Bi urtebetetze egun berean
Basamutur
Eta urtebetetze guztietan bezalaxe jai mundiala montatu beharra zegoen. Bi ospakizun hauek, ordea, zeharo ezberdinak ziren, eta ondorioz, leku eta era diferenteetan burutuko ziren.
Jenderik printzipalena gonbidaturik bazegoen ere, tokia ez zen jauregia, ezta ere etxe panpoxa, menditxo baten larrea baizik.
Halaz ere, ez zuten deus ere utzi ustekaberako; zenbait harri sakabanaturik larre zalaituan zehar, oso trebeki labraturiko harriak, eta haien gainean haritzazko pipa ugari eta argizari bakarreko tartak. Pago lirain eta harkaitz milenarioek inguraturiko larrearen ertz bati bideratzen zitzaizkion harrien kokaera eta zuzien argi dardaratsua. Hantxe, baso barrenetik zetorren pasabide baten amaiera nabari azaltzen zen. Iluminazio egokia zuen lekuak, ilbehera zen eta zuziek larrearen azken muturreraino argi mugikorra zeramaten.
Gonbidatuak bapatean ageri ziren eta aldi berean bereiztu. Indio edota sasi indio itxurakoak zelaian zehar barreiaturik gelditu ziren multzo txikiak eratuz. Beste batzu, aldiz, arras dotore jantzita eta, zirudienez, oso urrundik heldutakoak, muturreko harkaitz egokituetan jarri egin ziren, zuzien ondoan, neguaren atarian aurkitzen eta hotza gero eta barrurago sartzen zen.
Ikusle hauek ez zuten detailerik galtzen; argazki makina, arkatz eta kuaderno nahiz bideo-kamaren bitartez ospakizuna zabalduko zuten.
Indioen irudia ez zen nolanahikoa, egun horretarako ezin hobeki apaindu bait zuten bere burua. Arduraz begiratuz gero, hiru indio mota bereiz litezke.
Janzkera aldetik, aurpegia guztiz pintatuta izanik eta beren sudur krakoengatik nabarmentzen zirenak han zeuden; nahasiagoak ere patxadaz ziharduten, aurrekoekin bazeukaten antza, baina aurpegian ez zegoen pintatze aztarnarik eta soinekoek hiri handietako kutsua zuten; hirugarren multzoaren indioengan nekezago antzeman ahal zen beste biekiko loturarik, diferentzia janzkeran zetzan batipat eta ez hainbeste benetazko itxuran.
Pasabide ondotik atera gizontxo bat indioengana inguratu zen, zerbait aipatu ahopeka eta hauek ilaretan jarrita zintzoki hasi ziren kantan.
Zorionak a ti
cumpleaños zuri
te deseamos denok
zorionak a ti.
Indioek ederki abesten zuten, akordeak behar bezala nahasten eta moldatzen zituztela. Bizkitartean, pasabidetik zortzi lagunek osaturiko kortejo bat jalgi zen.
Aintzinean zihoan gizonak erritmoa markatzen zuen, oso trebeki gainera. Berebiziko indioa, geratzen ez diren horietakoa; tarta galant bat eskuetan pausu tinkoa zeraman, oinak zebiltzan ia aidean eta gibeletik zetorren lagundia trakets jarraitzen zitzaion.
Erdigunera heldu aurretik kortejoa geratuz zen, aitzindariak aginduta. Bertako abesbatzak kantatzeari utzi egin zion eta isiltasuna sortu bezain fite kortejoaren buruak putzaldi arin batez bere tartako argizariaren garra hil zuen; kea abiatzen hasi orduko txaloen zaratotsak umearen lilura gehitu zuen.
Txaloaldi motza baina hunkigarria, zinez. Isiltasuna berriro nagusitu baino lehenago indioetan zaharrenak bere abots xarmanta entzunarazi zuen:
Denok egon pozik Gran Jefe.
Hori aditu eta berehala festari hasiera eman zitzaion. Gran Jefe, irrifartsu, tarta zatitzen aritzen zen, soinekoaren lumek traba egiten bazioten ere. Gau horretan sekula baino dotoreago azaltzen zen, aurpegia osoki pintatuta zuela.
Kanpotik etorritakoek jakin zutenez, aspaldidanik ez zuen soineko hura jantzi, ez eta indio itxura hartu. Gaztetan bai, oso zalea zen eta seta handi zeukan erakusketarako. Aitzitik, duela zenbait urtetatik, Gran Jefe izendatua izan baino lehenxeago irudi aldakor horri utzi zion eta beste zibilizatuago bati lotu.
Honez geroztik arbasoen soinekoa eta itxura ahantzi zituen, urtebetetze jaia iritsi zenean.
Indioak bueltaka ari ziren, hemendik harat. Tartaz bete zituzten urdaiak eta pipen tabako gozoa dastatzeari ekin zioten. Hastapenean zeharo euforiko sentitzen ziren eta alai beren dantzak eta kantak ezagut arazi zizkieten harkaitzetan zeudenei. Denbora aurrera joan ahala indioak gero eta motelago aritzen ziren. Batzuk lurrean etzanda, besteak inguruan eserita zer esan ezean, bere senetik kanpo baleude bezala. "Oi penagarria". Ikusle aditu horiek zioten. Emanaldi bukatzen ari zitzaien eta bere tramankulu guztiak bildu behar zituzten.
Gran Jefe eta bere kortejo guzia joanak ziren, derrigorrezko argazkiak egin ondoren. Ez zen oso berandu, baina "badakizu, indio petral hauekin momentu bat egon eta berehala astun samarra egiten da. Gaurkoz indioarena egiteaz aski da"...
Beste nonbait, edozein kontinentetako herrialde anitzetan beste urtebetetze festa ospatzen zen. Jai mundiala baita ere, baina ez bere handikeriagatik, baizik eta mundu osoan ospatzen zelako. Tarta handiak egin beharra izan zen, ehun urte betetzen bait zituen pertsonaia xelebre honek, Esperantoak. Oraingoan indioek zein txuriek zein beltzek ospatzen zuten era apalean. Jendetza ugari gonbidatua zegoen, handikiak ere, baina Gran Jefe askok aitzakia politez ezetz esan zuten.
Manex edo barbaro, erdaldun edo kristau nor den eta nor ez den jakinezin hau askori gehiegi iruditu zitzaien.
Azken finean, hizkuntzak gizakiak bereizteko eta batzuk besteen gainean jartzeko dira, ala ez? gainera, irakasle natiborik gabeko hizkuntza?... Horrek ez dakar negoziorik. "Indio" berrien bila arituko ote dira?
|