gainera, Montaignek ez zituen aparte bizi. Bordeleko alkate izandu zen, gerratean ibili zen eta ere, zenbaitetan, ongi erlazionaturik zenez, ararteko gisa jokatu zuen, adibidez, Enrike Biarnesaren eta Enrike III.aren artean. Ohartzekoa da San Bartolome-ko sarraskiaren denboraz lotu zen idazteari, gerra zibila gori-gorian zelarik, baina hau oro jakiteko datak kontsultatu behar ditugu ez baitira idazkietan ageri. Montaignek kondatzen digu berriki gertatu zaion halako setioan edo atzo ikusia halako zokoan eta, segidun, Makedoniako Filipori gertatua edo erromatarren ohitura, irakurleak liburutik goitizen du begirada eta ohartzen da bere ikusmira, bere ingurunearekin batean, joritua suertatu dela. Montaignek bere etxean, zentzu zabalean, idazten zuen eta ez zuen sistima edo doktrina berri bat proposatzen; hori bai, topikoa bertze uste kurios bat gisa onartzen zuen baina beti bertze uste aunitzen artean. Azken hau, era laño eta plegugabe batez, berak egiten zuen bezala, errexago ematen duen eta ere, da zinezko korapilotsua.

        — Nola definituko zenuke Montaigne-ren eszeptizismoa? Ba ote du zer ikusirik gaurkoarekin?

        — Hasteko ikusi beharko litzateke eszeptizismoa zeri erraten diogun. Eskuharki eszeptikoa deus ere sinesten ez duen lagunari erraten zaio, nik horri sinesgogorra erranen nioke. Nik eszeptikoa, sinesten duena sinesten duela, bertze edozein gauza sinesteko gaitasuna galtzen ez duen lagunari erraten ohi diot; eta nago hori dela Montaigneren kasua. Batzutan, etimologiaz baliatzea argigarri xamar suerta daiteke. Kasu honetan "skeptomai", eta hortik eszeptiko, greko aditz bat omen da eta "ikertzen dut" edo horrelako zerbait erran nahi du. Diogenes Lertzioren arabera, zer deritzozu? galdetzen zitzaionean beti "behatzen ari naiz" edo "ikertzen dut" arrapostutzat ematen zuen lagunari paraturiko izena bide zen eszeptikoa. Sexto Enpiriko-k, bera ere horretara ixuria eta emana izanki, bildu zituen haien uste eta erranik gehienak eta Montaigne hortik ere hartu zituen erran moldeak eta bere liburutegiko zurean markatu. Han irakur baitaiteke, bertze aunitzen artean, "skeptomai" famatua; are egin zuen erretratu bat eta girbinean balantza bat eta "epexo" (abstenitzen naiz edo jujamendua ententzen dut), Pirronen errana, markatu zituen. Baina, orotan gisa, honetan ere bada eta izan da "pose"rik aunitz. Laertziok berak ere erraten digu nola eszeptiko tailu aunitzetako jenderi erran zekiokeen aldez, baina, halaber, haietarik aunitzek elkarri ukatzen zieten horrelako izena. Gaurko eszeptizismoaz denaz, nik ez dut uste horrelakorik denik; eszeptizismoa ez da inoiz eskola bat izan, eta egun, nola ez, beti izan den bezala, dogma da nagusi, are dudatu behar dela dogmatikoki inposatu nahi duen laguna ageri da eta horrekin uste du puntaren punta jarri dela eta bere buruaz iritzi biziki on bat du. Baina hori ez da perpaus batez bertzerik. Bere buruari eszeptikoa deitzea lausengu bat gisa aditzen dute eta arrunt satisfaturik gelditzen dira, kartel bat dilindan balute bezala: "eszeptikoa loak harturik, ez hotsik egin". Iduritzen zait eszeptizismoa lagun guti ailegatzen diren gogo heldutasun berezi bati dagokiola. Pentsa, bizitzaren garairik dogmatikoena morrointasun izaten ohi dela, orduan nor izaten da ozar, zaztar eta ausarta, ikasi ohitur-sinesmenak ukatzen ditu oihuka, baina, ororen buruan, behinere baino dogma gehiago badu gogoan, "hau txit majo duk", "hori moralista duk" eta horrela. Honetaz denaz bezainbatean, jenderik gehiena ez da heldutasunera heltzen.

        — Montaigne alde batera utzita, pasa gaitezen, orain, Huarte-ri buruz mintzatzera. "Zientzietarako jeinuen azterketa" liburuan Huartek esaten duenez, norberaren buru-abilezi eta jokabide pertsonalaren araberakoa izan beharko luke gizabanakoaren ogibideak. Zer deritzozu proposamen horri?

