L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —<korr1023>




 

 

Heriok nahi

 

Xabier Agirre

 

Zaldiko Maldikok 87ko azaroan antolaturiko
literatur lehiaketako lehenengo saria

 

Norbaitek emana zion dohain hura. Gauzen barrura sartzeko ahala zuen zela hogei eta hamalau urte Siriako basamortuan jaio zenez geroztik. Beduino bizierak erakarri zion ezeren beharrik ez izateko kapazidadea. Desertuaren bero hormatuak eta zeruarekin eta arearekin baizik ez begien topatzeak munduaren hustasuna eta denboraren ezabaketa hautemanerazten zioten uneoro. Ez ziren haiek bere kabuz probokaturiko liparrak, aitzitik, eguzkiak, argi zenean, eta ilargiak, ilun zenean, egiten zuten bidea ez zen koadro geldiaren parte bat besterik eta itzalen semizirkulo osoak ez zuen denborarik kontsumitzen. Oinen azpian zapaltzen zuen are ale bakoitzaren kontzientzia zuen soilik. Haiek eusten zuten bera abismo haren erdian eta beldur zen pausu bat ematera ere, ezerezaren osinean jausiko ote zenaren beldur. Alabaina, adorea bilduz edo azkenaren irrikaz ausartzen zenean, aurreko hutsari baino okupatzen duten espazioa ziplo banituko ote denari ikara haundiago diotelako itsuen aurrera joateko joera naturalagatik; beharbada frustrazioz, azpian-atzean lagatako are berberak eusten zuen, irentsia izan ez zedin.

        Garai hartan Ar Rutbah-tik ez ziren urrun. Pare bat egunetarako pausatu ziren oasiaren ondoan. Partitzeko ordua heldu zenean Safaj-en beldurrak ez ziren iraungiak. Han zeudenetik ez zen mugitu tente geratu zen lekutik, kanpamendutik ikusten zen duna handiaren bestekaldeko magaletik. Lagunak joan zitzaizkionean begirada urrutian galdua zuen, eskubiko eskuko behatzak teink, ezkerreko besoa ukalondoraino areatzak estalia, alde bereko berna atzetik eta aurretik inguraturik; bi egun haietan are itsasoaren oztopo izan zen. Bere izena aire gardenera oihuztatu zutenean Safaj eskubi aldera erori zen eta areatzak guztiz irentsi zuen.

        Behingoz ezerk ez zuen eutsi eta abismoa erdietsi zuen. Gelditasun osoa. Bere gorputzaren ezagutza ere galdu zuen. Ez zen inongo flujorik, ez haizerik, ez zolurik, ez neuronen energiarik. Zero osoa.

 

Putreak biraka ari ziren Siriako desertuaren gainean. Beduino batzuen karabanak arrasto estua laga zuen, berehala haizeak izkutatuz. Gobernuaren jeep berrian Asabeth, hogei eta bi urtetako soldadu gaztea, asperturik zegoen, aste hartan suertatu zitzaion tarea ez zuen gogoko. Bere herriko mugak zaindu behar zituen. Irratian country musika, ezpainetan cigarrette rubio. Makina bat amets zituen buruari jiraka, putre haiek hilotzen bati legez. Arrastiria gorri-gorri zihoan, eguzki horia ere odoldua zegoen, gau iluna bazetorren. Asabeth Bagdad-eko kaleetan hazi zen, familia aberats baten semea. Egun horretako misioa amaitutzat jo eta koartelera itzultzera erabaki zuen.

 

Desertuak betirako hartu zuen Safaj. Duna handiaren ondoan beste duna are handiago bat agertu zen deus-eza ere materiala dela demostratzeko. Desertuaren pakea ere ez konturatu ere egin are muino berri hartaz. Asbeth, aldiz, etorri zen bidetik itzuli nahian, lehen ezkerretara utzi zuen duna orain eskubi aldetik hartu zuen eta zuzen jarraitu; bi ordu geroago galduta zegoen. Koartelera deitu zuen ezingo zela garaiz heldu adierazteko, kontseilu praktiko batzu jaso eta gaua pasatzera prestatu zen. Hotz egingo zuela aurreritzi zuen, nahiko gasolina bazegoen eta goizean bila etorriko zitzaizkiolarik, motorra martxan laga zuen berotasun apur bat eman ziezaion, eta jeep azpian etzan zen lo piska bat egitera. Berehala ametsetan ari zen.

 

Bitartean Safaj iratzarririk zegoen. Abismoaren sentsazioak abandonatu zuen eta sentiduak ernai zituen; gorputza inora mugitu ezinik berak ere, abismoak egin zion bezalaxe, hura abandonatzea erabaki zuen eta dunaren gailurrean zegoen jada. Hobe esanda, ez goian ezta behean ere, ohartu zen inon ez zegoela. Txorien begiek ikusi ahal dutena zekusan, zizaren mundua bizi zuen, halaber, hibaien abiada zeraman. Era berean, sugeen pozoinaren gustoa zuen eta kaktus baten estoikotasuna, hienen irrifarrea, izarren argitasuna.

