L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-10 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ipuina

 

Penelope

 

Behin batez bezegoen herri txiki batean "Haizea" izeneko oso neskatxa polit bat. Mendira joan ohi zen jolastera eta han zuhaitz artean eta erreka ondoan ematen zituen orduak.

        Neskatoaren edertasuna handia zen eta horrexegatik herriko emakume zahar batek beraren inbidia zuen. Emakume hau sorgina omen zen, baina inork ezin zuen inoiz frogatu.

        Arratsalde hartan gure neskatila mendira joan zen egunero bezala, eta gehien maite zuen tokira heldu zenean, eseri eta erreka ikusten abesten hasi zen.

        Honela eman zuen ordu erdi bat baina bapatean txorien kantuaren artean pausoren hotsa entzun zuen. Aurpegia itzuli zuen eta han, zutik, herriko emakumerik itsusiena ikusi zuen. Begiak oso zabalik zituen eta ahoan irribarre horzkabeko bat.

        Lehenengoan gure neskatxak beldurra sentitu zuen eta ezer esan ezin zuela geratu zen. Emakume zaharra ahots dardartsu batekin hasi zen:

        "Kaixo txikia!, ez duzu beldurrik sentitu behar. Ni ez naiz esaten duten bezain gaiztoa. Eta frogatzeko, hona ekarri diot panpinarik politena neskatorik politenari. Har ezazu!, zuretzat da".

        Eta hau esanez, panpina guztiz eder bat eskaini zion neskari. Haizeak ikusi orduko arras harriturik geratu zen. Inoiz ez bait zuen izan holako panpinarik ikusi. Begiak berdeak zituen. Soineko arrosa polit bat zeraman eta bizkar osoa estaltzen zion ile orian lore beltz bat.

        "Baina —jarraitu zuen emakumeak— berarekin jolasteko bi baldintza besterik ez dituzu bete behar. Lehena, panpinari zure izen berbera jarri behar diozula da; eta bigarrena, zera da: gaur baizik ez duzu jolatuko berarekin. Gero nirea izango bait da berriro".

        Haizeak ez lukeela ezer galduko bi baldintza hauek betetzegatik pentsatu zuen, eta irribarre izukor batekin baietz esan zion emakumeari. Poliki-poliki hurbildu zitzaion eta bere esku txikietan hartu zuen oparia. Eta zera esan zion bere lagun berriari: "Haizea da nire izena, eta hauxe izango da zurea ere. Zu eta biok arratsalde osoan jolastuko dugu". Neskatilak ez zuen ikusi emakumea handik alde egiten begietan distira sakon bat zuelarik. Eseri zen lurrean eta bere aurrean portzelanazko lagun berria jarriz mintzatzen hasi zen, aurpegi eder hartatik begiak jaso ezinik: "Zu zara orain loreen erregina eta horregatik nik eginen dizudan lorezko koroa eraman beharko duzu". Mimo handiz egin zuen eta panpinaren buruan jarri zuen arretaz. Gero lagunaren itxura berriari begiratu zion luzaro eta bapatean oihu egin zuen: "lore ederrek uraren behar handia dute gero eta politagoak egoteko". Hau esan ta gero, soineko arrosa kendu zion eta ur gainean utzi zuen honek emeki-emeki eraman zuen konturatu gabe. Kontuz bera ez erortzeko, uretara botatzen zuen panpina korrontearen aurka, eta urak poliki-poliki hurbiltzen ziola hartzen zuen, eta berriro botatzen zuen.

        Denbora pasatu zen eta gauak basoko zuhaitz guztiak estali zituen bere eskuez.

        Gau hartan "Haizea" izeneko neskatila ez zen bere etxera joan: Aita-ama zeharo urduri zeuden eta herriko jendeari eskatu zioten bere umetxo maitia bilatzen laguntzeko. Pertsona asko atera ziren beren etxeetatik mendira joateko, eta han ibili ziren ordu batzutan; baina denbora poliki-poliki pasa izaten zen eta hotz haundiegia egiten zuen; gainera ez zegoen ilargirik eta ezin zuten ia ezer ikusi.

        Guzti hauetatik egunabarrean gurasoak besterik ez ziren geratzen oihanean zehar ibiltzen. Denek alde egin izan zuten.

        Egunsentia baino pixka bat lehenago neskatilaren jantzia ikusi zuten erreka erdian zegoen harri batetan. Eta eguzkiaren lehenengo printzekin aurkitu zuten haurtxoa. Itto egin zela pentsatu zuten. Belarrean gainean zegoen biluzik. Ile orian lorezko koroa bat zeraman eta haien artean nabarmentzen zen beltza zelakotz bat zegoen.

        "Ez al du ematen loreen erregina?" esan zuen aitak malkoak gorde ezin zituelarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.