L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-11 (1988-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Gauzen matxinada

 

Pere Calders

 

euskaratzailea:
Joakin Balentzia

 

Bere hasieratik fenomenoa aztertzea posible izan balitz, aurkituko zen dena zerraila eta etengailuen greba batez hasia zela. Ateak ez ziren ireki edo ixten, kontrolatzeko proportzio zailak berehala hartzen zituzteneko alarmak sortuz. Etengailuek ziruditen nahierarako konsigna bati obeditzen ziotela, aldi batzutan funtzionatzen edo piztuta aparailu bat uzten bai zuten eta bestetan ez bait zuten martxan jarri nahi.

        Gertakizunak mailaz maila sortzen ziren, tentsio eta paroxismozko aldiak norbaitek maltzurki erregulatu nahi bazuen bezala. Idazluma estilografikoek isuritzen zuten bere tinta edukia papera ukitu bezain laster, edo poltsikoetan hustu eta dokumentuak karteretatik ateratzen ziren, lohidura goseki bilatuz. Honako gertakizun bakoitzak, berak bakarrik, denok ezagutzen ditugun tragedia nimiñoak sortuko zituzkeen. Baina pilatzean, gauzen matxinadaren eguna giza superbizipena mehatxatzen zuen hondamendi bat bihurtu zen.

        Karriketan ikusten ziren hiritarrak espaloietan eserita, arropa solterik, gorputzari piezak atxikitzen zizkioten botoi, gerriko eta elastikoek bapatean bere funtzionaltasuna abandonatzen bait zuten, haragi arrosa eskandalu publikoari eskainiz. Oinetakoak ustekabean askatzen ziren eroraldiak sortuz; granito eta zementuaren hurbiltasunak arriskutan jartzen zituen buruezurrak inportantzia haundiko koipeez. Noizean behin, norbait balkoira irteten zen txunditutako itxuraz eta eskuak bigunkari eta engranaiez beteak, erloju bati korda ematen saiatu edo elektrodomestiko bat martxan jarri nahi izan zuelako eta makina eskuetan materialki desegin zitzaion. Automobilista anitz deskontzertaturik, bolantea besapean eta begirada galduta, oinez, prosopopeia motorizatutik oso urruti, noraezean zebiltzan. Txiskero eta poxpoloek, denok batera, huts egin zuten, eta erretzaileek (zigarro bat pinten krisialdiari aurre eman nahi zutenek) babesgabetasun aire haundia zuten.

        Kuriosoa zen mundu naturala ez zela akitzen. Alderantziz: eguzkia eta udaberriko haizetxoa, urtaro konplitzaile baten gauza propioak, baziren. Produktu manufakturatuen akatsa besterik ez zen, bere historiaren atal luzeetan zehar gizakiak behar ez zituzten eta zuhurkeriaz eta pazientziaz asmatzen aritu izan zenak.

        Arratsalderdian —gutxi gora behera diot ordu zehatza aurkitzea erraz ez zelako— iturriak, tapoiak eta ontzien kapsula metalikoak batu zitzaizkion mugimenduari, objektuen matxinadari zegokion aldakortasunarantzko joeraz. Likido batzu etengabe isuri eta bestetzu deposito eta tutuerietan geldirik geratzen ziren, lehortasun edo blaitzeaz jendeari kondenatuz. Guztiak nahasketa haunditzeko balio zuen, denok batera eztena sartzean, eltxo saldo batek izugarrizko efikazia erakusten zuteneko gauza xumeei ere bai batasunak ematen dien indarragatik. Kristalak pixkanaka-pixkanaka lurrintzen ziren, korapiloak desegiten ziren, goilarek unten zuten platera eta ahoaren artean zopa erortzen —esaera zaharrean bezala—, sokak eta kordelak, zegozkien misiorik konprometatuetan, hausten ziren. Gurpil anitz, kaos orokorrean, alderantziz arrodatzen ziren eta mailuek, iltzeen burua bilatu ordez, deskalabru gutxiagorekin aski ere izanen zuketeneko langileen hatzetan jotzen zuten. Kola industrialak, data zehatzaz akitzen zeneko kontratu zurrun baten pean izan balira bezala, kolatzeko ahalmena supituki galdu zuten, torloju eta tuerkek lagundurik, haltzariak gisako patxada batez, baina zaratotsez ere bai, desegiten ziren moduan. Eta ez haltzariak bakarrik, noski, aplikazio anitzetakoak direla kola industrialak jakiten bait da.