        Momentuan, Asabeth esnatu zenean honen odola zen. Burmuinetara heldu eta garun bilakatu zen, gero beginini. Arkakoso baten irudia pasarazi zuen eta esku gogor eta iletsu zen harrapatzeko unean. Zoritxarrez berehala arkakoso bera zen eta txikituta amaitu zuen lehen izan zen eskuko atzazalen artean.

        Abentura bitxi honen bukaera ailegatu zitzaion. Bere gain ez zuen beste gauzarik izatearen ahalaren zuzentzea eta hautatzerik ez zuela, derrepentean heriotz bilakaturik zegoen. Heriotz doilor baten bidez, (zein, bestela, litzateke bilauagorik?) Herioren identitatea hartu zuen eta une hartan bertan munduaren milaka eta milaka izkinetan, inolako erreparorik gabe, biziaren lekua okupatzen gertatu zen. Hodei uherrek udako zeru garbia bezala, Heriok ere ilundu gabe dauden guneak itzaltzen ditu.

        Bere gorputzetik atera zenetik eraman zuen abiadura eroa baretu bide zen. Heriotzak beste bizirik sortu ezinean behin gauzekiko identitatearen bitartez honaino heldu zenez gero, gartzela gehiago zitzaion momentu hartan Safaj-i heriotza, laku zabal bat zeharkatzea baino. Betirako haren eitea eraman beharko zuen, Herio bait zen, honetan ere, bidaiaren azken izena.

 

Argitzen, eguzkiak zirkunferentzia osoa erakusten zuelarik, hasi zuen. Asabeth amets gaiztotan murgiltzetik atera zenean gorputz osoan ikara sentitu zuen, bere ondoan, bi metro baino gutxiagotara, burua xut, kaskabel suge asasinatzailea begira ari zitzaiola; kriskitin zarata nerbiosoak eta mingain bifidoaren tximista ateraldiek belarriak gortzen eta begiak lausotzen zizkioten; ikusi zuenean. Narrastia itzalaren bila Asabeth-en jeep-aren azpira etorria zen. Soldadu gazteak hiritarra izanik ez zekien nola jokatu suge zematarien aurrean. Haren ordua ailegatu ez zelako edo, poliki-poliki azpitik atera eta bolantearen aurrean eseri zen. Kontaktuari eman baino lehenago ohartu zen gasolinarik ez zuela, handik nola-hala aldegin beharraz, guanteran zuen pistola erabiltzea otu gabe, jeep-aren atzeko aldera pasatu eta ihes egin zuen, lehenengotik pausuka-pausuka, gero, ordea, beldurrak ziztaturik saltaka bizian. Handik ordu batzutara egarriak jota atzera bueltatu zenean zientoka suge zeudela iruditu zitzaion. Galdurik, desarmaturik, odololde bakoitzak altzairuzko gabiak igundeari bezala kolpe egiten zion.

        Ibili zituen orduak eta egunak eta azkenengoan Safaj-en gorputza zegoen dunaraino iritsi zen. Bestekaldean, ez oso urruti, beduinoek lehengo egunean utzitako oasia zegoen, gailurretik erraz ikus zitekeen. Asabeth-ek igotzeari ekin zion. Berak ez zekiela, biziaren azken minutuak ahitzen ari zitzaizkion. Azken metroak tatarrez egin zituen, arearen gusto mingotsa aho idorrean dastatu zuen, ezpain arrakalatuek eztanda egingo ziotela iruditzen zitzaion.

        Safaj aiduru zegoen bere ondora ekartzeko. Laguntza eskainiko zion azken segunduak ahalik eta gozoenak izan zekizkion. Inoiz ez zuen mutil ederragorik ikusi. Azal beilegikoa zen, gorputz sotila, giharreek zezaketen baino gehiago egiten zuten bultz gorantz eta besoak eskumuturreraino sartzen zituen igotzeko entseiu bakoitzean. Azken momentuak xahutzen ari zelarik, gorputza indarrez hustu zuen. Goseak eta egarriak egon arren nonedonondik atera zituen energiak dunaren ia gailurreraino iristeko. Safaj, ikuskizun haren aurrean, kitzikaturik zegoen.

        Asabeth behetik zetorrenetik sentsazio gustagarri batek hartzen ari zuela konturatu zen, min erdiragarriak urruti sentitzen zituen, buruezurra motoristen kasko estu bat iruditzen zitzaion, espazioak haundituz zihoazen gelditu gabe eta irudimeneko objektu guztiak abiadura izugarrian mugitzen zitzaizkion. Zorionaren ferekak une haietan gozatzen zituen lehen aldiz, heriotzarengana hurbiltzen ari zeneko garaian. Lasaitasun osoan zegoen eta kilikadura leun batek korritzen zuen arnas hartze bakoitza saltotxoka egitera behartzen ziolarik. Baina, bitartean, heldu egin zen dunaren erpinera, eta, ia halabeharrez eta batere espanturik gabe hil egin zen.

