| 
 
 
2 poema
 
 
 
Joakin Balentzia
 
 
 
Funtzionariaren txostena
 
 
 
(Txomini emandako azken omenaldiari buruzko poema, Che-ren heriotzaren
 hogeigarren urteurrenean).
 
 
 
Ezin da fitxatu hainbeste jendetza 
 
dio funtzionariak, 
 
kresala bezala da 
 
eta arrainak bertan. 
 
Ezin ditugu neurtu 
 
hainbeste bihotzeko pilpira. 
 
Buruko mina sortzen digute 
 
gogo klandestino horiek 
 
hemen bilduta, 
 
malko ilegal horiek 
 
hemen isurita, 
 
oihu eta hitz mingotsak, 
 
garaipen hitzak, 
 
hemen elkartuta. 
 
Buruzagi bati azken agurra, 
 
herri basati honen omenaldia. 
 
Aintzinako ikurrak ditu 
 
bandera estrainio horrek, 
 
lurraren hasiera 
 
eta kultura zahar baten markak: 
 
sugea eta aizkora, 
 
sinbolo ezkutuak, 
 
jarri dituzte agerian 
 
jendetzaren aurrean, 
 
narrastia giderrean kiribilduta;
 
eta oraingo garrasiek
 
itotzen gaituzte,
 
pilpirak, gogoak, malkoak, hitzak
 
fitxatu ezinik.
 
 
 
 
 
Inori ez dio kondatuko
 
 
 
Inori ez diot kondatuko, zehazki, 
 
nire burutik zer pasatu zen 
 
tenore izugarri hartan, 
 
baina antzemateren bat 
 
izan behar duzue 
 
nolabait ulertzeko 
 
kontzientziaren zulo horren 
 
sakontasun itzela; 
 
lagunak zaretenez gero 
 
konprenituko didazue, seguraski.
 
 
 
Nola izan zen munduaren sorrera 
 
azaltzeko mito asko 
 
asmatu dira nonbait; 
 
zientifikoek ere adierazten digute 
 
berena, modernoa, korapilotsua, 
 
poetikoa ere, zergatik ez? 
 
Sinestea da kontua honetan ere, 
 
gezurra ala egia 
 
hor dago hipotesia 
 
eta, dena dela, bizia 
 
aurrera doa.
 
 
 
Eta kontzientziaren beraren sorrera 
 
non datza? 
 
Hauxe dugu gizatasunaren funtsa, 
 
gizakia gizaki bihurtzen duen mamia. 
 
Horri buruz lagun batek 
 
asmaturiko mito berria 
 
hezurretaraino sartu zitzaidan 
 
tenore izugarri hartan 
 
nire buruan lehertuz. 
 
Ordu luze batzutan zehar 
 
bizi izan nituen aintzinako garai haiek 
 
argiro eta bihotz bihotzez. 
 
Nolabait sentitzen nintzen 
 
lehenbiziko gizona, harro eta biluzik, 
 
lurralde zabal bat menperatzeko gauza. 
 
Mundua ere konpontzeko era bitxia 
 
bururatu zitzaidan 
 
telefonoaren bitartez 
 
edo zientzia fikziozko pelikularen bat 
 
prestatuz; txakurra, umea eta hiruok 
 
pertsonaia nagusiak izaten.
 
 
 
Hura izan zen ene gorputzak berak 
 
sorturiko droga aluzinakorra, 
 
luzaro lo ezinik egonez gero; 
 
baina, amets ero bihurturik, 
 
sobera luzatu omen zen 
 
eta kimikazko fruitua sartu zidaten 
 
beldurrarekin bide batez. 
 
Nire garrasi urragarri hura 
 
aditu zen haitzuloetako gizaki haiengan 
 
pelikularen protagonista 
 
sentitzen nintzelarik. 
 
Hura izan zen komeria 
 
eta bitartean sufrimendua zabaldu zen 
 
nire inguruan 
 
itzultzeko bide malkartsua 
 
ibili arte.
 
 
 
Baina orain, kontu guzti haiek 
 
hausnartzen ditudan aldiro, 
 
galdera hauek airean diraute 
 
izartegiko oihartzuna bezala: 
 
atzerritar gauza izan ote zen 
 
aintzinako leherkunde hura? 
 
Eta oraingoa, nongoa ba izan behar?
 
 
 
              
             |