        — Ezinageriago da arrazoigarriki sontenga daitekeen iritzi bakarra dela. Baina ez du izan ezta izanen ikuskizun handirik gertatzen eta gertatuko denarekin: eta ez daiteke bertzerik. Egun, adibidez, airean den mezurik ageriena "orok egin dezakete" dugu eta ez da hori baino gezur ageriagorik.

        — Zergatik debekatu zuen Inkisizioak Huarteren jeinuen liburua? Beharbada, Eskolastika kolokan ipintzen zuelako?

        — Izan zitezkeen haririk asko. Bat, adibidez, eta arrunt garbia, Huartek erran zuen, lehen aldiz eta aski ozenki, adimendua ahalmen organiko bat zela norbaiten adimendua burumuinaren antolamenduarekin hertsiki estekaturik zegoela; honekin bakarrik, arima, automatikoki, langabezian gelditzen zen, edo, izateko ere, zerbait materil zela adi zitekeen Huarteren ondorio gisa. Bertze bat, Huartek ezarri zuen memoria, burumuinaren ahalmenen artean, mailarik apalena, are erran zuen hagitz zaila zela adimendu on bat izatea memorio on batekin, sermoilariak adimendu gutitako jende zela. Huarte ez zen batere erretorikakoia eta ongi eta ximenki mintzatzea eta izkribatzea, adimendu on bat neurtzerakoan, goganbehartsu xamar iduritzen zitzaion, hots, salbuespenez bertzalde, gezurtien ezaugarriak iduritzen zitzaizkion. Guti balitz ere, frogatu zuen teologia guziz egokia zela ardi-adimenduentzat "beharrezko baita ardiaren izaera, sekula ez baita urruntzen ongi eta garbi markaturik den bidaxkatik eta behar baitu norbait, aitzindari gisa, bidea urra diezaion". Predikulari eta abokatuei beren tokian ezartzeaz bertzalde, soilik teologoei "entendimientos oviles" deitzea uste dut aski zela. Huarteren sostengatzen zuenaren ondorioak aunitzez urrunago zihoazen, uste dut lehenago erran dudala. Huarteren garrantzia arazoaren aitzinean hartzen duen jarrera da, honetan eta bertzetan ere, umore ona, idazkera sueltoa, erretorikaren arbuioa, nabaritzen da euskalduna zela. Kurioski, Huarteren iritziak zahar eta gaindituak kausitzen dituztenak. adibidez, tipula ona edo txarra dela adimendurarendako eta horrelakorik, begiratuko diran gizentzetik, gimnasia eginen dute eta bere kalorietako taula zainduko dute eta federik hoberenean; alatzen dute markaturiko alapidetan.

        — Zure lan filosofikoa idazterakoan traba bereziren batekin behaztopatu al zara? Hizkuntzaz ari naiz, jakina.

        — Zailtasunak, izateko ere, ez dira hizkuntzan, gaian baizik. Filosofi arazoak ez dira egunerokotik urrun direnak ezta hitz luze edo harroak esplikatzeko behar dituztenak. Filosofiaz, deusik zailena ezaguna edo ezagundako duguna problematzat hartzea da, eta hori da, preseski, arazo nagusia. Egia, ezagutza, enkaratzeko trabarik handiena geure aitziniritzia da. Bertze molde batez errateko, filosofiaren solasa ez da erantzun bat edireitea; aitzitik, arazoa da galdera, zer galdetu behar den, pentsa galdera nola den problema osoa aldaratzen da pekoz gain.

        Badakit badagoela filologi arramantza bat filosofi itxurapean pasatu nahi duena baina hori beren soldatez eta huskeriez soilik hezkatzen diren katedra edo pulpitoko espantu egile zenbaiten muntaketa bat da. Ez dute, filosofiarekin, inolako ikuskizunik.

        — Zein eredu literario erabili duzu gidatzat? Filosofiaz aritzea erreza al da euskeraz?

        — Uste dut "bazkalondoko prosa" dei lekiokela "deklamaziozko prosa" baino. Aunitzetan, idaztearekin, pentsatzen nuen nere herriko lagun batek adi dezakeenetik, hiztegiaren aldetik, ez nuela sobera urrundu edo hastandu behar; edo bai, bertzenaz, ez nuela behinere deus ere altxatu behar hitzpean (azken hau ez da fitskeria bat, segurua naiz ez dezaketele filosofiaz ari diren guziek, batez ere, egungo egunean, bertze hainbertze erran), ez dakit egin dudan ezta posible den, seguraski ez, eta hori, batez ere, bi arrazoigatik, bata, gauza hauetan sine qua non bat delako: irakurleak egileak bezainbat pentsatu behar du, eta gero bertzea idaztea eta irakurtzea disziplina berezi bat da. Pentsa, erdaraz mintzatzen eta idatz-irakurtzen batera, bataz bertze, ikasten ohi da, baina nik ikasi nuen euskaraz idatz-irakurtzen aunitzez geroago bizi guzia mintzatzen eman ondoan, horrela ohartu nintzen hobeki disziplina kontu honetaz.