        Muga pasatu zuen eta Herioren erresuman zegoen orain. Inolako oroimenik gabe beste desertu batetatik ibiltzen aurkitu zen. Desertua baino argi zuri bat zen soilik hura, zuria ezer gehiagorik gabe. Mugimendua ez zen han posible baina, espazioa ba zen; ez zuen alderik, ordea, ezta zirkunferentziarik.

        Safaj Asabeth-en ondoan egon arren, honek ez zekusan; hala ere airerik ez egonagatik Asabeth-ek entelegatzen zuen norbaitek esan nahi ziona.

        — Asabeth, Asabeth. Emaidazu utzi duzun gorputza, trukean inoiz pentsatu ezingo dituzun mirariak biziko dituzu. Ez ezazu laga putreek arrauberia dezaten.

        Asabeth mutu geratu zen.

        — Niri Safaj deriztate, zuk zaindu zenuen beduino karabanako familia batetako semea naiz, haiekin bueltatu nahi nuke.

        Asabeth-ek orduan:

        — Emaidazu zuk zeurea, nirearengana bueltatu ezin badut.

        — Zoaz, bada, eta noan ni zeurera.

        Azkenean Safaj-ek erdietsi zuen. Berriz ere munduan zen hain desiragarri zuen gorputzean haragiztaturik. Jaiki eta oasirantz bideratu zen pauso motelaz. Bizkitartean, Asabeth ustelduriko hezur multzo batetara eragotzia izan zen, handik aurrera inoiz mugituko ez zen dunaren erraietara.

        Putreek inor baino hobeki dazagute heriotzaren muga, nahi-eztako gorputzez bizi dira. Friboloak, zinikoak, ez dute negarrik egiten. Bihotzgabeak, krudelak, beti presa dute. Putre historiagileren bat balego, honelako historio aunitz konda litzake.

        Berrogei eta zortzi urte geroago Biblian agertzen omen den hiri galduren baten bila abiatu zen Simon Tzarfati espeleologoa. Siriako desertuan kokatzen zuen exegesi sakonaren ondoren. Bakarrik partitu zen edonolako arrasto arkeologikorik aurkitu asmoz. Harri bloke leunen batekin topo eginez gero espedizioa arrakastatsutzat joko zuela ziotsen besteei baina bere artean hiri osoa lurpean ganga izugarri baten azpian agertuko zitzaiola itxaroten zuen haurrek ohi duten ilusioaz. Bere kaleetan pasiatu, Ahura-Mazda-ri kultu eman eta agian bertan geratu betirako, betirako.

        Haize zirimola indartsu baten erdian inoiz ikusi ez bezalako dunak gora zegien urteak joan urteak etorri. Simonek hiriaren dorre puntaren batek eragindakoa zatekeela pentsatuz indusketa egiteari ekin zion Bagdad-etik ekarritako meatzari talde batekin. Hiru urte geroago dunaren erdiraino ailegatzear ziren ipurdi-ipurditik aurkako direkzioan zulatu zizkioten bi galerietatik. Lagun batentzat ez zen lan nekosoegia behingoz diametroa burutzea eta beste langileak Bagdad-era bihurtu zituen.

        Azken pikakada eman zuenean ez zen guztiz damutu denbora luze hartan egin zuen lan eskergaz. Ez zuen dorrearen arrastorik aurkitu baina bai, ordea, zulo beltz haundi bat lur azpira zihoana eta zuloaren erdian giza eskeleto bat, ez zekielarik zerk eusten zuen ez erortzeko. Berehala erabaki zuen behera joan behar zuela eta, horretarako, bidaia luze batetarako beharrezko trasteen bila itzuli zen. Dena biltzen ari zenean gizon zahar bat urreratu zitzaion atzetik zaratarik egin gabe eta eskua sorbaldaren gainean jarri zion esanaz:

        — Allah handia da, baina ez handiena. Eraman nazazu zeurekin eta ikusi ahalko duzu bestea.

        Simon agurea itsua zela konturatu zen. Gizon zaharrak hitzegin zuen berriz.

        — Bidaia honetarako ez da argi beharrik.

        Eta bere bi esku urdinek Simonen begiak ilundu zituzten.

        Biak elkarturik tunelaren ahoan sartu ziren eta beste aldetik atera baino lehen desagertu egin ziren, zihurrenik erdiko zulotik behera erorita.

 

Hau, nolanahi ere, narratzaileak ez lezake testifika, ez bait zuen adorerik izan bere protagonistei txango horretan laguntzeko. Beldur zen lehendabizi bizitzaren eta heriotzaren joku erotiko inozentea zen hura azkenean zerbait transzendenteagoa ez ote zitzaion bilakatu.. Eta honetaz metafisikoak eta teologoak behar dira.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.