L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Infernutik libra ahal bagintez !!

 

Patxi Perurena

 

Bada kasik urte bete bertsolaritzari buruzko artikulu bat dela medio, euskal herriko zeruan infernukotzat egin nindutela. Herri extremista honetan ez bait da purgatoriorik. Edo gure metrailetak edo haien tankeak. Kuestioa da gerran gaudela. Beste guzia ignoratu egin nahi da, eta hautsi ezinezko printzipio batez, gainera. Gurea, ordea, ez da galasi artekoa, itsuen arteko gerra baizik. Eta imajinatzen al duzue itsua gerran. Ba, ez duzue imajinatu beharrik, gure eguneroko desastreari begiratzearekin aski duzue.

        Damurik ez, baina, aitortzen dut nire artikulu hark bere akatsak bazituela. Ez, askok uste aina, helere. Gutxienez, frogatu du bertsolaritzari buruz esateko asko badagoela, batzuren batzuk alabatu eta mitifikatu besterik egin nahi ez badute ere. Eta ni baino aproposagorik eta zer esanik aski baduenik badagoela uste dut asunto honetan isilik, eta ez gainera oso gozo. Bestalde, nik ez bezalako itzala duten pertsonek esan dute gauza interesgarririk, eta neure egiten ditudan batzuk ekarriko ditut hona, Korrok apal honetara:

        "Egia da benetako bertsolaritza krisi larrian dagoela. Egia, bertsolaritzak adar oker bat baino gehiago baduela. Eta egia, nere ustez, gaur egungo bertsoaren mugida adar oker horietatik gehiago dabilela, adar zuzenetatik baino. Bertsolaritza bere leku eta oihal inmobilista, topikotsu eta aberriarekiko errespotsabilitateduna, errepikatua errepikatzera behartzen duena, aspergarri izateraino, hizkuntzaren mekanismo fonetikoak eta neurrikoak bakarrik lantzera behartzen duena. Karga ideologikoen aniztasuna debekatutzat jotzeko duen joera.

        Bertsolaritza artisautza dela, eta bertsolaritzak kalte haundia egin diola euskal literaturari, (Nahiz eta Antonio Zabalaren bildumak mesede egin). Literatura moeta bat jasotzeko gertaturik gaudela eta bestea jasotzeko ez. Bertsolaritzak nolabaiteko heziketa (eta bakoitzak ikus beza nolakoa) eman diola herri honi. Bertsolaritza estetika batean geratu dela eta ez duela aurrera egin. Bertsolaritza utilizatzen bada abertzaleon batasuna hautsi delako dela; eta ze ondo denok hemen euskara ikasten, gure arteko gauza berezia eta ohitura zaharra delako!

        Etabar, etabar... Esate bateko, bertsolaritza jolas bat baino ez dela, eta kritiko jakintsu batek dioenez: un arte cuyo fin es entretener, no deriva su fuerza o su valor ni del tiempo que entretiene ni de la calidad de las almas que entretiene, porque entretener no lleva implícito ningún valor".

        Neure iritzia, gutxi gorabehera, honelatsukoa da. Txirritarekin bukatu zen bertsolaritzaren zabaltasuna, naturaltasuna eta irudimena. Hari txanda hartu ziotenek "gizalegetu" egin zuten bertsolaritza, kasik bide bakar bateraino murriztuaz bere ugaritasuna, bizitasuna eta askatasuna. Orduntxetik hasi zen bertsolaritzaren degradazioa gero areagotzen joan da "teknifikatu" eta "nazionalizatu" dutenekin. Haiek eta hauek ere "bertsolaritza sekula baino osasuntsuago dagoela" esaka dabiltza. On dakiela. Nik ez dut sinistu nahi horrelakorik. Nahi duenak sinets beza.

 

        ARGITASUN BATZUK, ZERBAITETARAKO BALIO BALEZATE

        Neure etxean, han eta hemen neure eritzi zirtzilak ematen hasi naizenetik, antibaskotzat eta nik ez dakit zertzat gehiago jo nauten. Gauza bat: nik ez dakit zer den basko edo antibasko izatea. Ni euskalduna naiz eta punto. Eta euskalduna edo beste edozein herritakoa izanen banintz bezalaxe, naturaltasun osoz bota nahi nituzke neure eritziak. Batere konpasiorik gabe. Herri honetan, lehen ere, geure buruaz konpasio gehitxo izanak galdu bait gaitu. Egia da konpasioak pobretu eta miserabletu egiten duela aurrean harrapatzen duen guzia, eta guri ere halaxe gertatu zaigu. Bai, oso sentimendu bertardoa da konpasioa: umorea ere ukatu egiten bait du, seriotasun faltsu betetan erortzeko.

        Ez dakit seguru nork esana den bere buruaz far egiten ikasten ez duen herria, herri hila dela. Beraz, zalantzarik ez dago gu zer garen. Txarrena zera da, herri honen gorpu hilari gainetik labankazoka ari nahiago dutela batzuren batzuk oraindik. Ni bestelakoa naiz, baina, ez horregatik antibaskoa. Argi gera bedi hori.

 

        BASKOENTZAKO ERANTZUN GRAFIKOA

        Duela hilabete inguru, itzulpen lan batzuk egiten ari nintzela, mosaiko arabiarretan oinarrituriko bi litografi xinple baina iradokor suertatu zitzaizkidan esku artean. M.C. Escher artista holandarrarenak dira biak, "ene lan guztiak jolasak dira, jolas serioak" esaten zuen artista batenak, hain zuzen ere. Bata zein besteari luzaroan egon nintzen begira. Eta azkenean, oso interesgarriak zirela iruditu zitzaidan, hain baskoak, hain txintxoak eta hain santutxoak direla uste duten zenbait euskaldunentzako. Berek jakinen dute nor diren. Dena den, nik proposamen hauxe eginen nieke: eros ditzatela bi litografi hauetarik kopia bana, eta jar dezatela bata "Jesukristo Gurutziltzatuaren" ordez eta bestea "Ama Birjinaren" ordez beren koartoko paretetik txintxilik, eta begira ditzatela gauero oheratzerakoan eta goizero jeikitzerakoan.

        Autoreflexioarako guztiz aproposak lirateke baskoentzako.

        "Zerua eta infernua" deitzen den honetan, aingerutxo txuriek eta xaguxar itxurako demonio beltzek ezin hobeki osatzen dute elkar. Irudiak, denak berdin berdinak dira, eta erditik bazterretara urrundu ahala ttipitu egiten dira, azkenean, zein zeintzu diren bereizi ezinean desagertu egiten direlarik. Mundu biribil honetako gure parodia azaltzeko gauza xinpleagorik eta zehatzagorik egiten ez da erraz; baskoak ez badira behinipein salbuespen.

        "Eguna eta gaua" delako irudi simetriko honetan, ezkerrak eta eskuinak bata bestearen ispilu dirudite kasik. Bestalde, behetik goruntz, begirada urrundu ahala, lurreko alor zati koadratuak hegazti bihurtzen dira. Hegazti zuriak gau iluneruntz doaz; eta hegazti beltzak egunargiruntz. Zoragarria benetan! Baskoek non ikusten ote dute beren burua grabatulan misteriotsu honetan?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.