        Disziplina kontu honek guti edo aski ageri eman dezake. Baina gauza segurua da jende aunitz, eta letratu handiak, ez direla ohartu. Hau dela eta hizkuntzen gaitasunaren mesaditu gaitza sortzen ohi da. Baroja exenplu izan liteke. Zestoara joan zenean bazuen karrera bat egina eta irakurpen pila bat, erdaraz jakina. Bazituen erran molderik aunitz gauza aunitz adieratzeko eta uste zuen horiek oro zekien hizkuntzaren hori edo askatasunaren arauz zirela eta ez berak, ordu arte, eginikako ariketa kontezinenak. Bere buruaren egoera bat errateko, adibidez, halako hitzez erratera aspaldi jarria zen, eta honelako edo horrelako ñabardura iratxekitzeko bertze honako hitzez. Zekien hizkuntza, beraz, jori eta zehatz zuen, eta hala berez, preseski berak zekiena zelako egitatea hastanduz. Euskara bazekien apur bat eta ez zen ohartzen ezen ez zegoela euskara eskasa eta herdoildua bera erdaraz zekiena euskaraz errateko gauza ez baitzen.

        Halako denboraz, Unamuno gisa, idatzi zuen kazet artikulu bat euskara ehortzi beharra zela eta, erranez. Zioenez, Zestoako atso batek gaizki hartu zuen hari buruz Baroja berorrika, edo zuka ez naiz oroitzen, ez aritzea. "Gaur eguneko gauzez aritzeko euskara zail eta arkaikoegia da, zioen, pentsa, badira 'banoa' errateko lau molde ezberdin: eztabadaka, hiketan eme edo ar bati, eta zuketan". Baina lau molde horiek izatea zail edo arkaikoa dela erratea konbentziozko arazo bat da, bertzerik ez. Ote da hobeki eta egokiagoa, erdaraz den bezala, gauzakiek ere sexu izatea? Pentsa zer saltsa den, erdara ikasteko, gauza guzien, berez sexurik ez dutenen, zer sexutako diren ikastea, hau bitxikeria! Baina ez da hemen batere bitxikeriarik bakarrik konbentzio bat.

        Eta gero, bortzetan erraten den leloa: hizkuntza baten jori, malgu eta zehaztasuna hartaz ari diren orok egiten dutena. Bai, hein batez, eta soilik hein batez. Nork berak, jori, malgu eta zehaztuko du bere hizkuntza, batez ere, disziplina bat baita eta horretarako, bai, balia daiteke bertzeen erran moldeez. Ez dira hizkuntz batzuk bertze batzuk baino joriago edo zehatzagoak direnik, baina, izateko ere, hiztunak bertzeak baino zertuagoak direnik. Eta hori ere, erranen nuke, bakoitzak bere zeren arauz baita zehatz.

        Hizkuntza bat landuago den ere, horrek ez du, berez, deus ere erran nahi. Ez dela abantailarik erran nahi dut, lantzea baitagokio hizkuntza hartaz ari behar denari. Alemanieraz literatu edo filosofo mukuruka aritu dira, baina alemanieraz ari den lagun batek ez du horregatik maila berezitako literatura edo filosofiarik eginen.

        Edo, bera baita, ez zion Axullarrek euskarari eman euskarak lehen ez zuen zerbait. Eskolastikoen sistima esplikatu behar zion saratar bati eta baitzekien, lehenik, zer behar zuen erran eta, gero, nola eta nori; zerk egiten duela nola, alegia. Egun, unibertsitatean, egin behar balitz eskolastikoen sistima esplikatzea, zer muntaketarik eta zer saltsarik ez litzateke eginen! Mintegi bat, bizpahiru katedra, kristoren hiztegia, aski da Krisostomo edo Akinoko San Tomasi beharko bat ematea, "euskara ez da horretarako gai, ez da landua" erranen litzateke. Nahi bezainbat pellokeria emanen du, adituz gero eta euskara jakinki, hau ere erran behar, edozein gauza hamaika molde ezberdinez erran daiteke.