        Gauzek kirrika egiten zutela (gutxi, egiatan) jendeak somatzean, erabat izutu zen, zementuak porrot eginen zueneko ordu haietan hainbeste justifikatutako beldurragatik. Denok irten ziren kalera, jantzita zeramaten gauzarekin bakarrik, eta, gainera, janzkera eskuez eutsiz, modestia faltsuak miseriak deitzen dituen estrukturak ez erakustekotan. Ilada eskergak eratu ziren, mendirako bidea hartzen zuen jendetza, naturara itzultzeko instintuak gidaturik. Hiruzpalau solasgaik animatzen zuten martxa. Erostak ziren lehenbiziko postuan, kejatzeak esfortzu haundirik ez bait du behar, eta gero ziren gaurkotasunezko galderak, itzelezko interes publikoarenak. Perturbazio hura lokala ala internazionala zen? Ezin zuten jakin izurriteak mota anitzetako komunikabideak zerbitzuz kanpo paratuak bait zituen eta, beste aldetik, aurreko egunez geroztik ez ziren bidaiaririk ailegatzen: aireportuak hutsak, geltokiak soilak, errepideak ibilgailurik gabe ziren.

        Talde ikasiagoek hipotesiak egiten zituzten, adibide gisa, hura zetorrela ikusten zela, herri subdesarrollatuen sukar industrializatzailea eta erreflexiorik gabeko prosperatzeko presagatik. Ez zen harritzekorik —bertsio honen arauera— kalitate kontrolik gabe egindako gauzak batera hondatuko zirela.

        Naturara itzultze presazkoa porrot bat izan zen. Gizakia belarra ezagutzeaz ezohitua zen, ez zituen bereizten ona eta txarra eta ezin zuen garantiez bazkatu. Ehiztaria ere (oro har) ez zen, ur bilatzaile ona ezta ere, afrontuarekin gaizki adaptatutako izaki bat bihurtua zen eta, farmaziak hurbilak ez baziren, denak bihotzerre sortzen zion eta dena zornatzen zitzaion. Aste gutxitan heriotza asko izan ziren. "Jakina da", zioten biziek. "Hau da natur hautapen tipikoa: krisaldi gogor momentuetan, ahulak desagertzen dira". Ideia honek uzten zien mamiki lasai, naturak hautatzen zekiela kontsideratzen zuten. Eta espekulazio bilogiko fase batean sartuz gero, ugaltzeko komenientziara ailegatzeko pentsamenduekin ongi moldatzen ziren. "Espeziearen kontserbatzio instintuak erotuta ibilaraziko gaitu", zioten, posibilitateak kezkatzen dituela hipokritaki itxura emanez. Emergentzia egoera kontsideratuz, baztertu zuten moralaren oztopoa, geroago, lasaitasun gehiagoz, portaera babestuko zuten legeak moldatzeko garaia izanen zutela konbentziturik.

        Izan ere, artisautzaz eta oro har eraikuntza lanez desenganiaturik zirenez gero —inor ez zen dagoeneko industriaz fidatzen— aritu izan ziren guztiz ugaltzen maniarik gabe, basako eta axolagabeko era batez. Eta azken finean, konturatu ziren hainbeste makineria behar gabe horrek anitz olgatu eta dibertitzen gintuela.

 

* * *

 

        Gauzen porrotak probokatu zuen ahozko transmisioaren bidez gertakizunak kondatzea. Baina kronikalari setatiren bat saiatu zen, azken momentura arte, bizitzen zuen historia idazten. Iraunkorrenetarikoak utzi zuen orri puska bat hilondoko mekanografiaz:

        "Hondamendiaren erdian herriko (eta nork daki atzerrikoak ere) luma guztiak, boligrafoak, lapitzak eta idazmakinak, ezgauza geratu direnean, zorte haundia dut, nire idazmakina mugikorra ongi dabil eta hauetako gertakizun apartak, laburki, oraino aipatzen utzi nau. Zortea ere badut (agian haundiagoa) nire sekretariaren leialtasunarekin, neska azkarra, itxura onekoa eta oso guapoa, pasatzen dugun denboralean laguntzen didana.

        Oraintxe bertan ohartzen naiz tekla batzu gogortzen ari direla, ataskatzeko zorian izanen balira bezala. Hala ere, bestetzu hasi dira oso zabal ibiltzen, urrak dantzan bezala, beraien artean libra esterlinen zeinua, ez dakit zergatik paratzen duten.

        Teklak... Bagara! W13kiuu Ez dut denborarik izanen hori qq8& 6zz Gaitzerdi geratzen zaidala sekretawzy yyutubb?? rkjoooo"

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.