Onkoteak
Josetxo Azkona
Gizakia bere buruarekin zintzoki jokatzen saiatzen denean kalapitatsu gertatzen zaio egungo bizimoduari eroso eustea. Batetik, zintzotasun hori zertan datzan norberak ausnartu, zein den erabaki eta, azken batean, praktikara eraman behar duelako, orduan bada, lan subjetiboa, besteek egin behar ez duten eginkizun nekosoa, alegia. Bestetik, egungo gizarteak halako jokabiderik bultzatzeko partez, konpetentzia bortitza, norgehiagoketa etengabekoa eta elkartasunik eza, ordezkotzat eta giza-talde gidari bultzatzen dituelako. Errealitateak berak, bestalde, erakusten dizkio jokalariari zeintzu diren jokaldiaren arauak eta, honez gainera, zein kidekin egin behar duen lehia, arauak eta kideak, ezinbestez, alda ezinak direlarik gehienetan.
Eguneroko zati naskantea gustoko ez duenak, bi aukerabide ditu, sinpleki esanda ere, mingostasun horri aurre egiteko: bata, errealitate mingarri hori aldatzen saiatu, eta bestea, beraren aurrean amore eman eta herioak noiz eramango etsipenaz bizi. Lehengo atalekoek, iraulketaren alde apostu egiten dute, eukerarik gogorrena dela aldez aurretik jakinagatik ere. Azken multzo honetatik bada zenbait jokabide berezia erakusten duena: Onkotea da, hain xuxen ere.
Vicente Serrano Izko iraulketaren alde aspaldidanik lehiatzen ari den onkote horietarikoa dugu. Ideia zoro batzuren alde ibiltari nekagaitza; besteren esanetara nekez moldatzen den tipo apal eta bihozbera.
Kipulak haina geruza ditu horniturik Vicentek bere burua, eta geruza horietako batzu, lagunok, kendu egin ditu "Onkoteak" izeneko liburuxka idazterakoan.
Taiu haundiko lagun honek zazpi narrazio motz bildu du liburuxka honen horrialdeetara, batzu beste baino interesgarriagoak, baina guziak aparteko ukitu batez izkiriaturik: porrotak ematen duen jakinduria larru gorritan erakutsiz.
|