        Norbaiti "euskara motz eta landugabe da" aditzen zaionean, zera aditu behar da "nik badakizkit, buruz, neronek aditzen ez ditudan hamaika formula erdaraz eta horren motz naiz non uste baitut horrek euskararen motz edo luzetasunarekin duela ikuskizunik". Hau haina harek euskara baldin badaki, hamabiraino kontatzen, agurtzen eta ardoa eskatzen baizik jakinen ez balu... Filosofiaz gauza hauek oro ageriagotzen dira, eta ez bakarrik euskaraz, baina, sinpleki filosofiaz aritzerakoan, jende aunitzek botatzen dituzte hitz edo erran molde arraro zenbait solemne eta zirimomos era batez katedra edo liburu lodi batetarik baina ez dakite, beraiek ere zer dioten. Beraz euskara ez da berez jori edo eskas den zerbait, ara finkiago aritzeko ez da euskara baina euskaldunak, erran nahi baita ez direla hizkuntzak ehortzi edo landu behar baina hiztunak.

        — Filosofiari buruzko libururik ozta-ozta irakur daiteke euskeraz. Abstrazio gogoetarako motz ote da euskalduna?

        — Nik bereziko nuke filosofoek eta filosofiari buruz irakurtzea. Eta filosofoak zuzenean irakurri gomendatuko nuke, bertzea bertzek mastekaturiko janaria jatea eta irestea baita. Badakit azken hau egiten eta gomendatzen dela, batez ere esplikariek beren soldatagatik begiratu behar baitute eta horretarako badute esplikazioaren dretxo monopolio gisa eta lagunik temosoena filosofiatik ohiltzeko gauza dira aspergo hutsez.

        Motz eta luzetasunez dagoeneko mintzatu naiz baina paratuko dut adibide bat. Ez dut erran behar Kant-en irakurpena gauza goxo, errex eta atsegingarri denik; gauza jakina da adiezineko omena duela; irakurtzearekin egizta nezakeen hagitz bildurik eta hatz-behatz oso egon behar dela testuaren aitzmean baina, bere maneran, garbi da. Kant-en zailena zioenari buruzko liburuan ziren oharrak kausitu nituen, haiek txinera ziren enetzat, Kant-en bizkarrean bizi diren katedradun kontezinetarik batek eginak, eta areago dena, behar zen pazientzia ohar osoa desartikulatzeko eta ikertzeko nuenaren zera ikusten nuen: Kantek berak zioena baina molde aunitzez trepelago eta ilunago, eta maizki, arras gaizki aditua eta pekoz gain bertzelatua, aditzen ez balu gisa, erraten zuela esplikalari sakon harek. Eta erran behar da, eskuharki, eta unibertsitatean bereziki, Kant soilik omenez ezagutzen dela, halako esplikalari baten bidez.

        — Badira ere filosofiaren ehorzketara joateko prest daudenak, filosofia hilda dagoela diotenak, alegia. Zer iritzi daukazu kontu horri buruz?

        — Unibertsital giroan, "gainditua" da hitz gakoa, horrekin erran nahi dute anatemizatua, eta demodé. Denak dira gainditua erran dakiekeen beldur. Eta uste dute garrantzitsua, galtzera utzi behar ez dena, herenegun agerturiko liburu batetan dela edo katedretan herenegun ozenki errana dela, eta bihar berriz lasterka azkenaren atzetik, herenegunekoa gainditua baita. Irrigarri da, baina hala da, literaturan eta gauza guzietan gauza bera da. Filosofiaz soilik erranen nuke, norbaitek gogoeta egin duenio, zerbait gainditua, honela edo horrela aditua, delako posibilitatearen funtsa ikertzen duela; ez du, beraz, gaindimendu edo ehorzketarekin inolako ikuskizunik.

        — Zeintzu dira gehien eta gutxien gustoko dituzun filosofoak. Zergatik.

        — Ez nuke "gustatu" erranen, gustoa haratago doaien kidetasun bat baita. Baina, agian, ohartzen naiz, gusto ere dei lekioke. Laburzki: Hume logika bera, gure pentsakera kolokan jarri baitu; Kant, irakurri ondoan dudan munduko ikusmira behin betirako ezberdina baita; eta Schopenhauer eta Nietzsche eginiko moralari buruzko ikerpena. Ene disgustoko eta desgogoak, filosofoko izena daramatenak baina sintaxiari, filologiari eta areago dena, modari eta bere soldata zaintzeari ekiten diotenak.

        — Zure ikusmira filosofikotik begiratuta, nola ikusten duzu egungo euskal gizartea?

        — Euskal gizartea, espainarra edo frantziarra gisa, politikoen ongi salguriko topiko bat da, neretako eskolastikoen arima bezain egiazkoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.